Izenburua:
Nire aita etxekoandrea da, eta zer?
Idazlea:
Silvia Ugidos
Ilustratzailea:
Mikel Valverde Tejedor
Itzultzailea:
Joxan Ormazabal
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
2000
Bilduma:
Eta zer?
Orri kopurua:
32
Laburpena:
Lucilaren aita ez da irakaslea, ez da arotza, ez da taxista... Lucilaren aita etxekoandrea da. Badaki tarta goxoak egiten, badaki arropak garbitu, zabaldu eta lisatzen. Baina batez ere bere ingurukoak zorintsu egiten daki, ipuinak kontatzen, dantzan, bihurrikeriak egiten... eta bere seme-alabei eskolako lanetan laguntzen daki. Oso pozik dago Lucila bere aitarekin. Hasieran bai, baina orain Lucila ez da lotsatzen bere aita etxekoandrea dela lagunei esaten.
Prentsako aipamenak:
- Ana Urkiza, Egunkaria 2001eko otsailaren 10a Elkarlanean argitaletxeak konplexuak uxatzeko edo ezberdintasunak modu baikorrean hartzen edo ulertzen jakiteko asmoz sortu duen Eta zer? bilduma berriko liburuetariko bat da Silvia Ugidosen hau. Idazle austriarrak, ipuineko pertsonaiaren ezberdintasun edo berezitasun bat jarri beharrean kontakizunaren ardatz, etxeko zereginak oraindik ere emakumeari dagozkiola pentsatzen duen gehiengoaren ustea du eztabaidagai: Lucilaren aita etxekoandrea da.
Eskolan aitaren lanbideari buruzko idazlan bat egiteko eskatu diote. Lucilak bere aita etxekoandrea dela esaten duenean, gelako guztiak barrezka hasi zaizkio. "Hobe espazioko superasioa dela esan banu...", pentsatzen du lehenengo. Baina berehala gogoratuko du aitarekin oso ondo pasatzen duela etxean: tangoa dantzatzen irakatsi diola, pastelak eskurik gabe jaten, haizea nondik datorren azaldu diola, errezetekin ipuinak egiten... Idazlana, azkenean, aitarekin bizitako pasarte gogoangarriekin osatuko da.
Egituraketa klasikoari erantzuten dion ipuin biribil hau lau ataletan osatu du Ugidosek. Lehenengo atalean, arazoaren planteamendua egiten da, eta planteamenduak eskolan du leku. Aitaren lanbideari buruzko idazlan bat egiteko eskatu diote Lucilari, eta aita etxekoandrea dela esatean, aita Marisukalde bat dela esango diote. Bigarren atalean, aitaren lana zertan datzan eta Lucilak aitarekin duen harremanaren deskribapena egiten da. Atal hau etxean kokatzen da. Lucilaren deskribapena oroitzapenean oinarritzen da: tangoa dantzatzen eta pastela esku gabe jaten ikasi zuenekoa, soinekoa erori zitzaionekoa, haizea nondik datorren azaldu zionekoa, errezetarena... Hirugarren atalean, aitaren lanbideari buruzko balorazioa egiten du Lucilak. Aita zoragarria dela konturatzen da eta etxekoandre izatea gogorra dela. Laugarren atalean, Lucilak idazlana eskolan irakurtzen du. Atal honek ere eskolan du leku.
Bi pertsonaia dira nagusi Ugidosen ipuinean: aita eta Lucila. Neba, katua, auzokoa, ikaskideak eta abar aipatzen diren arren, gorputzik gabeko pertsonaiak dira. Amaren figura, ostera, ez da agertzen. Ez da aipatu ere egiten. Segur aski, idazleak nahita aldera utzitako elementua izanen da: idazlearen ekarpen nagusietariko bat, zalantzarik gabe. Aitaren lanbidea, normalean amek betetzen duten rolarekin konparatu beharrean, gainontzeko umeen aiten kasuarekin konparatzen du. Hau da, Lucilaren ustez, beste umeen aitak etxera oso nekatuta itzultzen dira, eta ez dizkiete ipuinik kontatzen. Gizonezkoaren papera du idazleak mintzagai eta ez emakumearena.
Ipuina Lucilaren habitat naturalean kokatzen da: eskolan eta etxean. Eskola izango da arazoa planteatzen zaion lekua, eta etxea, ostera, arazoari erantzuna aurkituko diona.
Ipuin honetan Silvia Ugidosek egiten digun beste ekarpen bat honako hau da: aitak, memento batean, lana ondo egin behar dela dio; lanbideak ez du inporta. Lucilarentzat, ostera, lana ondo betetzearen kontzeptupean bi ideia daude: eginbeharra edo betebeharra batetik (aitak nahiko ondo egiten duela dio), eta hurbiltasuna bestetik (arrazoi hauxe benetan baloratuko duena). Lucilarentzat etxekoandre izatea ez da ez da etxearen ardura eramatea bakarrik. Etxekoandre izatea horren barrruan ulertzen du Lucilak aitak berarenganako duen begirunea, kontaktua, harremana, elkarrekin bizi dutena, etxeko berotasuna... Hau da, etxekoandre izateak etxeko giroa zaintzea esan nahi du. "Aita batzuetan oso nekatuta ikusten dut" dio, baina halere, ipuinak kontatzen ditu. Eta azken finean, horixe da beste gauza guztien gainetik baloratzen duena. Ugidosek, beraz, lerro artean utzi dituen esaldien bidez, etxekoandrearen figura definitzen duen ideia hurbiltasuna dela diosku, eta ez sexua. Lucilak ez du behin ere esaten bere aita gizona denik. Sexuak ez dio inporta.
Irakurtzeko eta ikusteko
Liburuaren azalak edo estetikak argitaletxearen helburu pedagogikoa trasmititzen duela dirudi, eta aipagarria da kasu honetan Mikel Valverderen marrazkiei emandako protagonismoa. Testua ezker orrialdean eta marrazkia eskuinean kokatzen da, eta marrazkiak testuak adina espazio betetzen du liburuan.
Irakurterraza eta amen batean irensteko liburua, bai Lucilaren gogoeten kateatzea oso modu egokian eginda dagoelako, bai Mikel Valverderen marrazkiak ia-ia testu gabe uler daitezkeelako.
Zalantzatxo bi planteatzen zaizkio hala ere irakurleari ipuina irakurri ondoren: etxekoandre eta etxekogizon behar luke Lucilaren aitak izan? Silvia Ugidosek etxekoandre terminoa ez zuen propio aukeratu bada, eztabaida pizteko?