Izenburua: Mari Paz Jiménez eta pintura: ahizpari gutuna
Idazlea: Elena Olave
Ilustratzailea: Karmele Gorroño eta Irene Irureta Irrimarra
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2022
Bilduma: Bagara saila
Orri kopurua: 44
Adina: 14tik gora
Laburpena:
Mari Paz Jimenezen arte-ekarpenak helburutzat hartuta, Ahizpari gutuna Elena Olaveren hitzen eta Irrimarraren irudien elkarlanaren bidez gauzatu den proposamena da. Helburua artistaren lana ezagutaraztea da. Mari Paz Jimenez, bereziki pinturan egindako ekarpenengatik ezagutzen den arren, josketa lanetan ere aritu zen, tartean bere ahizpa bailaora Rosariorentzat jantziak eginez.
Irakurleak Mari Pazen sormen prozesuaren hausnarketetan murgiltzeko aukera izango du, ahizpari idazten dion fikziozko gutunaren bidez, artistak landutako estilo anitzetara hurbiltzen gaituzten irudien laguntzaz.
Narrazio epistolarraren generoan ere koka daiteke album ilustratu hau. Bizi izan ziren bi pertsonaiaren harremanaren inguruan egileak sortu duen fikziozko gutuna da-eta hari nagusia.
Artea, sormen lanaren nondik norakoak, sortzailearen ikerketa prozesu eta erritmoen inguruko hausnarketa aberatsa da, poesia kutsuz idatzi eta ilustratutakoa.
Margolaritza eta dantzaren mundua zen liburuko bi protagonisten etxea. Baina hirugarren diziplina batek, joskintzak, bien sormen unibertsoak bateratzen zituen, Mari Pazek Rosariori dantzarako soinekoak josten baitzizkion.
Bigarren orrialde bikoitzean bizitzak poesia beharra duela aldarrikatu ondoren, jositako oihala abestu nahi duen txori bilakatuko zaio Mari Pazi, haietatik izarretara, unibertsora eta haren misterioetara jauzi eginez. Galdera existentzialei artearen bitartez erantzuna aurkitu beharra, errealitatetik haratago dagoena kolore, forma eta poesiaren bitartez arakatzeko desioa.
Mari Paz Jimenezen obraren kolore “ozenek” bideratutako hausnarketa sakona da. Liburua ixten duenean, galderaz josita egongo da irakurlearen pentsamendua eta, bere kabuz esploratzen jarrai dezan, ate anitz irekita geldituko dira.