Izenburua: Musu lapurra
Idazlea: Xabier Etxaniz Erle
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena
Argitaletxea: Aizkorri
Urtea: 2001
Bilduma: Mendi Sorgindua
Orri kopurua: 36
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Idazleak guraso baten esku utzi du istorio honen narratzaile papera. Gurasoak esaldi ezberdinen bidez, pertsona batzuk hainbat gauza egitean zoriontsuak direla aipatuz hasiko da: «jaietan gaueko suak ikustean», «gure kaleetan barrena ibiltzean»... Bere alabari hitzegiten dion heinean, elkarrekin egiten dituzten gauzak egiten ere beraiek ere zoriontsuak direla azaltzen dio, lehen aipatutako ekintzak beraien ingurunean islatuz: «gaueko suak elkarrekin ikusten ditugunean», «gure kaleetan gora eta behera ibiltzen garenean»... Azkenik, gurasoa bera erabat zoriontsu egiten duen une baten aipamena datorkigu: «gaueko musua lapurtzen dizudanean».
- Laura Sagastume, Behinola 5. zenbakia, 2001eko aendua i letraren puntua
Nonbait, uste dugu Cyrano de Bergerac-enean, irakurri genuen musua maitasun hitzaren gainean, zehatzago esanik, maitasun hitzaren i letraren gainean dagoen puntutxoaren antzekoa dela: gauza ttipia, gauza hutsala, eta hala eta guztiz ere gure bizitzetan oso garrantzitsua. Eta badirudi Xabier Etxaniz eta Patxi Zubizarreta ia aldi berean ohartu direla gauza hutsal baina, aldi berean, oso garrantzitsu horretaz, izan ere denboran bateratsu argitaratu baitute musuei buruzko liburu bana, biek, sintonia areagotzeko, Jokin Mitxelena ilustratzailearekin.
Xabier Etxanizek eskainia zigun azken lana (Geure ipuinak, Pamiela, 2000) bilduma eta aukeraketa zen sorkuntza baino gehiago, baina Musu lapurra honekin berriro datorkigu sorkuntzaren mundura (ez ditzagun ahaztu haren Patxiki edo Nire belarriak —Elkar— bezalako liburuak). Itzulera oso minimalista da eta irakurlea ohar daitekeenez, sortutako testua erraz sar daiteke orrialde bakar batean, beharbada narraziotik baino gehiago edaten duelako poesiatik. Hala ere, bere laburrean testu ederra da, paralelismoan eta progresioan oinarritua, hitz baten inguruan (zoriona) eratua, hitz bakar batzuetan doitua, eta musua bezalako maitasun keinu —puntu— intimista batera garamatza.
Patxi Zubizarretak, ordea, apenas egin duen etenik bere sorkuntza lanetan, eta bere testua ere erraz sar daiteke orrialde bakar batean, are gehiago laburtuz orain arteko ipuin ttipietan, Marigorringoak hegan (Edebe-Giltza) edo Ostiraletako opila (Elkarlanean) lanetan, hartua zuen bidea. Baina Musuka ez da ez narrazioa ez poesia, musu sailkapen propio bat baizik, eta hala ere badu narraziorik, badu poesiarik, eta hori Jokin Mitxelenaren marrazkiek ematen diote, musu sailkapen horren atzean benetako gidoi bat balego bezala. Eta gidoi horretan, musuen atzean bilakaera bat antzematen da: neska protagonistak ikasi egingo du, hazi egingo da musuen bidez eta, azkenean, besteak gustura edo behartuta musukatu ondoren, bere buruari emango dio musu, besteei musu emateko ezinbesteko baldintza bailitzan.
Baina, esan bezala, Jokin Mitxelena izan da biluzik eta hutsik gera zitezkeen bi lan hauek janzteaz arduratu dena, bikain arduratu ere. Eta nahiz eta bi lanetan antzekotasunik (besteak beste, aita batean aspiragailuarekin eta bestean erratzarekin agertuko da) eta estilo beraren zertzeladak (igelak, arrainak, aterkiak…) antzeman, liburu bakoitzari josi eta jantzi dio bere soineko eder propioa, hartara, enperadoren ipuin hartan bezala, ia ikustezin gera zitezkeen bi ipuinak ikusgarri bihurtuz.
- Mondragon Unibertsitateak argitaratua “Gauza txikiak ederrak dira” dio esaerak. Halaxe gertatu zaigu ipuin honek kontatzen digun istorioarekin: zorionaren sentimendua, musuen gozotasuna handia bihurtu zaigula.
Bai, hala da, ipuin jostalaria da. Zoriona hitza ardatz hartuz, irudiekin dantzan ariko gara. Testua eta ilustrazioak ezin hobeto orekatuak, bata bestea gabe ulertezina, biak ondo zizelkatuak, gozarazteko jokoa. Ipuinaren tonua intimista da, musikala. Eguneroko gauzei erreparatzen lagundu dezakeen ipuina; egunerokotasunetik aldenduko gaituena, plazerra eta poza sorrarazten dizkiguna.
Oso ipuin aproposa haur txikiei irakurtzeko, erakusteko eta helduei ere opari gisa emateko, eguna alegeratzeko baita.