Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Naian

Idazlea: Nerea Loiola Pikaza

Ilustratzailea: Jon Aranguren Oliden

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2022

Orri kopurua: 36

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek desberdintasunak eta aniztasunaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du. Zer da normala, eta zer ez? Zein da buruz behera edo atzekoz aurrera dagoena? Eta norbait betirako desberdina bada, zer?

Naian izeneko ume berri bat etorri da eskolara eta guztien esanetan desberdina da. Narratzailea Naian-en gelako ume bat da, eta ez du ulertzen zergatik esaten duten Naian ez dela gainerakoak bezalakoa, berak ez dio-eta ezer arrarorik ikusten. Zurrumurru ugari entzun ditu, horietako asko beldurgarriak eta sinesgaitzak. Berak gauza positiboak ikusten dizkio Naian-i. Azkenean, esamesen haria hautsiz, Naian-engana hurbildu, bere parean jarri, eta zuzenean galdetzen dio: “Naian, zergatik zara desberdina?”, “Buruz behera zaudelako?”. Naian-en erantzunak hausnarketarako bidea ematen du.

Jon Arangurenen ilustrazioak ordenagailuz eginak daude. Psikomotrizitate gelan hasten da kontakizuna, eta hortik aurrera zapatila batzuk baliabide grafiko bihurtzen dira, txutxu-mutxuek ere lokarri itxura hartzen dutelarik.

Bai liburuaren azalean, eta baita bukaeran ere, liburuari fisikoki buelta emanez gero, zer pentsatu ematen du: zer da buruz behera dagoena?

Naian-en izena ere palindromoa da, aurretik atzera eta atzekoz aurrera berdin irakurtzen baita. Kontakizunean zehar ere, txutxu-mutxuen aurkako konjuru moduko batzuk palindromoen bidez aipatzen dira, Abere ba liburutik atereak.


Naian