Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Helena eta arrastiria

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1999

Bilduma: Apirila

Orri kopurua: 148


Laburpena:
Gaztetxo bat leihotik begira, burua alde batera jiraturik, urruneko mendietan ezkutatzen ari den eguzkiari so. Eguzki hura doan bezala joan zaizkio haurtzaroa eta nerabezaroa; oroitzen ditu urte joanak, garai bateko sentipenak. Lekuak eta denborak ez dira zehazten; zer axola leku batean edo bestean? Arrastiria leku orotan gertatzen da, egunero. Eta arrastiriari begira dagoen gazte hori zu zeu izan zaitezke.


Prentsako aipamenak:

- Gorka Perez, Behinola 2. zenbakia, 2000ko apirila Arrastiriko biluzia



Bi izan ziren Juan Kruz Igerabidek, ezustean, joan den urtean gazteentzat idatzi zituen obrak, Hamabi galdera pianoari (Ostiral saila, Alberdania) eta Elena eta arrastiria, eta ezustean diot orain arte batez ere poesian heldu eta haurrentzat eta prosan haurrentzat jardun izan duelako. Eta ezer baino lehen beharbada esan beharra dago poesiaren oihartzuna igerri-igerrian dagoela bi lan hauetan, poesiaren oihartzuna eta tonu malenkoniatsua. Horrekin batera, gaineratu behar da egileak berak onartzen duela Elena eta arrastiria nobelan dagoen Txingiz Aitmatov idazle errusiarraren Jamilia (Branka saila, Elkarlanean) obraren eragina, eta ez dugu ahaztu behar Igerabide bera arduratu zela obra hori euskaratzeaz.


Nobela honetan, leihotik begira dagoela, gaztetxo bati sei ilunabar edo arrastiritan zehar datozkion oroitzapenak kontatzen zaizkigu, batez ere Elenarekikoak: Elena erizaina, Elena laguna, Elena maitatu bezain miretsia… Eta gertakari gozoak eta tragikoak oraineratu eta gero, oroimen ariketa horren ostean, gaztea konturatu egingo da joanak zaizkiola haurtzaroa eta nerabezaroa. Baina nobelaren mezua ezkorra dela pentsatzen duenarentzat, Igerabidek honela diosku sarrerako hitzetan: «Ez dut uste. Ilunpetik, itsumenetik, uholde baten erasotik igaro gabe, ez dakigu benetako argiaren berririk; itsutasunak, argiaren galera uholdetsuak, ematen digu haurtzaroko argiaz jabetzeko aukera. Mezu ezezkorretik iturri gardena, beraz.» Eta irakurleari Bernardo Atxagaren eta haren Mo behiaren hitzak datozkio berehala gogora: «Benetako behi izan nahi duenari nahitaezkoa zaio desertua, nahitaezkoa zaio mundutik urrutiratu eta hondarra besterik ez dagoen erresuma mortuan bolada bat egitea.»


Nobela irakurritakoan, lan hau bizitzari buruzko hausnarketa poetikoa dela esan genezake, eta ez dela aukeraketa hutsala horretarako arrastiria aukeratu izana.



Denbora hartu. Hartzerik balego! Denbora, joan egiten da, ura hatz artetik baino labainago. Denbora, etorri ahala joaten da, eta pauso bakoitzean hozka egiten digu, eta zatika-zatika jaten gaitu, ezerez bihurtu arte. Mediku zaharra eta haren emaztea gure artetik eraman zituen, eta haiekin gure puska bat joan zen; eraman zuen izeba, eta berarekin gure pusketa bat; eraman zuen gure haurtzaroa…


Arrastiria da denboraren lekukorik nabariena. Arrastiriak eramaten du eguna, ez gehiago itzultzeko, arrastiriak eramaten du gure begietatik argia, eta inoiz ez dago ziurtasunik argi berririk gure begietan berriro piztuko denik. Arrastiria halabehar itsuaz mintzo zaigu.


Baina arrastirian ere, gazteak beste neska bati erreparatu dio etxe pareko parkean, egunaren ordu labainkor horretan agertu izan den —ez beti, baina beti misteriotsu— neska beltzaranari, eta Elenarekiko harremanak irakurlearengan jakinmina pizten badu ere, are handiagoa da bukaerarako neska beltzaranarekiko Igerabidek prestatua digun ustekabea.


Amaitze aldera, euskarazko gazte literaturaren eremu kasik mortu honetan benetan nabarmentzeko modukoa da Elena eta arrastiria lana, batez ere ikusirik irakurketa itxuraz arin baten atzealdean nerabeen barne mundua jasotzeko benetako ahalegin literario bat dagoela.

- Javier Rojo, El Correo 200ko urtarrilaren 19a Oroimen leuna

Helena eta arrastiria Juan Kruz Igerabidek irakurle gazteentzat idatzi duen azken eleberriaren izenburua da. Protagonistak, nerabezaroaren bukaera aldetik, urte batzuk lehenago gertatutako zenbait gauza gogoratzen ditu, malenkoniaz beteriko tonu batez. Oroimenean oinarritutako liburua dugu, beraz, baina oroimena oraindik finkatu gabe duen pertsonaia batenga gauzatua agertzen delarik. Eta oroimenaren aurrean, pertsonaiak gogoratzeko akuilutzat daukan begi aurreko mundua agertzen zaio irakurleari. Gauzak horrela, eleberriaren haria orainaldiaren eta lehenaldiaren artean pertsonaiaren irudimenean eraikitzen den desberdintasunaren ardatzaren inguruan gauzatzen da. Eleberri osoak, bestaldetik, zehastasun falta nabarmena dauka. Denbora eta lekuak nekez identifika daitezke, koherentzia osoarekin behintzat. Honen ondorioz, zehaztasunaren mundutik aldendu ahala, denbora eta lekuak, eta baita narrazioaren bestelako osagaiak ere (pertsonaiak, ekintzak, hitzak berak) balio sinbolikoz beterik agertzen dira, eta alegoria baten osagaiak bailiran, batzutan oso eskematikoak. Istorio xamurra da, leuna, sentimenduen agerpen eztia. Sentiberatasun hau irakurle askori gustatuko zaie. Beste askok, ordea, bigunei iritziko diote.


Helena eta arrastiria