Izenburua: Midasen eraztuna
Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro
Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2017
Bilduma: Auskalo, 51
Orri kopurua: 65
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Narrazio ilustratua da, lehen irakurleei zuzendua. Istorioa testuinguru erreal batean gertatzen bada ere, narratzaileak animaliak izateak halako ukitu fantastiko bat ematen diote kontaketari. Jazarpen arriskuan dagoen haur bat da protagonista, antiheroi infantil bat, eta bere badaezpadako egoera da gai nagusia. Kontaketaren tonua umorearen eta larritasun egoeren artean tartekatzen da, baina irakurlea gehiegi hestutzeko aukerarik eman gabe.
Xabierri erronka zaila bota diote eskolako mutil-koadrilan onartua izan nahi badu: bere burua ibaira botatzeko esan diote. Hori egiteari uko egiten dio, eta beste umeek iraindu eta baztertu egiten dute. Azkenean haietako bik froga egiten arazoak izango dituzte, eta Xabierrek lagunduko ditu atakatik ateratzen. Beste istorio batzuk tartekatzen dira, tradizioko iturritik edaten dutenak: Midas erregearena, Gartxotena, Leireko abade Birilarena.
Narratzaileen aldaketa eta segidak ere jolas baten traza du, eta are dinamikoagoa bihurtzen du irakurketa. Zorria hasten da, eta erreskadan datoz marigorringoa, armiarma, igela eta zikoina. Hurrengoak aurrekoa jan eta kontaketaren hariarekin jarraitzen du, Matrioska baten moduan, harik eta zikoinaren txandan denak ateratzen diren arte.
Ilustrazioak koloretsuak dira; hainbat neurritakoak dira, eta hainbat orrialdetan zehar tartekatuta daude. Narrazioak kontatzen duena indartzen dute.