Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Hodei artean kulunka

Idazlea: Karlos Gorrindo

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1999

Bilduma: Osinberde

Orri kopurua: 72


Prentsako aipamenak:

- Gorka Perez, Behinola 2.zenbakia 2000ko apirila Literaturaren egunerokoak



Pozgarria da egile oso ezagunak ez direnen liburuak irakurtzea, eta are pozgarriagoa liburu horiek txukunak direla frogatzea. Eta horixe da Karlos Gorrindoren Hodei artean kulunka liburuarekin gertatu zaiguna. Bertan, neskatila baten ikuspuntutik azaltzen zaigu bai aitaren langabeziak etxean sortzen duen giro txepela bai aita-amen artean pizten den liskar gero eta egunerokoagoa, gero eta handiagoa. Baina neskatilaren ikuspuntua azaltzeko zer hoberik eguneroko bat baino, nahiz eta jakin halakoetan idazkera arina izan daitekeela, arina eta, nolabait esateko, anarkikoa:


Berriz korapiloa harian. Gauza bat esaten hasi, eta beste batekin jarraitu. Hamar bat urte izateko, galdera lar egiten ditudala esaten dit amak. Baina hara!, zerua ere, gauean, izartsu dagoenean, hasi bati begira eta begiak hara eta hona ibiltzen zaizkit, dena ikusi nahian. Zerua bai handia, ezta?


Egunerokoaren laguntza gorabehera, neskatila gaixotu egingo da eta hain zuzen ere gaixotasun hori izango da ipuinaren amaiera behartuko duena.


Hodei artean kulunkan irakurri ostean, ordea, hiru zalantza txiki sortu zaizkigu:


a) Egunerokoan neskatilak bere esperientzia berriei dagozkien hitzak jasoko ditu: poztasuna, hil, beldur… Baina gaude narrazioan ez ote den kontraesan bat gertatzen hitz horien deskubrimendua eta gero berak darabiltzanen artean, hau da, bere estiloan batzuetan aski berba zailak agertzen direla berak deskubritzen dituen errazagoen aldean (beharbada liburuaren azken paragrafoa izan daiteke horren argibide esanguratsuena.)


b) Ongi dago amamaren ipuin tradizionalak eta bereziki Mariren agerpena, baina sarritan literaturan agertu ohi den liburu eta ipuinen apologia batzuetan nabarmenegia egin zaigu.


c) Amaitze aldera, eta obrari berari ez badagokio ere, kontatzen diren gertakariak, erabiltzen den estiloa ikusirik, egokia al da Alberdania argitaletxekoek liburua Osinberde sailan argitaratzeko hartu duten erabakia? Ez al legoke hobeto txikiagoentzat den Kalamatxin sailean?


Zalantzak zalantza, bai gaiarengatik, bai bere estilo freskoarengatik, bai amaiera ezagutzeko pizten duen irrika asetzeko, bai Tasioren marrazki erakargarriengatik, lerro hauetatik doakizue Karlos Gorrindoren Hodei artean kulunkan liburua irakurtzeko gonbitea.

- Javier Rojo, El Correo 2000ko maiatzaren 24a Haurraren begirada

"Hodei artean kulunka" Karlos Gorrindok irakurle gazteentzat idatzi duen eleberri txiki baten izenburua da, egunkariaren itxurapen garatutako istoriotxoa, hain zuzen ere. Egunkari horretan narratzaileak (hamar bat urteko neska) bere inguruan gertatzen diren zenbait gauzaren berri ematen digu, errealista izan nahi duen giro batean, batzuetan irudimenezko osagaiak ere sartuz. Izan ere, behin baino gehiagotan, egunkariaren fikzioa narrazio enmarkatuak aurkezteko baliabidetzat erakusten zaio irakurleari.

Liburua haurrentzako eta gazteentzako egokia eta interesgarria dela onartuta ere, ikuspuntuaren aldetik, ordea, kontraesanak sortzen direla iruditu zait, batez ere haurrak idatzitako egunkariaren fikzioa azken ondorioetaraino eramatea berez ezinezkoa baitzaio idazle helduari. Ikuspuntua haurrarena izan nahi du; idazkeran, berriz, ez da horrelakorik erakusten, narratzaileak berak kontrakoa sinestarazi nahi digun arren. Gauzak honela, haur eta gazte literaturak berez duen arazo baten aurrean jartzen gaitu liburuak: haurraren benetako ikuspuntua erakutsi beharrean ez al du erakusten haurrak eduki beharko lukeen ikuspuntua, helduen neurriko koherentzia eta egiantza gordetzeko asmoz literatur-konbentzioaren arabera egokitua?


Hodei artean kulunka