Izenburua: Jonasen iratzargailua
Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
Argitaletxea: Aizkorri
Urtea: 2001
Bilduma: Mendi Sorgindua
Orri kopurua: 36
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Juan Kruz Igerabide Jonas pertsonaiaren inguruko beste istorio batekin datorkigu. Aurreko bi istorioetan bezala, hau ere, pertsonaia honen beste sentimendu baten inguruan, Jonasen zeloen inguruan gauzatuko da.
Jonas erdi esnaturik dago bere logelako iratzargailuaren tik-tak-a entzuten ari den bitartean. Zerbait arraroa sumatu du baina aitak untxi-belarriak dituen iratzargailua oparitu zioneko eguna oroitzen hasi da, bere arrebatxoa jaio zen eguna, alegia. Jonasen arrebarenganako sentimenduak nola aldatuz joan den gogoratzen hasi da. Nahiz eta hasieran Jonasek arrebatxoa asko maite, hardunaldia aurrera joan hala ulertezinak iruditzen zaizkion egoera ezberdin eta ezezagunekin topatuko da.
Arrebatxoa jaiotzera doanean amari lagundu beharrean gogokoa ez duen izeba Pauliren etxera joan behar du hiru egunetarako. Hemendik aurrera Jonasek hain maite duen arrebatxoarenganako zeloak adierazten du bere pentsamenduen bitartez. Familiakoengatik pixka bat baztertua sentitzen da "bere arrebaren usaina besterik ez baitago".
Jonaseen burutik garai hartako une ezberdinak igarotzen hasten dira: amak bere bularretik esnea nola ematen dion, lau-oinean ibiltzen hasi zeneko eragozpenak, aitaren laudorioak, etab.
Gaueko hirurak pasata dira Jonas erabat esnatzen denean. Bere arrisku susmoa indartu egiten daeta bere arrebatxoaren negar hotsez kezkatuta ohetik jeikiko da. Arrebatxoa dagoen arrisku egoeratik aterako du eta gure Jonas bere iratzargailuaren tik-tak hots alaiarekin lokartuko da.
Jonas da liburu honen protagonista, aurreko liburuetan bezalaxe (Jonas eta hozkailu beldurtia (Haur eta gazte literaturako Euskadi saria 1999 eta Jonasen pena). Liburu hau Everest argitaletxeak gaztelaniaz kaleratu du (El despertador de Jonás).
- Laura Sagastume, Behinola 5. zenbakia, 2001eko abendua Hirugarrenean ere
Egia da liburuen bigarren eta hirugarren parteek beti zalantza eragiten dutela, eta lehenengo alearen ezustea edo kalitatea oso handia izan bazen, jarraian datozenek nekez berdindu dezaketela aurrenekoaren maila, eta aski axolagabe hartuak izan daitezkeela. Hori bezain egia da Jonas eta hozkailu beldurtia liburua oso ustekabe ederra gertatu zitzaiola euskal irakurleari (Euskadi Saria jasotzeko beste merezimendurik bazuen), baina Jonasen pena eta orain datorren Jonasen iratzargailua ere benetan atseginak dira (gure ustetan, egilea, arriskatu, arriskatu zen, baina ez zitzaion gauza bera gertatu Grigoren istorioekin, eta nabarmen egin zuten behera Oporraldi bat baserrian eta Maisu Berria liburuetan).
Jonasen iratzargailua liburuan Juan Kruz Igerabidek arrebaren etorrerarekin Jonasi sortu zaion jelosiaz eta sentimendu kontrajarriez idazten du, aurrekoen erritmo eta musikalidade berarekin ("Tik-tak, tik-tak, mugitzen da denbora Jonasen iratzargailuan. Tik-tak, tik-tak, denbora aurrera doa eta Jonas geldi-geldi dago bere ohean, bere gelan, bere etxean), aurrekoen hizkera argi eta xumearekin, aurrekoen intriga —beharbada apalxeagoa oraingoan— puntuarekin…
Narrazioa bi planotan garatua dago, batetik Jonasen gaur eguneko egonezina edo jakinmina adierazten duena eta, bestetik, arrebaren jaiotzaz eta etorreraz diharduena, baina oraina eta iragana ondo bereizirik daude (besteak beste Mikel Valverdek bi maila horiek bereizteko egindako aukera kromatikoagatik: oraina —eta gaua— tonu zuri-berdexketan, eta iragana kolore bizitan), eta ez dirudi lehen irakurlei enbarazu sortuko dienik. Aldiz, bai kontatzen duenagatik bai erabilitako erritmo biziagatik, liburuari benetan gozagarri deritzogu. Are gehiago Mikel Valverderen lan bikainarekin: Jonasen espresibitatea, jarrerak, begiradak, koloreak… oso modu iradokitzailean eskaintzen zaizkigu, eta, esan bezala, gutxienez aurrekoetan bezain fin.
- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria 2001eko maiatzaren 19a, Igerabide-Valverde bikoteak Jonasen hirugarren liburua aurkezten digu oraingo honetan. Hozkailu beldurtiaren istorioaren ondoren, eta gurasoen arteko haserraldi hura eta gero, oraingoan Jonasen bizitzan beste gertakari bat (oraingoan ez hain xumea, egia esan) daukagu oinarri moduan istorio honetan. Izan ere, oparitu zioten iratzargailua, izango da istorio honen abiapuntua. Eta tresna horren haritik egingo dugu jauzi iraganera, arreba nola etorri zen eta arrebaren lehen hilabeteen kontakizunera, baina iratzargailu horrek berak adi jarriko du Jonas, loa galarazi eta etxean gertatzear dagoen zoritxarraren berri ematen dio.
Printzea tronutik at
Igerabidek ederki lotzen du oraina eta iragana giro egokia lortzeko. Jonasen egoerak -tronutik kendutako printzearekin konpara dezakegu- arrebaren kontrako joera bultza dezakeela uste dugu, are gehiago Jonasek argi eta garbi ikusten duenean arrebak kendu diola protagonismoa, kendu diola usaina -Jonasen usaina- etxean. Eta giro horretan, irakurlea egoera horretan dagoela, sortarazten digu Igerabidek ustekabea, gertakizun harrigarria eta gozoa; irakurlearen ezpainetara irribarrea ekarriko duen amaiera. Aurreko lanen maila gaindituz -denboraren tratamenduan nahiz gertakarien korapiloan- idazleak irakurlearen baitan ustekabea sortzen du, harridura, bukaera bitxi eta hunkigarria.
Mikel Valverdek, berriz, ederki islatzen du testuan ageri den giroa, ederki osatzen du testua, eta bere ilustrazioen bidez aberastu egiten du irakurketa, deskribapen, detaile eta informazio ugari sartuz bere irudietan. Jonasen kezka, haserrea, gurasoen poza, izebaren kariñoa... irudietan irakur daiteke testuetan bezain ondo; akats bakarra aurkitu dugu, hala ere: 33. orrialdean, Jonasek argia piztu ondoren irudietan gau giroa mantentzen baita, baina hori kenduta, ilustrazioaren eta testuaren artean lortutako osaketa paregabea dugu liburu hau. Horren adibide ditugu hasiera eta amaierako irudiak; bietan ageri zaigu Jonas ohean, baina lehenak kezka, larrialdia adierazten du -testuan apurka azalduko zaigun larrialdia-, eta bigarrenean lo sakonaren irribarrea ikus dezakegu, lasaitasun, poz eta patxadaren irribarrea. Eta eboluzio hori, aldaketa hori, testuetan ere antzekoa dugu, hasierako "tik-tak, tik-tak, mugitzen da denbora..." esaldia "Denbora tik-tak, tik-tak, alai dabil dantzan gau ilunean" bilakatuko baita amaieran.
Jonasen iratzargailua hau hasi eta bukatu arte harrapatzen zaituzten horietako liburua duzu, irakurle (testu gutxi izateak helduoi errazten digun bezala, irakurle hasiberrientzat ere hasi eta amaitzera animatzen duen liburua izateak are balio handiagoa ematen dio obra honi). Baina horrez gain, ahizpa eta neba-arreba-anaia txikiei buruz hitz egiteko, maitasunaz, erditzeaz eta beste mila kontuz hitz egiteko liburu duzu... eta, batez ere, irribarrea ezpainetaratzeko irakurgai-irudi liburu zoragarria.