Izenburua: Ilbetea dilindan
Idazlea: Jon Suarez Barrutia
Ilustratzailea: Joaquin Resano
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2002
Bilduma: tamaina ttikia
Orri kopurua: 70
Adina: 6tik gora
- Juan Kruz Igerabide, Behinola aldizkaria 7.zenbakia 2002ko azaroa Jolasa eta sentipena
Jolaserako dago Jon liburuaren hasiera-hasieratik;irakurlearekin jolas egiteko,hitzekin jolas egiteko.Esaten dio irakurle gaxteari: jolas ezazu nirekin,esan ditzagun elkarrekin hitzen jolasak;baina erronka ere egiten dio:bide batetik eramaten du,ezetz asmatu nondik joko dudan orain,adieraziz bezala,eta gero irtenbide ezustekoak eskaintzen dizkio;eta,azkenik, zerbait kontatzen dio;ipuinlari bat dago poema gehienen atzean ezkutaturik,ahotik belarrira,hitz goxoz kontatzen hasten den ipuinlari bat,kontaerak sujeriturik uzten dituen ipiunlari bat,haurra ipuinegarritzen duen ipuinlari trebea.
Trebea,bai,izan ere,oso baliabide gutxirekin,konposizio bat osatzeko trikimailu zenbait baitaramatza paperera;gehienak trikimailu narratiboak dira,kontapoe siaren bide pertsonal bat eraikiz. Baliabide nagusia errepika da,iturri herrikoietan erabiltzen denaren antzekoa;baina,maiz,errepika hori kontrasteen bidez aitzineratzen da,piezen egitura zainduak osatuz,eta amaiera ezustekoak
eskainiz.
Antolamendua da liburuko konposizio gehienen bertute handietako bat;esan nahi dut artisautza lan handi bat dagoela oinarrian, nire iduriko.Artisautza edo jolasa, bai egiturekin,eta baita hitzekin berekin ere,hitzen itxuraldaketak-eta etengabe baliatzen baitiru Jonek.
Orain arte Jonen lan egiteko moduaz aritu naiz,baina beste zerbait ere nabarmendu nahi nuke; bi gauza hain zuzen:alde batetik, tonua,ahotik belarrirakoa,haurrari gertu-gertutik mintzo zaiona,aitakerian erori gabe,baina samurtasun bero batez;eta,bestetik, sentimendua,izan ere sentimenduak adierazten baitira etengabe, oso modu xumean,baina sakontasunez.Hortik,lirismoa.
«Nola gustatzen zaidan neure burua /zuri begira nagoenean,/niri begira zaudela /barre dagizunean. /Ispilua dirudizu,/ama!»
- F.J. Diario Vasco 2003ko otsailaren 9a. Jolasteko asmoz eta gogoz idatzi du Jon Suarez idazle jostalariak jolas liburu hau, "Luzi, Fer!" idatzi zuen bezalaxe. Izenburutik hasita orduan ere jolas atsegina. Oraingoan, ordea, poema-liburu bat idatzi du, prosazkoaren ordez, poesiak, bere baliabideak ongi erabiliz gero, jolasteko aukera handiagoa ematen baitu. Ikusi, bestela, gure mundu honetan haurrei zer ematen zaien lehendabizi ikasteko, kanta xumeak, hitz-korapiloak, asmakizunak. Bertsoak errazago eusten dio jolasari, prosak baino. Prosa, izan ere, serioa da hemen eta Londonen. Hala uste dut behintzat, ez alferrik Londonen Shakespeareren bertsoak ikasten dituzte txikitatik, eta gu ez gara hasiko haurrei Axularren prosodia irakasten. Jolas eta txantxetarako liburua den arren, horrek ez du esan nahi txantxetan eta jolasean idatzia izan denik. Ez, horixe.
Liburuaren antolamendua, nondik norakoa, oso serioa da, eta oso eraginkorra. Egia da liburuko ilustrazioak lagungarri direla horretan, oso politak baitira, eta kutsu artistikoa ematen diote liburuari.
Poemak ez dira nolanahikoak, zerbait adierazteko dira jaioak, ez hor gelditzeko edertasun-erakusle soil eta xumeak. Zerbait adierazten dute, sentimendu bat gehienetan, sentimendu txiki eta biribila, gehienetan, baina ilargiaren eta eguzkiaren berotasuna dutena; erre gabe jakina. "Galdera ikur izan nahi nuke/ galdera guztien bukaeran egoteko, erantzun guztien hasieran egoteko". Edo-eta, liburuko politenetakoa: "Nola gustatzen zaidan neure burua/ zuri begira nagoenean/ niri begira zaudela/ barre dagizunean./ Ispilua dirudizu,/ ama!". Bere ordenamenduan, letrak goitik behera isurika, politagoa da. Poesia libreagoa bizi baita, bere espazioan, prosa baino, lerro zuzen zurrunen artean itxita beti.
Liburu erraza da eta goxoa, umeei bertsoaren doinu eta arintasunez ipuinak, ipuin laburrak noski, kontatzeko sortua, beharrik. Umeak kontalariari begira begiak zabal eta belarriak are zabalago gera daitezen. Poemok gertukoak baitira: ahotik belarrirainoko bidea egiten ohituta daudenak, gainera.