Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Luzi, Fer!

Idazlea: Jon Suarez Barrutia

Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2002

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 48


Laburpena:
Luzia eta Fernando istorio honetako pertsonaia nagusiak dira. Bikiak dira eta pozik bizi dira gurasoekin etxean. Baina bat-batean, gurasoen arteko harremana aldatu egin dela konturatuko dira, elkarrekin egin ohi zituzten hainbat gauza aldatuko baitira. Gurasoek beraiekiko zuten jarrera ere aldatu egin dela ohartuko dira eta honek zerbait arraroa gertatzen ari delako susmoa piztuko die. Hala ere, sei urte izanik, beraien jolasteko grinak berean jarraituko du. Epe baterako amonaren etxera eramango dituzte gurasoek. Bertan konturatuko dira gurasoen pazientziaz gain, amonarena ere gutxituz doala. Luzia eta Fernandoren ezinegona eta kezka eskolan ere islatuko dira, ikaskideekin izango dituzten liskarretan. Ezinaren ezinez, irakasleari emango diote etxeko egoera arraroaren berri. Baina laster bukatuko dira Luzia eta Fernandoren kezka guztiak, arratsalde batean aitatxo bila etorri eta etxera eramaten dituenean, amatxorengana.


Prentsako aipamenak:

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Piratak

Jon Suarezek idatzi duen liburu honetako pertsonaiak Luzia eta Fernando dira, baina Luzi eta Fer deitzen diete, batez ere etxeko giroa kaskatu denean. Luziak sei urte ditu, Fernandok ere bai. Fernando ilehoria da eta Luziak horia du ilea. Elkarren antz handia dute biek, izan ere bikiak dira; eta etxe berean bizi dira, normala denez. Baina dena gaiztotu egin da etxean, aita eta ama arraro antzean baitabiltza. Aitatxok ez dun pijama amatxoaren kamisoiarekin batera gordetzen; amatxok iratzargailu berri bat jarri du bere gau-mahai berrian, gonbidatu gelakoan, galtzagorri-iratzargailu bat. Luziak eta Fernandok ez dute ulertzen zer gertatzen ari den etxean, giroa gaiztotu egin dela bakarrik, baina amonarena joan behar izan dute lo egitera, aitaren eta amaren artekoa konpondu bitartean.

Luziari eta Fernandori piratetara jolastea gustatzen zaie, pirata gaizto ausartetara, baina amonak ezin haiei kasu handirik egin, eta etxeko giroa gaiztoa denez, amona ere errietaka hasiko zaie, bikiak gero eta bihurriagoak direlako. Ikastolan giroa ere ez da hobea izango, Kepari begia beltz-beltz eginda utziko diote Luzia eta Fernandoren gurasoak dibortziatuak direla esan duelako. Eta Luzia eta Fernandoren gurasoak ez dira hori, ez dira dibortziatuak. Gero, dena konponduko da, ordea, behar bezala.

Liburu samurra da oso Jon Suarezen idatzi duena. Gaur egun oso normala bihurtu da dibortzioaren gaia, baina kontatzeko modu asko dago. Jon Suarezena orijinala da, eta umoretsua ere bai. Umeak baitira, azken finean, horrelakoetan, zer gertatzen den jakiten azkenak. Eta horrelako asunto batek, dibortzioarenak alegia, etxeko giroa gaiztotzen du, eta etxeko guztiak atezuan jarri, edo larri eta estu ibiltzera behartu. Amona bezala, hain dabil kezkatuta etxean gertatzen ari denaz, non ezin baitie jaramonik egin umeei. Eta umeek jolastu nahi, pirata malapartatuetara. Izan ere, umeek beti jolastu nahi, etxeko giroa ez bada jolaserako ere. Baina haiek zer dakite!


Luzi, Fer!