Izenburua: Haydn-en loroa
Idazlea: Felipe Juaristi Galdos
Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui
Argitaletxea: Aizkorri
Urtea: 2003
Bilduma: Topaleku
Orri kopurua: 112
Laburpena:
Udako goiz lasai batean, uhin handiek Stella Maris itsasontzi zaharra Zarauzko hondartzara ekarri dute. Hiru lekuko baino ez daude une horretan: hiriko sakristaua, estankoaren jabea eta notaritzarako oposaketak prestatzen ari den gizon bat. Beraien harridurarako, lehenengoz, zenbait tximu txiki itsasontzitik atera dira; gero, kolore guztietako txoriak hegaka eta iheska; azkenik, bi ertzain agertzen direlarik, gizon-emakume asko lehorreratzen dira. Baina Stella Marisek badu oraindik ustekabe asko...Elaberri orijinal honek “Bizi, Irakurri 2002” saria irabazi zuen gazte sailean.
- Josu Lartategi, Deia 2004ko azaroaren 16an BIZIPOZA KEINU TTIPIETAN
Panamako bandera duen zamaontzi batek hondoa jo du Zarauzko hondartzan. Goiz da. Harriturik daude hiru bainatzaile goiztiarrak, begira, batik bat ontzitik era guztietako animalia exotikoak irteten hasi direnean. Tximinoak bereziki bihurriak dira. Alkateak kexa ugari jasoko du. Animalia misteriotsuena loro jakin bat da, alemanez mintzo dena; herriko pianojole batek Haydn-en piezaren bat jotzen duen bakoitzean, horra doakio, leiho ondora. Ez ote da izango loro hori konpositore jenialak zuen loro bera? Noizkoa eta berrehun urte lehenagokoa?!
Liburu zoragarri honen argumentua interesgarria da, baina are interesgarriagoa iruditu zait duen forma. Formalki halako kostunbrismo poetikoa usaintzen da, keinu ttipietan osatzen dena. Aspaldion irakurri dudan narrazio piktorikoena dela esatera ere ausartuko nintzateke.
Herria eta elementu arrotza, horixe dugu gaia. Eta horren azpian, gutxien gutxienik, beste bi gai: herri txiki xamar baten antolaketa soziala eta inmigrazioa, batetik; eta hizkuntza eta komunikazioa, bestetik. Kontakizunaren haria estanpa kostunbrista baten segida bat da, herriaren antolaketa soziala erakusten diguna ( zenbat pertsonaia, lehen eta bigarren mailakoak, hain eleberri laburrean!). Ironia ironia nabarmen den arren, maitasunezko begiradaere agerian dago une oro. Narrazioa estanparik estanpa agertzen zaigu, argazki segida baten bezala. Irudiak beti desberdinak baina beti antzekoak dira, errepikapen estilistikoek ispilu itxurako efektua egiten dutelako. Esan liteke narrazioaren indarra elementu simetrikoak dutela. Ñabardura berriez datorkigu dena, epiteto berriez, hitz jolas eta anafora etengabeez. Asko eta politak, natural eta goxoak.
Kontalarien tonua ironiko eta malenkoniatsua da. Horrek gehi sailkako antolaketak (deskribapen eta gertakizunen arteko zerbait) margo inpresionista sortzen du. Ederra benetan. Prosa poetikoa dugu parez pare, umoretsua baina intimista eta patxadatsua. Eta narrazio nagusiaren azpitik hamaika hari, hala nola interkulturalitatearena.
Azken Euskadi Sarietako hautagaietako bat dugu liburu hau, Gazte literaturan. Argiro esan behar dut hau ez dela gazte literatura soilik, helduen literatura petoa baizik, itxurazko sinpletasunean bildua, gure idazle handi baten eleberri ttipi bezain atsegina, maila askokoa, keinu ttipien bizipoza dariona.