Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Katixa, Kroko eta Kokoroko

Idazlea: Jesus Mari (Txiliku) Olaizola Lazkano

Ilustratzailea: Jon Zabaleta

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1997

Bilduma: Xaguxar

Orri kopurua: 195


Laburpena:
Katixa zazpi urteko neskatila beltzarana da. Kroko, berriz, liburu batetik ihes egindako krokodiloa. Eta Kokoroko ikastolan jaiotako oilo bat da, munduko oilorik bizkorrena. Hiru pertsonaia hauen historiak elkarren artean gurutzaturik daude. Bakoitzak berea eta beste bien historia kontatzen ditu, baina ez dira batere errepikakor eta aspergarriak bihurtzen, bakoitzak bere ikuspegitik kontatzen baititu gauzak. Errealitatearen eta fantasiaren arteko umorezko eskailera-mailak igoz eta jaitsiz, oso lan ederra burutu du egileak oraingo honetan.


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 1.zenbakia 1999ko azaroa HIRU KONTALARI, ISTORIO BAT

Duela urte batzuk Txilikuk Katixa eta Kroko ipuina idatzi zuen, orain, berriz, haren jarraipena ez den baina hango protagonistak dituen ipuin hau eskaintzen digu. Protagonistak helduagoak dira, narrazioan ere aldaketa nabarmenak daude baina, zalantzarik gabe, izenburuan bertan ikus daitekeen bezala, ezberdintasun handienetarikoa protagonisten kopuruan aurki dezakegu: hirugarren protagonistak, Kokorokok, markatzen du ezberdintasun hori.
Txilikuk sarritan erakutsi digu bere maisutana idazlumarekin (edo ordenagailuarekin esan beharko genuke?), ederki daki istorioak kontatzen eta primeran islatzen ditu ideiak haurren liburuetan. Oraingoan, gainera, jolas literario bat erabiltzen du istorioa kontatzerkoan. Katixa, Kroko eta Kokoroko ipuin honetan hiru atal daude, protagonista bakoitzari dagokion atala, hain zuzen. Ikastolan txitak hazteko proiektu batetik abitatuta Txilikuk hainbat eta hainbat gertakari kontatzen dizkigu ikastolan, Katixaren etxean eta amonarenean jazoak. Ipuina, osotasunean, istorio bat da, ikastolan hasi eta Katixaren amonaren oilategian bukatzen den istorioa; baina istorio hori hiru protagonistek kontatuko digute lehen pertsonan eta bakoitzak bere ikuspuntutik. Katixak ematen dio hasiera liburuari, Krokok jarraipena eta Kokorokori dagokio amaiera. Alde horretatik interesgarria da egilearen apustua istorioa hiru ikuspuntu ezberdinetatik kontatzean, baina jokaera horrek dakar istorioaren pasarte batzuk errepikatzea zenbait bider eta horren ondorioz sor daitekeen sentimendua, errepikakorra edo astun samarra izatearena, pasarte horietan.
Liburua arin irakurtzen da, ekintza ugari daude, gela barneko gertakarietatik amaierako abentura kutsuraino, eta ziur gaude guri gertatu bezala, entretenigarria gertatuko zaiola irakurleari. Katixa mundura irten da, etxetik kanpo duen bizitzara eta horrek lehenagoko arazoak gainditzen balio badio ere, hainbat problema ekarriko dizkio Krokori, abandonaturik sentitzen den paperezko krokodilo bitxi horri. Barneko mundutik kanpokora eginiko salto horrek bestelako istorioak eta bestelako gertakariak ekarri ditu liburu honetan, eta abentura, arriskua edo borroka giroa.
Jon Zabaletaren marrazkiek, haren estilo ezagunaren ildotik, ederki egiten dute beren betebeharra, testuraren ulergarritasuna areagotzeaz gain, irakurketa atseginagoa eta liburua ederragoa egiten baitute.
Katixa, Kroko eta Kokoroko liburu honen aportaziorik interesgarriena ikuspuntuen aberastasuna litzateke, gertakari bere nola ikusten, sentitzen eta sofritzen dugun era ezberdinez norberaren ikuspuntuaren arabera.


Katixa, Kroko eta Kokoroko