Izenburua: Lo potolo
Idazlea: Hainbat egile
Ilustratzailea: Eider Eibar Zugazabeitia
Argitaletxea: Alberdania
Urtea: 2019
Orri kopurua: 144
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Testu bilduma heterogeneoa da, lotarako garaian irakurtzeko piezekin osatua. Ipuinez gain kantuak eta poesiak daude, bai eta egitura errimatua duten bestelako aleak ere, galde-erantzuneko jolasak tarteko.
Ilustratzailea --Eider Eibar-- bakarra izanik, idazleak zortzi hauek dira: Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua, Patxi Zubizarreta.
Partekatzen dituzten ezaugarriak dira errima, onomatopeia, loa edota amets giroa, baina gainerakoan sortzaile bakoitzak bere ahairea erakusten du.
Uxue Alberdik hiru testu ditu, bertsolaritzaren baliabideekin josiak, naturari, gauari eta irudimenari aldarri egiten.
Leire Bilbaok lau testu ditu, hiru galde erantzun jolasak dira, bestea tradizioan ezaguna den izu-ipuin baten bertsio librea, ohikoa baino amaiera “baikorragoa” eskaintzen duena.
Harkaitz Canok lau ipuin eskaintzen ditu. Hirutan ezohiko bizipenak dituzten ezohiko haurrak dira protagonista, bestean lo (eta amets) egitearen aldarrikapena.
J. K. Igerabidek hiru ipuin ditu. Munta desberdineko hiru bizi-esperientzia, hiru ikuspuntutik abiatuta.
Anjel Lertxundik tradizioko bi kate-ipuinen bertsioak proposatu ditu. Baserri giroa, bizkortasuna eta ezustea bidaide.
M. A. Meabek ipuin bat, eta bi poema sorta ekarri ditu: haiku sorta bat, eta metrika libreko beste ipuin-poema bat. Ametsa eta loari dagokion atmosfera etereoan ekarriak.
Mitxel Muruak dekamerone eran jositako sei ipuineko sorta bat eskaini du, nazioarteko tradiziokoak diruditen ipuinekin.
Patxi Zubizarretak, bere aldetik, hiru ipuin ekarri ditu. Lehena tradiziozko kate-ipuinen sokakoa da. Beste biak haur baten lotarako esperientzia kontatzen digute, irakaspen batek harilkatuta.
Ilustrazioak kolore biziz eginak dira eta testuan esaten dena errepikatzera mugatzen dira.