Izenburua: Mintzo naiz isilik
Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea: Lorena Martínez Oronoz
Argitaletxea: Elkarlanean
Urtea: 2001
Bilduma: Dona-dona
Orri kopurua: 230
Adina: 8tik gora
- Mondragon Unibertsitateak argitaratua Honela diosku Juan Kruzek hitzaurrean: “...Igarkizuna abstrakzio-ahalmenaren sorburuetako bat da, haurra zazpi urtetik aurrera, gutxi gorabehera, garatzen hasten den pentsaera logikoaren laguntzaile...” Eta jarraitzen du esaten igarkizunak bizitzaren ispilu direla, “bizitza bera igarkizuna baita, igarri nahiak errealitatearen esploraziora bultzatzen baikaitu, hizkuntzaren funtzio poetikoa eta jolasa bateratuz, erritmoa eta metafora bilduz, hitzaren zehaztasuna landuz...”.
Izan ere, liburu honetako igarkizunetan zerbait baldin badago, hori metafora baita: metafora han eta metafora hemen, metafora leku guztietan. Alde horretatik, liburua oso interesgarria gerta daiteke, metaforaren mundu poetikoan hasteko, edota hitzaren zeharbideko labirintoetan galtzeko. Galtzeko eta aurkitzeko, noski: hitz berriak, alajaina!
Juan kruzen igarkizun guztiak berriak dira eta haurrekin jolasean asmaturikoak: dela janaria edota animalia, dela landarea, jantzia edota gorputzeko atala. Hori bai, batzuetan hain dira landuak eta abstraktuak, non iruditzen baitzaigu nahiko zail gertatuko zaizkiela hamar urtetik beherako haurrei. Dena den, erantzunak emateko era (azkeneko orrietan) oso orijinala iruditu zaigu.
Liburuaren diseinua, bestalde, guztiz azpimarragarria da: koloretako orri ezberdinak tartekatzen dira arnas hartzeko espazio zuriekin batera.
Eta orain, Juan Kruzen hitzetan esan dezagun, “Isiltzera goazela. Geuk ere, igarkizunek bezala, esan nahi baikenuke esan gabe, eta bihurtu nahi baikenuke zure jakin-minaren bidelagun”.
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Poesia handia txikientzat
Bada poesia klase bat, askotan, xalo eta xumea, jolasteko eta denbora-pasarako izateagatik, poesiatzat hartzen ez dena, igarkizuna hain zuzen. Gainera, ez dut uste luze eztabaida daitekeenik igarkizunaren poesiaz, hitza baliabide izanik, hitzaz haratagoko lurraldea baitu helburu. Hitza sorburu du, hitza iturri, eta hitza oinarri eta funtsa, baina ez da hitza azken muga, irudia baizik. Igerabidek berak azaltzen digu sarrerako testu labur mamitsuan: “Igarkizuna abstrakzio-ahalmenaren sorburuetako bat da, haurrak zazpi urtetik aurrera, gutxi gorabehera, garatzen hasten duen pentsaera logikoaren laguntzaile”. Logikarena, dena dela, ez da helduek ematen zioten zentzuan hartu behar: haurrek, izan ere, beren logika dute; helduek berena duten bezala.
Igarkizunaren logikak zerikusi gehiago baitu irudimenaz izendatzen eta zehazten saiatzen garen mundu zabal eta harrapaezin horrekin, arrazoimenaren munduarekin baino. Esaterako: “Jaio, haizeari ziztaka; bizi, haizeari adioka; hil haizearen jostailu” Zer da? “…mintzo naiz isilik, aho asko irekirik; entzuten nauzu begitik, mintzo nauzu zeure eskutik.” Zer da?
Poesia, esango nuke; metafora bat, irudi bat alegia. Poesia handia txikienentzat.
Liburua igarkizunez josita dago, baita ipuin labur esanguratsuez. Baina liburuan letrak eta hitzak garrantzitsuak badira ere –bestela ez litzateke liburu izango, letren kutxa eta gordailu alegia–, marrazkiek ere sekula garrantzia hartu dute, hitzen laguntzaile dotore, hitzan konpainia elegantea balira bezala. Hitzak, esan ez badut lehenago, Juan Kruz Igerabiderenak dira. Marrazkiak Lorena Martinez Oronozenak, oso ondo egokitu direnak testuaren ondoan. Ikusgarriak, benetan, gozatzeko modukoak ere bai, seguru.