Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Izar bat erori da zerutik lurrera

Idazlea: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Ilustratzailea: Antton Dueso

Argitaletxea: Baigorri

Urtea: 2000


Prentsako aipamenak:


- Ana Urkiza, Behinola 5. zenbakia, 2001eko abendua Begiak itxi eta...
Gara egunkariak, Baigorri argitaletxearen eskutik, Euskal Herriko ipuinen bildumaren bigarren atalari egin dio bide, aintzinako ipuinen egokitzapenak eskainiz, gaur eguneko ipuin berriekin batera. Kalitate oneko edizioa da Baigorri argitaletxearena, bai paperari eta marrazkiei dagokienean, baita diseinuari eta bildumaren itxurari dagokienean ere. Yolanda Arrietaren “Izar bat erori da zerutik lurrera” ipuina, hamar tituluk osatzen duten bilduma honetako istorio bat da.
Hamar tituluak karpeta edo esku maleta batean bilduak datoz eta ipuinok bi CD-tan grabatuta, gaztetxoek liburuak belarriz ere jarrai ahal ditzaten. Bildumaren hizkuntzak bi dira: euskara eta ingelera.

Arrietaren “Izar bat erori da zerutik lurrera” ipuina, irudimenaren metafora da. Ametsak sinisten dira, errealitateak ez hainbeste. Irudimenarekin, arrazoiarekin lor ezin daitezkeen gauza asko jareits daitezke. Hauxe ipuinaren mezua.

Yolandaren ipuina tituluarekin hasten da: “Izar bat erori da zerutik lurrera”. Eta hasiera honek paisaiaren deskribapena egitera bideratuko du, kokapen edo ikuspuntu oso berezia eskaintzen diolarik irakurleari. Pertsonaien aurkezpena ere paisaiaren deskribapenetik abiatuko da, izarraren ikuspegia hartuko balu bezala oinarri. Garrantzitsuena, kanpoan gertatzen dena da, hau da, neska eta neskaren familia bizi diren etxetik at agitzen dena.

Neskak, basoan, zerutik erori den izarkume bat aurkitzen du. Izarkumeak zerurako bideaz galdetzen dio baina neskak ez daki zein den izarkumeak etxerako hartu behar duen kaminoa. Bere gurasoek jakingo dutela agintzen dio izarrari, aita ipuinlaria delako eta ama matematikaria. Gurasoak, lehenengo, izarkumearen aurkikuntzaren berri komunikabideei eman behar ez ote dien zalantzan egiten dute, baina azkenean, izartxoari laguntzea erabakitzen. Zerurako bidea kalkulatu nahian hasten dira beraz, baina ezin. Izarkumeak eskatu behar izango die, azkenean, bidea aurkitzeko irudimena erabiltzeko, arren.
Testuinguru honetan, ipuinak ezkutuko indarrei egiten diela alusio esan genezake: nahiari, itxaropenari eta sinismenari, besteak beste.

Pertsonaia nagusia “neska” da. Ez dauka izenik. Gurasoek ere ez dute izenik. Ama matematikaria da eta aita ipuinlaria. Ez daukagu beste informaziorik. Baina neskak, oraindik, sinisteko ahalmena du, eta gurasoek, ostera, sinismen gaitasun hori galdua daukate. Gurasoek, irudimena ere galduta dute eta alabari ez diote bere inguruneaz gozatzen erakutsi.

Bi espazio agertzen dira ipuinean, bi salaketa gune idazlearentzako: basoa eta etxea. Basoa izango da neskak bere burua aurkitzen duen lekua, bakardadea somatzen duenekoa, hau da, etxean daraman bizitza salatzeko balioko duena. Etxea, berriz, bere espazio naturala da, izarra salatzera datorren irudimenik eta denborarik ezaren esparrua.

Ipuinak aldarrikatzen duen irudimenari edo irrealtasunari kontrapisu egiteko, negua Teleberrik iragarriko duela esanez bukatzen du Yolandak ipuina. Hau da, azkenean, elementu erreal bati egiten dio erreferentzia, ipuina erreala den testuinguru batean koka dezan irakurleak. Izarra zerura bideratu eta gero, neskaren eskuak hutsik geldituko dira, ebidentziarik gabe. Teleberrik emango du, hala ere, notizia: izarraren bidez iragarri ahal izango da neguaren etorrera. Horixe, ipuinak errealitatearekin duen konexioa.

Denbora kontzeptua ere oso garrantzitsua da ipuinean. Salatu nahi den beste aspektu bat da, hain zuzen ere: kanpora begiratzeko ez dugula denborarik hartzen esan nahi baita; ez larunbatetan gurasoek neskarekin ibiltzeko, ez gauean izarrei begiratzeko, ez basoko paisaiaren eraldaketaz kontu emateko. Teleberrik eman beharko digu neguaren etorreraren berri. Izarrak ere hamabi orduko epea du. Den-dena mugatzen du denborak gure bizitzan. Eta kontua da, begiak ixteko aldartea behar dela bakarrik, natura bizitzeko eta inguruan dugunaz gozatzeko.

Jolastuz irakurtzeko edo irakurriz jolasteko
Yolanda Arrietak narratzaile gazte bat darama barruan. Idazkera sinplean erori gabe, ez eta idazkera tradizionalean, galdera-erantzunen jokoarekin jantziko ditu neskaren eta izarkumearen arteko elkarrizketak, baita paisaiaren eta pertsonaien kokapena eta aurkezpena.
Paisaiaren deskribapenetik hastatzeak, ikutu poetikoa damaio ipuinari, ipuina bere osotasunean aberasten duelarik.

Yolanda Arrietaren lan gehienekin gertatzen den antzera, ipuin honek ere, irakurketarekin jolas egin duen sentsazioa uzten dio irakurleari. Eta sakonean, maila jaso batean, igarri gabe irakurtzen diren lerro artean, M. Dolors Alibés i Riera-ren kontakizunetan bezala, bi mezu sakon daudela konturatzen gara: denbora falta batetik, gure ingurunean gertatzen denaz kontu emateko, eta irudimenari leihoa irekitzea, bestetik. Egin behar den guztia, finean, arnasa hartzea denean. Begiak itxi eta... amets egin.

 


Izar bat erori da zerutik lurrera