Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Mateo eta txikitasuna

Idazlea: Daniel Monedero

Ilustratzailea: Anna Laura Cantone

Itzultzailea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2022

Bilduma: Mateoren superbotereak, 2

Orri kopurua: 32

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Album hau Mateoren superbotereak bildumaren bigarren zenbakia da; zenbaki bakoitzak Mateoren "superbotere" bat azaltzen du.

Istorio honetan, txikitasuna lotsaren edo norberak bere buruarekiko duen iritzi txarraren baliokidea da, eta albumaren asmoa da norberaren ahultasunei hainbesteko garrantziarik ez ematea eta gure indarguneez jabetzea. Bildumako gainerako aleak ikusita, liburu bakoitzak garapen pertsonalarekin lotutako kontzeptu bat du azpigai: besteen lekuan jartzea, gatazken ebazpena, sentimenduak (poza eta haserrea)…

Protagonistak, Mateok, superbotere bat duela deskubritzen du: txikitzeko gaitasuna du (zerbait gaizki egitean gertatzen zaio). Kontakizunaren amaieran bere ohiko tamaina berreskuratzen du, autoestimua berreskuratu duenaren seinale.

Eskolan, Mateo jabetzen da aurkeztu beharreko idazlana txakurrak jan duela eta, ikaskideek barre egitean, lotsaren lotsaz txikitzen hasten da Mateo. Soinketako klasean ere berdin gertatzen zaio: lasterketan motel egiten du korri, eta are gehiago txikitzen da, egoerak dakartzan arazoekin: arropa handia geratzen zaio, zapatilek gehiegizko pisua dute… Egunak aurrera egin ahala, etxera iristeko irrikaz dago Mateo, bakarrik egoteko. Behin iritsita, apur bat lasaitzen da, amarekin egoerari buruz hitz egin ostean.

Ilustrazioari dagokionez, arkatzez egindako marrazketa dirudi. Bi orrialdetara nahiz orrialde bakarrera izan ohi dira. Istorioan zehar katagorri bat agertzen da, hurrengo irakurketa batzuetan ere edukia ateratzeko baliagarria izan daitekeena. Amaieran, pertsonaia guztien deskribapen txiki bat ere agertzen da.


Mateo eta txikitasuna