Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Linkon

Idazlea: Inazio Mujika Iraola

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2000

Bilduma: Auskalo Bumeran

Orri kopurua: 80


Laburpena:
Soinujole berria dator aurtengo jaietarako hiru muinoek zaintzen duten auzunera: Pello. Harekin datoz behor gorria eta ahuntza. Behorraren gainean, erretratatzeko makina eta eskusoinua. Argindarra ere aurten iritsiko da Auzunera. Hiru laguntxo elkartu zaizkio Pello soinujoleari eta ahuntzari. Bost lagunak elkarrekin jolastuko dira uda eder batean.


Prentsako aipamenak:

- "Diario Vasco" Mutikoen bizitza helduok uste dugun baino zehatzezinago da; behetik gora begiratzen duten haiei goitik-behera begiratzen diegu guk, gure tamainakoak ez badira ere, senez eta ezaugeraz gure adinakoak balira bezala. Horregatik askotan ez dugu ulertzen haien jokaera. Ez dira gure koordenatan sartzen, beste mundu batean bizi dira eta haien barrunbean sartzekotan, sentsibilitate handiko heldu bat, izan daiteke egokiena: poeta bat.

Mutiko sentikor eta inozo baten historia da Linkon, benetan gertatzen dena gertatu nahi lukeenarekin nahasten du; pertsonak eta animaliak antzekoak zaizkio, kanpoko itxuran antzekoak direnean. Horrela, haur horren irudian Linkon, herriko eskola-maisua eta ahuntza triangelu bateko angeluak dira, hirurak, presidente famatu hura bezala, periladun baitira. Ondo loturik daude elkarrekin eta haietako bat galduz gero triangelua bere osoan da erortzen, oreka galtzen.

Liburu honetako beste ezaugarria, berari darion tonu melankolikoa. Denboran urruti dagoenak berritzen du bere ororimenean mutikotako historia bat, hark sekulako marka utzi zuelako, berritzen du mutiko-garaia osoa herri ttiki eta batere ez paradaigmatiko batean, dena ez baita gozo-gozo idilikoa, tarteka badira heriotzeak eragiten dituen pintzelkada beltz, tristeak, krudelak.

Oroitzea da garrantzitsuena, bere haurtzaroaz oroitzen denak idatz dezake halako urrutiminez, haurraren baitan sartuz, azkenik haur bilakatuz. Poeta batek.

Aipatu ere behar da, Inazio Mujika ideia tinkoko gizona dela, edozein gizon erratiren gisa, itzultzen da sorlekura, hiru muinoek seinalatzen duten herrixkara, «Azukrea belazeetan» liburuko ipuinak gertatzen diren auzora alegia.

Nolanahi ere «Linkon» liburu hartatik ihes egindako ipuina da, bertako ezaugarriez dago horniturik, hala tremendismoa nola kostunbrismoa, biak bere zentzurik onenetan eta txarrenetan, ezin baita gure garai honetan gauza neutro, puroez, zentzubatekoez hitzegin; baina era berean harako ipuin haien Ernioa da, gailurra. Inazio Mujika Iraolak estilo depuraketa egin du, lesikoaren hautaketa are zehatzagoa, hitzen mintzoa, atze-atzetik datorkien hizkuntza galdu hori aurkitu nahian, lurralde estu-ttikitik atera gabe mundu zabal baten adierazpide bilakaturik.


Linkon