Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Kaliforniako neskak

Idazlea: Joxemari Iturralde

Ilustratzailea: Marcos San Blas

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2000

Bilduma: Ekin

Orri kopurua: 224


Laburpena:
Kaliforniara joan da Anuxka, Risky eta Ainhoa bere lagunekin batera. Gure Anuxkak denetik ezagutuko du egun hauetan, amodioa eta desamodioa, lagun berriak egingo ditu eta baita etsaiak ere, ez da geratuko susto eta sorpresarik gabe Kaliforniako lurralde zoragarrian dagoen bitartean...


Prentsako aipamenak:

- Ana Urkiza eta Laura Sagastume, Behinola 4. zenbakia, 2001eko apirila Hilabete etxetik kanpo

Kaliforniara joan da Anuxka, Risky eta Ainhoa bere lagunekin. Kalifornia Euskal Herritik urrun dagoen herrialde bitxi bat da, oso ezberdina. Han, mota askotako jendea dago eta gauzak diferente ikusten dira. Gauza batzuk ondo iruditzen zaizkio Anuxkari, ez ordea, den-denak. Anuxkak denetik ezagutuko du Kalifornian, bai onetik zein txarretik. Eta txarretik ezagututakoak, Euskal Herrira bueltatzeko gogoa sortaraziko dio.


Hamaika kapitulutan banatutako eleberri honek, egitura biribila du.
Kaliforniarako bidaiarekin ematen dio Joxemari Iturraldek hasiera eleberriari eta Kaliforniatik Euskal Herrirakoarekin bukaera.

Ia-ia kapitulu guztiek, eleberrian agertzen den pertsonaiaren baten izena dute, nahiz eta protagonista horiek beren izena titulura igotzeko hainako indarrik ez eduki.

Eleberriaren barne egiturari dagokionez, lau zati genituzke aipagarri: eleberria biribiltzen duten hasierako eta amaierako kapituluak batetik, hau da, Euskal Herritik irten eta Euskal Herrira bueltatzen den Anuxkaren gogoetak; lehenengo bost atalak bestetik, edo positibotzat joko genituzkeen kapituluak, zeintzuetan pertsonaia ezberdinen aurkezpena egiten den; eta azkenengo hiru kapituluak edo ezkorrak azkenik, zeintzuetan, Kaliforniako alde gaiztoa erakusten den. Alde positiboaren eta negatiboaren artean, Anuxkak, Risky eta Ainhoarekin bat egiten dueneko kapitulua legoke.


Iturralde, Kalifornia eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunetan oinarritu da eleberria idazteko, eta gazte baten ahotan jartzen du ezberdintasun horiekiko harridura. Ezberdintasun edo gaitzat erabiliko dituen puntuak, besteak beste, emakume-gidariak ikustea, jende gehiena potoloa dela somatzea, gazteak zuhaitz-etxeetan bizi direla kontu ematea, festak, eta tatuaiak dira besteak beste. Eta sakonean, erakusten dituen gaiak beste honakoak: familiak eratzeko modu ezberdinak (bigarrenez ezkondutakoak, amorantearekin joandakoak...), erreibindikazio erak, nudismoa, tentazioak, homosexualitatea... Gai interesgarriak, zalantzarik gabe, edozein gazterentzat.


Joxemarik gertakizunak kontatu nahi dituen eleberri honetan, Kaliforniara bidaia egindako idazle baten inpresioak papereratu ditu. Baina esan liteke, Iturraldek ez duela asmatzen idazle gisa bizi izandakoak pertsonaien azalean jartzerakoan. Pertsonaiak ez dira sakonak eta gertakizunak ere azalekoegiak gelditzen zaizkio maiz: gertakizun asko eta asko, balio handirik gabe; Risky eta Ainhoarekin bat egiten duen atala, adibidez, soberan dago.

Bi gertakizun mota deskribatzen dira liburuan: Anuxkak kanpotik ikusten dituenak batetik (Joxemarik ikusle bezala deskribatzen dituenak), eta Anuxkari gertatzen zaizkionak bestetik, hau da, nolabait sufritzea egokitzen zaizkionak.


Beste zerbait espero
Tituluaren arabera, kultura eta izaera ezberdineko nesken istorioak kontatuko zaizkigula dirudi. Titulu indartsua asmatu dio Iturraldek eleberriari. Indar hori, ordea, ez du irakurleak eleberriaren orrialdeetan barrena aurkituko.


Narratzaile orojakileak ere, momentu bat edo bestetan, ikuspuntuz aldatzen du. Normalean, Anuxkaren azalean sartuta jardungo du, orojakilea izanen da, baina badauzka tarteak, zeinetan ekiszientea izatera jotzen duen.


Pertsonaia askoko eleberria egin digu honakoan Joxemarik. Baina pertsonaiak ez dira eleberri honen giltzarria, gertakizunak baizik, eta gertakizun horien deskribapena. Gainera, pertsonaiek ez dute bereizgarri nabarmenik. Hustu egiten dira edukiz. Adibidez: Riskyren aldamenean hegazkinean joandako Ricardo, Prunella, Trudi eta Rosario, edo Carola bera...
Kaliforniako nesken aldean, Anuxka oso inuzente agertzen da, irakurleari sinestezina egingo zaiona.


Oso eleberri deskriptiboa bestalde, guztiz filmikoa eta tipikoa egiten zaio irakurleari. Eleberriaren erritmo geldoaren emaitz gisa, irakurketak berritasun gutxi dakarkion sentsazioa du irakurleak. Gertakizunetan oinarritutako eleberri batek, dinamikoagoa beharko zukeen apika.


Kontaketarako Iturraldek flash-backa erabiltzen badu ere, tartean hiruzpalau gutun txertatzen ditu. Gutun hauen zergatia, deskribapenetan luzatutako eleberriari aurrerapausu bat ematea da. Eta azken gutunaren funtsa, eleberria bukaraztearena. Delako bukaera hau, e-mail baten bidez, azkarregi datorkigu.


Hasieran, badirudi Anuxkak faltan botako duela Kalifornia. Han bizitako esperientzia ezin hobeak kontatuko dizkigula. Azkenean, ostera, alderantzizko sentsazioarekin gelditzen gara, Euskal Herrira bueltatu nahi duela ikusten dugunean. Amaiera honek, beharbada, eleberria zeharo indargabetuko zukeenez, gutun baten bidez jakinarazten zaigu, Anuxkak, udan berriro Carola ikusteko asmoa duela. Azken uneko jira-bira honekin, irakurleak ez daki idazleak igorri nahiko mezua zein den: merezi duen kanpora (Kaliforniara) ateratzea, han ere bertako onurak eta gaitzak daudela, nahiago Euskal Herrian, Anuxkak hango lagunekin harremanetan jarraituko duela...

Pertsonaia gehiegi aurkezten eta deskribapenetan geldiune luzeegiak egiten dituela esan liteke “Kaliforniako neskak” eleberrian Joxemari Iturraldek. Istorioa polita izanda eta sakonean mezu zehatz batzuk igortzeko balio badio ere, elementu asko agertzen dira lotu gabe eta beste hainbatek irakurlea nahastu egiten dute.
Irakurterraza egiten den eta gaiaren aukeraketa aldetik erakargarri suerta daitekeen liburu honekin, Joxemarik, oraingoan, ez duela asmatu esan liteke.


Sentimenduen jet-lag handia



Anuxka, Ainhoa eta Risky oraingoan Ipar Ameriketara, zehatzago esanik, San Frantziskora joan dira ingelesa ikastera. Hainbeste orduko bidaiak, hainbeste hegazkin aldaketak, halako ordu diferentziak eta nekeak izugarrizko gorabehera sorrarazi die hiru gazteei, izugarrizko jet-lag-a, alegia. Baina Anuxkari hori baino jet-lag handiagoa sortuko zaio, bihotzean sortu ere, San Frantziskon biziko dituen esperientziekin…
Batetik, bera hartuko duten etxean oso gauza bitxia gertatzen ari da. Carola, hemezortzi urteko neska, zuhaitz batean egindako etxolan bizi da. Badirudi honen aitak ez duela uste alaba berea denik eta, ondorioz, ez du askorik maite; horregatik joan omen da Parisera, amorante gazte batekin. Bestetik, Anuxkak Carolaren lagunak ezagutuko ditu, eta Carolaren lagunen lagunak, mutilak alegia, eta harriturik geratuko da haien arteko harreman moduarekin:

Egin behar nuena egin ondoren eta itsasertzetik bueltan gure taldea zegoen lekurantz, ohartu nintzen bidean eta han-hemenka, nolanahi jarrita, bikoteak zeudela beren gauzetan erabat sarturik, haietako batzuk tapaki baten gainean eserita edo etzanda, beste batzuk hondartza gainean ezer gabe (ezer gabe esan nahi dut, arroparik gabe, biluzik!), beste batzuk erdi jantzita eta erdi biluzik, hau da, jantzita egotetik biluzik egotera dagoen tarte horretan nonbait…
Joannaren ondoan eseri nintzenean, ikusi berri nuena aipatu nion.
"Bai, hasi dira bikoteak erretiratzen…". "Erretiratzen", galdetu nion. "Bai, hemen halaxe deitzen zaio ariketa berezi horri". "Zer motako ariketa da hori ba?", jakin nahi izan nuen. "Bat joaten da beste batengana eta galdetzen dio besterik gabe: Erretiratuko al zara nirekin une batez? Eta besteak erantzungo dio: Bai (eta orduan berarekin apartatuko da leku ilun eta lasai batera eta hantxe hasiko dira beren gauza goxoak egiten); edo ez (eta orduan lehen zegoen tokian geratuko da ezer egin gabe)
Anuxka harritu baino gehiago egingo da mutil bat erretiratzera gonbidatzen duenean, edo zigarroa ez den zigarroa eskaintzen diotenean… Eta horrek benetan asaldatuko du bere barrena.
Iturraldek Risky eta Anuxka protagonistekin idatzitako liburuen artean, beharbada honako hau dugu erakargarrienetakoa. Idazlea ausartu egin da, Estatu Batuetako berri ematearekin batera, gazteen barne munduan sartzen. Eta liburua ziztu bizian irakurtzen da, idazkera arinean irristatu eta konturatzerako bukaeran gaude. Hala eta guztiz ere, beharbada idazlea luzatu egin da bidaiaren prestaketa eta atarikoetan, eta, aldiz, amaiera interesgarrian estutu eta mugatu. Irakurleak gehiago sakondu nahi zuen Anuxkaren sentimenduetan: ez al zuen bere baitan erretiratzeko benetako gogorik, nola zegoen bere sentimendu dantza, norbait maite al zuen? Irakurleari sentsazioa geratu zaio idazlea ausartu, bai, egin dela, baina ez bete-betean, eta gehiago inplikatu zitekeela.

Eta liburua guri bezala, halaxe pasatu zaio Anuxkari San Frantziskoko bere egonaldia ere, hori bai, sentimenduen sekulako jet-lag-a eraginez.
- Javier Rojo, El Correo 2000ko abenduaren 20a Kalifornia

Joxemari Iturralderen lehen merezimendua (lehena, begibistakoa den aldetik) "Kaliforniako neskak" idazterakoan, benetako nobela bat burutzeko egin duen saioa da, nire ustez. Gazte literaturan oso ohituta gaude azaleko planteamenduen gainean eraikitako ekintzen kontakizunak ikusten. Honen aurrean Iturraldek nobela egiteko erronkari eusten dio, ondorio guztiekin: beharrezkoa den denbora hartu du planteamendua egiteko; pertsonaiak, bai nagusiak bai bigarren mailakoak, garatzeko ahalegina egin du; deskripzioaren beldurra alde batera utzi du... Argumentuak, bestaldetik, aukera asko ematen dizkio idazleari; 17 urteko neska euskaldun batek Kalifornian pasatzen duen hilabetea kontatzen zaigu. Neskak bizi izango dituen abenturak ez ezik, bestelako kontuak ere agertzen dira eleberrian. Kalifornian dena berria zaio protagonistari eta, askotan, hango berezitasunen kontaerari ekiten dio, batzuetan ohiturazko koadroen moduko irudiak eskainiz. Edozein modutan ere, Kaliforniako gazteen bizimodua azaltzen puntu ilunak izkutatzen. Nobelak puntu ahul txikiak ere baditu, adibidez, argumentuaren hari solte batzuek konponketa bitxia dute bukaeran, baina honek ez ditu eleberriaren balio nagusiak inolaz ere estaltzen.


Kaliforniako neskak