Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Irunberriko sorginak

Idazlea: Aitor Arana Luzuriaga

Ilustratzailea: Kate Gori Klektiboa (Asisko)

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2003

Orri kopurua: 102


Laburpena:
Nafarroa Oinez Irunberrin izanik, ezinbestean, bertako arroilan bizi den saia aukeratu dute Arangoiti ikastolako lagunek maskota bezala. Eta sai hori bera da liburu honetako narratzailea.<BR>
Kontakizunean zehar, arroilaren uretan murgildu eta denboran barrena eramango zaitu, garai batetik bestera, gaur egungo bizimodua eta duela mende batzuetakoa erakutsiz. Irunberriko kondairen berri izango duzu, eta sorgina zelakoan kondenaturiko Mari Beltzaren kontuak irakurriko dituzu. Eta Irunberriko arroilara hurbiltzen zaren bakoitzean, hemendik aurrera adiskide berriak ezagutuko dituzu.


Prentsako aipamenak:

- Laura SAgastume, Behinola 9.zenbakia 2003ko azaroa Literatura eta festa

Ez da lehenengo aldia. Gertatu izan da ikastolan festa handien aitzakian idazleei ipuinak eskatu izana. Ibilaldian Bernardo atxagari; Araba Euskaraz-en hainabt egileri; Nafarroa Oinez-en Patxi Zubizarretari... Aitor Aranari eskatu zioten aurtengoa egiteko, Irunberritik, eta asisko Urmenetari ipuina ilustrazioz apaintzea. Halakoetan eskaria eta emaitzaren arteko loturaz eztabaida daiteke, "berez" sortu ez diren lanen kalitateaz alegia, baina kasu honetan behintzat esan beharra dago enkarguak ahogozo ona utzi duela irakurle honengan.

Bi neba-arrebak Irunberriko arroilara hurbildu dira eta, bertan, zurrunbilo batek irentsiko du Mikel. Gertakari larri honetan du korapiloa liburuak, eta egileak oso modu interesgarrian eta erakargarrian tiratu du hari matazaren bi aldeetatik.

-Hara, hara, hara! -esan zuen Ximonak Mikelen berri izaten-. Aditua nuen ibaiko zurrunbiloak garai ezberdinen arteko ateak zirela, baina inoiz ez zuen bertatik etorritako inor ikusi.

Hala gauzak, ibaiko zurrunbiloan irentsita gertatzean, Mikelek 342 urte atzera egin zuen, eta Migelen etxean agertu. Horrekin batera, Migelek 342 urte egin zuen aurrera eta hor sortzen diren gaizkiulertuak eta sorgin istorioa oso erakargarriak gertatzen dira, batez ere Migel Mari Beltza "sorginaren" semea dela jakinik, batez ere emakumea epaitzear eta su pilan erretzear dagoela jakinik...

Liburuak baditu, hala ere, irakurle "helduari" trabagarri gertatzen zaizkion pasarteak: Nafarroa Oinez-en aitzakian idatzitako sarrera oztopo bihurtzen da (nahiz eta sai baten ahotan jarria izan) eta beharbada hobe zen istorioari hasiera bertatik ekitea; bestalde, 1660.urteko bizimoduari buruzko deskribapenak oso luzeak eta arruntegiak egiten zaizkio:

Gauzak orduan hain ezberdinak zirenez, eskolarik ez zegoen neska-mutikoentzat, eta hauek oso goiz hasten ziren lanean; bederatzi urterekin, askotan. Garai hartan lantegirik ere ez zegoen eta jendea nekazaria, egurgilea, artzaina edo eltzegilea zen. Nekazariek baratzeetan eta soroetan egiten zuen lana, egurgileek basoan zuhaitzak botatzen, eltzegileak eltzeak eta lapikoak konpontzen zituten, eta artzainek ardiak zaintzen...

Hala ere, irakurle "heldu" honi gogorrena irakurleari berari zuzendutako pasarteak dira: "Bai, asmatu duzu", eta halakoak. Iruditzen zait hautsi egiten dutela kontaketak sortutako giroa. Horrekin batera, graduatzaileen erabilera ere gehiegizkoa izan daiteke: "oso sendagai ona zen", "asko maite zuten"...

Trabak traba, arestian esan bezala, polita da egileak iraganaren eta orainaren artean egindako uztarketa; polita da egileak Zaraitzu aldeko uskara jasotzen egiten ari den lana, eta polita da euskaraz sortutako "enkarguzko" lan hau.


Irunberriko sorginak