Izenburua:
Kalezulo
Idazlea:
Jesus Mari Mendizabal Iraola
Argitaletxea:
Alberdania
Urtea:
1997
Bilduma:
Ostiral
Orri kopurua:
144
Laburpena:
Harako Leizezulo hartan agertzen ziren pertsonaia gaztetxoak heldu egin dira. Gazte bihurtu. Bakoitzak bere bidea hartu du eta bere bide-lagunak aukeratu. Haietako bat, Asier, beste lagun-koadrila batekin bildu da. Xabala eta Argala ditu bide-lagun; hartu duen bidea, ordea, hondamendira daraman XX. mendeko izurrite nagusiarena da: drogarena. Nobela astebukaera baten kontaera da. Asier drogaren hondamendira daraman bidean barrena barneratu da. Hondamendizko gau-bidaia horretan hainbat mugarri aurkitzen ditu, ordea, aurreko bizitzarekin lotzen dutenak eta irteera bat seinalatzen diotenak. Hondamendizko gau-bidaiaren muturreraino egingo ote du ala irteera mugarri horiei kasu egingo ote die? Erantzuna irakurlearen esku…
Prentsako aipamenak:
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Errealitatearen gurpilean (1997-7-5)
Lau urte edo igaro dira Jexuxmari Mendizabal “Bizargorri”k Leizezulo idatzi zuenetik. Denbora ez da alferrik joaten eta orduko neska-mutikoak koskortuxe ageri zaizkigu, gaztetasunak berarekin dakartzan on-gaitzez horniturik. Orduko nobela hartan fantasia eta ametsa (amesgaiztoa badarik ere) errealitateari gailentzen bazitzaizkion, oraingo honetan errealitatearen alderdirik gordinetakoa hartzen du idazleak, drogaren mundua eta bere ondorenak hain zuzen.
Horixe dela esango nuke nobela honen lehendabiziko ezaugarria, garrantzitsuena nire iritzirako. Ez da erraza izaten drogaren mundua hitzetara bihurtzea, literaturara erakartzea, hizkera bera ere arrotza baita, guretzat behinik behin. Saiatu behar ordea, erdaraz funtzionamendu normala duten hitz eta esaerak euskaraz ere sinesgarriak izan daitezen. Noiz edo noiz erdal argoteko hitzak isurtzen zaizkio idazleari, baina hitz solteak direnez, ezertan ere ez dira testuaren eragozpen. Esan dezadan, testua malgua dela, dotorea ere bai oso, aberats eta joria, herri hizkeraren ezagutza sakona adierazten duena, ez nola ahalakoa eta nahi eta ezkoa, sakona benetan.
Bigarren ezaugarria hauxe: nobela urbanoa idazten saiatu da Jexuxmari Mendizabal. Drogarena fenomeno urbanoa baita batik, bat eta Irun-Hondarribiak, nobelako pertsonaien ibilbide eta kokaguneak, ez dira aspaldi bateko herri txiki arrantzale giroko, garo eta belar ebaki berriaren usainekoak. Egia da ez direla Madril eta Barzelona adinako metropoliak, Bilbo bezain handiak, esate baterako, baina gazte-bizitza gaur egun antzekoa da alde guztiean. Ezberdintasuna norberak dakarren tradizioan dago, eta Jexuxmari Mendizabalek nobelara eraman dituen gazteen tradizioa garbi dago nongoa den, ezin ukatuko da nahita ere. Hori bermatzen dute hizkera berak, kontalariak buruan jira eta bueltaka darabilen ipuinak “Zen gurutze bat hiru gurutzekin…” Egia da, oraindik ere, izarrak ikusi egiten direla Irun-Hondarribietako lekurik gehienetatik, oskarbi egonez gero noski. Hiri handietan zerua grisa da beti, eta lainoek galerazten dute zeruko zola eta ilargia nolakoak diren jakitea.
Nobela arina da. gazte batzuen hiru egun ageri zaizkigu, ostiraletik hasita. Bukaera irekia du. Jexuxmari Mendizabalek ataka gaiztoan utzi digu bere pertsonaiarik nagusiena, zalantzen itsaso baten aurrean, irakurle gazteak haren larruan sartu eta, burua nekatu ondoren, pentsa dezan noiz zer egingo lukeen.