Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Nerabearen biluzia

Idazlea: Xabier Mendiguren Elizegi

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1999


Prentsako aipamenak:

- Joxemari Carere, Gara Balorea behar da nork bere bizitzaz publikoki hitz egiteko. Nik behintzat hala ikusi izan dut biografiak irakurtzean. Baina beste baten bizitzaren gorabeherak jakitea erakargarria da, are gehiago ezaguna baduzu. Bikilaren "Borrokaren Gorrian" idazlanarekin gertatu zitzaidan, eta Xabier Mendiguren Elizegiren "Nerabearen BIluzia" liburuarekin ere. Azken honekin, beharbada, loturak txikiagoak dira, baina belaunaldi berekoak izateak baditu komunak diren gauzak. Transizio garaian mundura agertzea, euskal gizarte sutsuaren erdian nahigabe egotea, F ereduan hezitako euskaldunak izatea, kaletarrak. Eta, jakina, 15-18 urteko gazte baten barru zein kanpo gertaera ohizkoak, alegia, lehen maitasuna; lehen, bigarren, hirugarren mozkorraldiak; norberaren sexualitatearen aurkikuntza; munduarekiko jarrera kritikoa; eskolaz kanpoko ezagutze bideak probatzea. Beraz, beasaindarraren azken lana irakurrita, aitortu behar dut halako hainbat oroimen etorri zaizkidala. Ni ere EGANen zalea nintzen eta berbenaz berbena nenbilen koadrilarekin, inor ez da perfektoa.

Baina kezka sortu zait Mendigurenen liburua irakurri ondoren. Hain zaharrak ote gara? Bizitzaren errememorazio gisa, biografiak ez al dituzte, bada, bizitzaren azken txanpan daudenek idazten? Nik behintzat horrela ulertu izan dut beti, nahiz eta onartu oker egon naitekeela. Lagun batek esaten dit berrogeitarren klubean sartzen ari naizela, eta beldurrezko film baten argumentua iruditzen zait. Izan ere, oraindik ez baitut seme-alabarik, ezta nirea den etxerik, ezta lan finkorik ere (bueno, hau ez dator adinarekin bat, badakit). Porroak erretzen jarraitzen dut eta zerbezak grinatsu edaten. Galtzetan zuloak ditut eta nire gela desastre hutsa da. Nire erosketak anabasa dira. Hogei urte beteta ez dutenekin uste dut zertaz hitz egin badakidala eta, gainera, gogokoa dut oraindik Txanogorritxu ipuina. Gaztea naiz eta...! Hala ere, hori nire pertzepzioa da eta ez ordua ia berorreka eskatzen didan gaztetxoarena.

Kontuak kontu eta zimurrak zimur, esan behar dut liburua erraz irakurtzen dela. Idazle beasaindarrak irakurlea aurrean balu bezala kontatzen ditu bere nerabezaroko pasarteak, zintzotasunez eta konplexurik gabe. Erabiltzen duen estiloa ere nahikoa zuzena da, eta horrek lagunartean sentiaraziko du bere azken lanera hurbiltzen dena. Hizlari jaioa denaren froga. Ederki islatzen ditu sasoi hartako ezinegonak eta kezkak. "Gaztea beti gazte" esan ohi da, eta, denborak aldatu ere, gaztearen kezkak antzekoak izango dira gure gizartean. Hausnarketa sakonetan ez da sartu, gehiago islatu ditu orduko gertaerek sortarazitako sentimentuak. Pelikuletan esaten den bezala, edozein ikusle-irakurleentzat aproposa. Nolanahi ere, une batzuetan falta izan dut urte haietako gizartearen korapiloa azaltzea. Jakina, berak idatzi du liburua eta berak egin du aukeraketa, baina orduko su eta garren isla falta izan zait. Beharbada Oreretakoa izateak baldintzatzen du iritzi hau, baina neuk indar handiagoaren beharra ikusi diot.

Laburbilduz, gustura irakurriko duzuen liburua.
- Gara, Oroitzapen liburua

Euskaraz oso gutxi landu den generoa da oroitzapen liburuarena. Idazlea bera ere ez da bizitza oparo eta luzea gogoratzen hasteko bezain zaharra, baina aitorkizun-liburu bat egin du oraingoan. Zehatzago esanda, berak 14-18 urte zitueneko garaia oroitu eta kontatu digu, 1978-1982 bitartekoa hain zuzen ere. Zalantza garaia izan ohi da adoleszentzia edo nerabezaroa, eta giro horretan sartu da Mendiguren, orduko bere duda-mudak, beldurrak eta ezinak modu aski gordinean plazaratuz. Hortik dator liburuaren izenburua, alegia. Aldi berean biluzte-ekintza eta gaztetxoaren ziurgabetasun egoera adierazten dituena. Garapen eta heltze prozesua ere bada nerabearena, eta haren bilakaera kontatzen digu egileak, hainbat alorretan: erlijioa, politika, amodioa, literatura... Idealismo laņoa eta zinismo goiztiarra eskutik helduta doaz liburuko pasadizoetan, etengabeak dira kontraesanak eta baita mundua lehenengoz ikusten duenaren deskubrimendurik ere. Oroitzapen liburuek bi xede izan ohi dituzte: batetik, egileak bere barrena hustu eta erakusten digu; bestetik, norbearen indibidualtasunaren azpitik denok batzen gaituzte lokarri ezkutuak ere antzeman ohi ditugu, eta, alde horretatik, asko izango dira pasarte batean edo bestean identifikatuta sentituko diren irakurleak, dela alderdi pertsonaletan dela soziologikoetan. Mendigurenek, azken liburu honetaz gain, haur-literatura eta antzerki ugari idatzi ditu. Gazteentzat zein helduentzat ere hainbat liburu ditu kaleratuak idazle gazte honek.


Nerabearen biluzia