Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Hugo

Idazlea: Karlos Linazasoro Izagirre

Ilustratzailea: Montxo

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2000

Bilduma: Mendi sorgindua

Orri kopurua: 36


Laburpena:
Esku artean dugun liburuaren pertsonaia nagusia Hugo izeneko mutiko bat da. Bere bizitzan lehenengo aldiz bere logelatik kanpora lo egin behar du eta horrek beldurtzen du. Bere gurasoek konpromezuren bat dute, beraz Hugo animatzen saiatzen dira, amonaren etxean oso ondo pasako duela esanez; baina Hugo gogo txarrez, haserre joango da amonaren etxera.<BR>
Etxeko atarian amona zain edukiko du, bere poza agerian. Baina berehala konturatuko da Hugo triste eta haserre dagoela, beraz egongelara bidaliko du bertako jostailuekin jolastera. Bertan hasiko da Hugoren istorio misteriotsua, jolasten egonik, atzean duen kulunkaulkia, bakarrik, mugitzen hasten denean. Hasiera batean etxeko animaliaren batek edo amonak berak mugituko zuela uste badu ere, piskanaka kulunkaulkia bakarrik mugitzen dela konturatuko da. Hala ere, Hugok ez dio amonari ezer esan nahi, txepeltzat hartuko duen beldur.<BR>
Kulunkaulkia Hugorekin jolasean ibiliko da eta Hugok bere ausardia erakutsiz aurre egingo badio ere, berdin jarraituko du gau osoan zehar eta baita hurrengo goizean ere. Gurasoak bere bila etorriko dira baina Hugok oraingoan ez du etxera itzuli nahi, kulunkaulkiaren sorginkeriari erantzun bat eman nahi baitio.


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 3. zenbakia, 2000ko azaroa Hugoren jakinmina


Bereziki helduen literatura landu izan duen arren, Karlos Linazasoro sartu-irten bat baino gehiago egina da HGL-n. Esparru horretan, gazteentzat Altzeta (Alberdania) idatzi zuen, baina batez ere poema eta ipuin laburrak eskaini izan dizkigu orain artekoan. Duela gutxi, ordea, Walter Sismoley Eliseoko Zelaietan (Elkarlanean) narrazio laburra idatzi zuen, Mikel Valverderen ilustrazioekin lehen irakurleentzat oso aproposa, eta oraingoan Hugo izeneko ipuintxoa plazaratu digu Aizkorri argitaletxearen eskutik.

Liburuaren planteamendua oso xumea da: Hugoren gurasoak gaua kanpoan ematekoak dira eta mutikoak amonarenera joan beharko du; haserre, baina etsi egin behar: «Beraz, maletatxoa prestatu zuen: pijama, hortz eskuila, lau ipuin eta pelutxezko hartza, elefantea, tigrea eta jirafatxoa.» Hala ere, hain orri gutxitan egileak sortzen duen intriga eta misterioa benetan hunkituko dute Hugo —eta irakurlea—: «Zaratatxo bat entzun zuen bere bizkarrean. Kirrinkaria. Gorputza jiratu, eta kulunkaulkia ikusi zuen kulunka ttikiak eginez, aurrera eta atzera. Inor ez zeukan, ordea, gainean.» Mutikoa ez da ausartuko amonari ezer esatera eta irakurlearen konplizitatearekin saiatuko da misterioa argitzen; hain sartuta egongo da ikerketan, azkenean ez baitu desiratu ere egingo gurasoen etorrera.

Hala gauzak, bere xumean liburu ederra idatzi du Linazasorok eta, zerbait gaineratzekotan, beharbada Juan Kruz Igerabideren Jonasen eragina nabaritzen dela esan daiteke, edota beharbada haur ttikientzat amaiera irekia, irekiegia uzten duela. Ezin aipatu gabe utzi, azkenik, Montxoren marrazkiak, bat ere gozoak ez, biziak, indartsuak eta haur literaturan sarri ikusten ez den bihurrikeriaz eginak.


Hugo