Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Herensuge

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2022

Orri kopurua: 16

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Herensugeari buruzko obra hibridoa da: ahozko tradizioa bilduz, herensugearen inguruko ipuin, bizipen eta kondairak zein animalia fantastiko horren inguruko kultura ezberdinetako informazioak biltzen ditu liburuak.

Obran ondoko atalak ditugu:

  1. Zazpi koloreko herensugea. Kanta poema jostarian bateratzen dizkigu idazleak herensuge-munstro-dragoi kontzeptuak, alderatzen Txinar dragoi festazaleak eta kobazuloetako herensuge euskaldunak, kontatzen du bertako herensugeen jan gura eta herritarren borroka eta garaipena eta eguneratzen du zazpi buruko herensuge hegalariaren kontakizuna, sagardozale egiteraino.
  2. Nire ama eta herensugea. Ahozko tradizioari eutsiz, bere amak herensugeei buruz txikitan kontatutakoa jasotzen du egileak, bera eta amaren arteko elkarrizketa batean. Horrek jarraian datozen euskal mitologiako hiru kondairei sarrera ematen die.
  3. Herensugea eta Teodosio. Goñiko zaldunaren eta Aralarreko herensugearen kondaira. Teodosio Aralarren zebilen kate astunekin penitentzian, herensugearen triskantzak ezagutu zituenean. Urtero gazte bat jaten zuela jakitean bere burua eskaini zuen Teodosiok. Kobazulora hurbildu, herensugea ikusi eta San Migeli laguntza eskatzea dena bat izan zen. Santua agertu zenean, herensugeari lepoa moztu eta Teodosiori katea askatu zion. Esker onez, Teodosiok eta bere emazteak Aralarko baseliza eraiki zuten.
  4. Mondarraingo herensguea. Lapurdiko Mondarraingo leizean bizi zen zazpi buruko herensugeak urtero neska gazte bat eskatzen zuen, inguruko lurrak birrinduko ez bazituen. Jauntxoaren alabari tokatu zitzaion hartan, alaba salbatu nahian, aitak alabarekin ezkontzea eskaini zuen salbatzen zuenarentzat. Lotu zuten neska leize aurreko zuhaitz batean. Gutxira artzain bat agertu zen bere txakurrarekin, neska askatu eta txakurra xaxatu zuen. Txakurrak herensugea hil zuen eta artzainak zazpi mihiak moztu zizkion herensugeari eta zazpi azpiko gonen zati bana neskari. Basamutiletan lotsagabeenak, herensugea hilik ikusita, zazpi buruak moztu eta jauntxoarengana jo zuen, alabarekin ezkontzeko asmotan. Ospakizun bazkaritan zirela agertu zen artzaina zazpi mihi eta azpiko gona zatiekin eta zegokiona aldarrikatu zuen.
  5. Beltzuntze eta herensugea. Nafarroa Beherako Beltzuntze jauregiko semea lagun batzuekin bidali zuen aitak bidez bide, gizon egin zedin. Herri handi batera iritsi eta herensugea ematen ari zen ezinak entzunda Beltzuntze gazteak hari aurre egingo zuela bota zuen. Esan eta egin, han joan zen sokaz lotuta kobazuloan barrena. Moztu zizkion hiru buru baina herensugeak zulora erorarazi zuen, eta ez zen gehiago agertu. Inork ez daki handik aurrera gazte harekin zer gertatu zen.
  6. Munduko herensugeak. Munduko herrialde desberdinetan dragoi edo sugetzar hauei buruzko kondaira eta informazio ezberdinak biltzen dituen informazio testua da. San Jorgeren ipuina, Katalunian eta Kapadozian ezaguna. Greziako Ladon dragoia, Jason eta argonautek Kolkidan topatutakoa, Lernako Hidra eta ehun buru omen zituen Tifoi dragoia. Beowulf eta Somerville heroiak herensugeen kontra borrokatzeagatik nola hil ziren. Txina eta Japoniako dragoi jakintsuak, eta jendeari laguntzen omen diotenak.

Formatuari dagokionez edizio berezia du lanak.

Batetik gainazal kengarri batek biltzen du liburua. Herensugearen gorputza islatzeko, istorioetan piztiari aurre egiten dioten soldaduak erabiltzen ditu ilustratzaileak. Honela, estilo minimalista batean eta trazu beltza eta detaile gorrixkaren bat erabiliz ( txuri, gorri, beltz) koadro moduan ikus daiteken ilustrazioa osatu da gainazalean.

Gainerako ilustrazioak testuaren artean tartekatzen dira, eta istorio propio bat kontatzen dute. Istorio iradokitzailea, ez da herensugerik ageri esplizituki.

Testuari dagokionez, tipografiak, orrialdearen gramajeak, tamainak... apunte koaderno baten itxura ematen diote, gai honi buruzko ikerketa koaderno baten antza hartuz.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika berrian


Herensuge