Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Irakasle alu bat

Idazlea: Xabier Mendiguren Elizegi

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1998

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 192


Laburpena:
Hamalau urteko neska-mutil batzuk, institutuan hasi berri direnak, ohizko ilusio eta kezkekin: ilusioak zapuzteko eta kezkak beldur bihurtzeko, nahikoa izango da irakasle alu bat: Txintxeta. Txintxetak egundokoak egingo dizkie ikasleei, baina hauek ere modu berean erantzungo dute, batzuetan bakarka eta besteetan denak batera. Borroka isil bat sortuko da horrela, irakaslearen eta ikastaldearen artean.


Prentsako aipamenak:

- Jose Luis Otamendi, Egunkaria 1996ko martxoaren 30a Garaian garaikoa

Krisi hitza aipatzen da maiz nerabezaroari gagozkiola, aldaketa garaia da eta aurrera begira horren erabakior joko dugun denboraren herena inguru eskolan emango dugu. Bada gaur egiten dion mundu oso bat eta badira nora esan gabe zabaltzen zaizkigun ateak frango. Hortik aspaldi pasa ginenoi ez zaigu gogotik sekulan kenduko orduan ikusi eta ikasitako asko. Bizi legea, estreinako eskarmentuen oroitzapena gogotik itsasten zaigu eta betiko aldean eramango dugun orbain edo edergarri bihurtzen da. Maitasuna eta errebeldia, sexua eta askatasunaren bizikizun eta bulkada bortitz askok sarritan institutu, lizeo edo ikastetxeko urteetara garamatzate. Grina eta larderia berrietara jaiotzen garen urteak dira eta iniziazio literatura irakurtzeko ere aproposak.

Izan ere, iniziazio nobela jo liteke Irakasle alu bat neurri handi batean. Horra argudioa hitz gutxitan; Martin Errazkin, alias Janfri institutuan hasten da, hango lagunartea ez zaio oso berria, ezagunak ditu asko, Txintxeta izeneko irakasle erretxina egokitzen zaie tutore Janfri-ren gelakoei eta hor hasten dira gorabeherak. Txintxetaren jarrera despotikoek giroa berotzen dute eta ikasleek desobedentziarekin erantzuten diote azterketak egiteari uko eginez besteak beste. Bienbitartean gelaren ordezkari lanetan, noiz zuzendariaren aurrean, noiz eskola kontseiluaren aurrean lagun izango dituen Larraitz eta Paularen artean erdibutua ikusiko diogu bihotza gure Janfri-ri. Ikasleek gogor eusten diote euren batasunari eta Txintxetak bortxakeria fisikoraino eramango du bere arrastoan sartu behar patologikoa. Ez da aterabiderik, Txintxetari auto berria txiki-txiki egingo diote, susmagarrien diren bi ikasleek institutua utziko dute eta Txintxeta gaixotuaren ordez irakasle jator bat izango dute Janfri-ren gelakoek handik aurrera.

Narrazioari egiantza ematen egoki asmatzen du Xabier Mendigurenek, horretarako ez da arma txarra oroitzapen liburu itxura ematea, lehen pertsonaren indarra baliatzea batetik, eta errealismo kutsua areagotzeko hizkuntza erregistroarekin asmatzea bestetik. Egitura sinplea eta klasikoa duela esango nuke, hots, hasi korapilatu eta amaitu egiten den ekintza. Trama trebetasunez eta ofizioz eramana dago, hasi motel samar egiten bada ere klimaxa laugarren atalean lortuko da eta giharrez eusten zaio galga horri hurrengo hamaika ataletan.

Adierazleak ez du aitzakiarik, adierazia, berriz, beste kontu bat da. Duela hamabost-hogei urteko institutu batean girotutako elaberria da. Planteatzeko era oso eskematikoa da, pertsonaiak lauak dira aukeran eta ez dira askorik garatzen, protagonisten eta antagonisten rolak garbi-garbi banatuta daude hasiera bertatik. Badirudi, beste askok bezala, liburu honek ere falta duela koska bat gazte literatura izateari utzi eta literatura soil izatera iristeko. Ederki islatua dago eskola gizartearen ispilu den aldetik, eta irakasleena zein kolektibo korporatibista eta kontserbadorea den, elkartasunaren kantu edertzat hartu ere hartu liteke liburua baina auziaren azalean geratzen delakoan nago, pertsonaietan eta kontraesanetan sakontzeke. Azken mezu moduan solidaritzaren goraipatzearekin batera muturreko jarreren deitoratzea ikustea iruditu zait, itxurazko jatortasunaren atzean interesa gordetzen da, borroka egin beharra dagoen arren ezinezkoa da guztizko garaipena.

Erraz eta dotore idatzitako liburu atsegin baten aurrean gaude, batez ere nerabeei begira idatzitakoa eta gaztetxo asko eta askok segurutik irakurri duena, eta gustura.
- Xabier Etxaniz, Egunkaria 1996ko ekainaren 1a Sinesgarritasun falta

Xabier Mendiguren Elizegiren azken nobelan izenburuarekin egiten du topo irakurleak liburua esku artean izan bezain laster. Irakasle alu bat lelo horren pean ikasle gazteek irakasle maltzur eta gorrotagarriaren kontra duten sentimendua islatu nahi izan du egileak. Irakasle alu bat nobelan, irakaskuntzan egunero elkarren ondoan aritzen diren bi aldeen borroka erakusten da. Irakasleak eta ikasleak, etsaiak, boterea duena eta boterea jasan behar dutenak, agintaria eta morroiak, eta abar. Gainera, boterearen alde jarriko dira gainerako irakasleak, zuzendaria eta ikasleen gurasoak ere. Horien guztien kontra aritu beharko dira, beraz, ikasle gizajoak.

Nire ustez, Xabier Mendiguren Elizegi nobela honetan errazkeriatan erori da, gizartea bi koloretan islatuz, txuria eta beltza. Txintxeta irakasleak izan daitezkeen ezaugarri negatibo guztiak izango ditu; ikasleak, aldiz, borrokalari zintzoak, sutsuak, zuzentasuna bilatzen arituko dira.

Haur txikientzako ipuin tradizionaletan, ipuin berri askotan ez baita horrela gertatzen, pertsonaiak onak ala gaiztoak izaten dira, ez dago ona izan arren gauzak oker dituenik, edo gaizto samarra izanda besteen aldeko jokaera izan dezakeenik. Eta antzeko zerbait ikusten diot nik Irakasle alu bat nobelari. Sinesgarritasun falta.

Azkar egindako liburua dela esango nuke, gertakizunak erraz igartzen dira aldez aurretik, nobelaren argumentuak ez du aparteko interesik, eta narratzailearen maitasun istorioa izan nahi duen horretaz gain ez da arestian aipatutako borroka hori baino azaltzen. Ikaragarrizko saltsa sortzen da institutuan, hala ere, ez dakigu Martin Errazkinen gurasoek zer uste duten, zer pentsatzen duten... ez baitira azaltzen nobelan. Institutukoa da nobelan dagoen eskenatoki bakarra, pertsonaien bizitza askoz ere zabalagoa delarik.

Nire ustez penagarria izan da, niri behintzat pena eman dit, horrelako kalitatea mantentzen duen bilduman, eta hain zuzen liburu honen egileak zuzentzen duen bilduman, honelako liburua argitaratzea.


Irakasle alu bat