Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Ilargian ditarean

Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1996

Bilduma: Miru

Orri kopurua: 57


Laburpena:
Gau hartan erabat aldatu zen jauregiko jaunaren bizitza. Harrezkero gau amaigabe batean bizi zela zirudien. Lehen, leihotik ilargia ikustean, honela galdegiten zion: "Ilargi amandrea, zeruan zer berri?" Eta hark honela erantzun: "Zeruan berri onak orain eta beti". Baina gau hartatik aurrera ilargia hodei ilunen artean ezkutatu zitzaion jauregiko jaunari, eta ez zekien bere larrialditik ateratzeko zer egin, ez zekien bere seme-alabei zer esan...


Prentsako aipamenak:

- Kukuluma, 1997ko abendua. 1 zkia Gau hartan Ilargia beltza zen... jauregiko jauna kartetan... Zoritxarreko gaua, jokoan dena galtzen denean: etxea, dirua, ohorea... Hiru seme-alaba... eta, bekatua eskuratzeagatik, aitak bidaliak Ilargia ditarea barruan sartzen...
Gizakiaren handitasuna eta ahulezia.
Gizakiaren argitasuna eta iluntasuna.
Gizakiaren bizitza eta heriotza.
Betiko gaiak, beti ongi etorri.
Ipuin klasikoaren egiturak eta hizkuntzaren erritmoak mimoz murgiltzen gaitu bizi esperientzien barrena: lotsa, beldurra, amodioa, gorrotoa, gezurra, argitasuna... Murgil eta eraman!
Ilustrazioak, zuri-beltzean, ederrak.
Gustura irakurtzeko.
- Xabier Etxaniz, Egunkaria 1997ko urtarrilaren 4a Ahularen indarra

Aspaldiko kezka du Patxi Zubizarretak ahozko tradizioa eta literatur modernoaren arteko harremana. Gutun harrigarri bat edo Ipuinkaria bezalako lanetan saiatu da tradizioa eta gaur egingo errealitatea batzen. Ilargia ditarean ipuina ere, antzinakotasuna eta oraina elkartzen dituen ipuina dugu. Egitura eta argumentu aldetik lehengo ipuina dirudien honek badu tradiziozko kontuen hirukortasuna, baita ipuin horien krudeltasuna edo bortizkeria ere, baina horrekin batera bukaera harrigarria eskaintzen zaio irakurleari.

Kartetan jauregia galdu duen aitak gaindiezineko froga jarri die bere hiru seme-alabei, lotsaren lotsaz bere jokabidea argitu beharrean. Hiru seme-alabek ilargia ditarean nola sar daitekeen asmatu beharko dute jauregia bereganatzeko. Aitak, horrela, seme-alabak urrundu nahi izango ditu jauregitik, bera hil ondoren karta jokalariek eskuratuko duten jauregitik, alegia.

Seme-alaba zaharrenak munduan zehar ibiliko dira erantzunaren bila eta behar izanez gero borrokatu eta hil egingo dute bilaketa horretan. Patuak kartetako jokalariak jarriko ditu beren bidean eta jauregia eskuratu ez baina heriotza aurkituko dute seme-alaben eskuetan.

Seme gazteena, aldiz, itsua eta ahula, aitaren ondoan geratuko da honen azkenengoetan. Diruari eta ondasunei uko eginez igarkizunaren erantzuna aurkituko du, baita maitasuna ere.

Egia da ipuinean bortizkeria eta jokoa agertzen direla (zoritxarrez gero eta eragin handiagoa duen politikoki ez-zuzena korrente horren kontrakoak, hain zuzen), baina egia da baita ere, gaiak eta denborak distantzia handia jartzen dutela ipuinaren eta errealitatearen artean. Eta Patxi Zubizarretaren hau ez dela ahozko tradiziotik jaso ditugunak baino gordinagoa.

Aipatzekoa da ere, Jokin Mitxelenaren lana. Ilustrazio errealista eta adierazgarriek ederki osatzen dute testua. Sarritan irudia erabat gardena adierazi beharrean ideia bat islatzen dute lainoartean gogoeta eraginez.

Ilargia ditarean arin irakurtzen da eta kontatzen den ipuina dugu, lehengoen kutsukoa, baina egileak eman nahi izan dion baloreekin. Indarra, ausardia edo lotsagabekeria bultzatu beharrean, maitasuna eta gogoeta primatzen dituen ipuina. Ahuldadearen indarra erakusten digun ipuin xarmanta, alegia.


Ilargian ditarean