Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Hamabi titare

Idazlea: Karlos Linazasoro Izagirre

Ilustratzailea: Elisabete Zabalo

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 1999

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 60


Laburpena:
Liburu hau 76 poema laburrez osaturik dago. Bakoitza hiru lerrotakoa da eta irudiak dira haikuen antzera. Horietako zenbait marrazki batean islaturik agertzen dira. Azken hauek biziak eta koloretsuak dira.<BR>
Irakurle hasi berriei zuzenduriko liburu hau, beraien artean erlazio finkorik jarraitzen ez duten esaldietan oinarritzen da, zenbaitetan esaldiak marrazkiei lotuta agertzen direlarik. Esaldiak, orokorrean, egunerokotasunetik aldentzen dira, askotan arrotzak diren ideiak azalduz. Honek guztiak, irakurketa alaia eta erakargarria egiten du. Aipaturiko marrazkiek ere, irakurketa arintzen dute.


Prentsako aipamenak:

- Gerardo Markuleta, Behinola 2. zenbakia, 2000ko apirila Liburua harturik, lehen inpresioa zera da, Linazasorok eta Zabalok ez dutela Igerabidek eta Odriozolak adinako zorterik izan testuak eta irudiak ezkontzerakoan. Bi orrialdeko ilustrazioaren gainean hiru bat testu laburtxo datoz, gehienetan erabat independenteak elkarren artean; baina marrazki handia poema horietako bakar bati dagokio. Testuak ito samar ageri dira marrazki nabar-nabarmen naďf-en kolore primario, gogorretan. Pena da, ilustrazioa eragindako testu bakoitzak, beharbada, indar nahikoa baitzuen marrazkiarekin batera bi orrialdeak hartzeko. Orrialdeen espazioa bestela antolatzea zatekeen beste irtenbide bat; ez dakit.
Karlos Linazasororen testuak labur-laburrak dira, izenbururik gabeak, sarritan hiru hitz soilez josiak: “Belazeetan / igeri / bildotsak”. Txundigarria da hain berba gutxirekin, hain adierazpen biluzian, zenbateko indar iradokitzailea hartzen duten batzuetan pildoratxook. Niri Ramón Gómez de la Serna idazle espainiarrak asmatu zuen greguería generoaren tankerakoak gogorarazi didate sarri: “Etxeorratza / zeruari / adabakiak josten”, adibidez, edo beste hau: “Garabia / gurutze / maingua da”.
Harrigarriak gertatzen dira oso, are gehiago haurrei zuzenduak direla gogoan harturik, eta irudien ingenuitatearekin kontraste eginez. Banaka batzuekin, haurrek (“sei urtetik aurrera” dio liburuaren atzealdeak) zenbat edo nola ulertuko ote duten sortzen da kezka: “Ordua / galdetu dit / euriak”. Linazasororen helduentzako narratiba lanetan behin eta berriz agertzen zaizkigun gaiak ere aurki ditzakegu han-hemenka: “Gezurra dirudi: / atearen bestaldean / neroni!”.
Hautatutako egitura soil beti-berdin horrek (hots, ekintza edo deskribapen ttanttarena) ematen du, hala ere, aniztasunerako aukera. Irudi txundigarriak ditugu: “Pikuak / atera zaizkio / pertxeroari”; absurduaren plastikotasuna: “Zerutik / zintzilik / izozkiak”; ustekabeko metaforak: “Mariburduntziak / dabiltza / erreskate lanetan”; Natura elementuen pertsonalizazioak: “Euriak babes / bilatu du / mendiko etxolan”; okurrentziak: “Mozkorra / mantzanilla / biltzen”.
Edonola ere, dosi txikitan, ttanttaka hartzeko literatur pilulak.




- Felipe Juaristi, Diario Vasco Poesia txikia.

Karlos Linazasoro poeta dugu. Horrek ez du esan nahi poesia besterik idazten ez duenik. Nobelak (barka, eleberriak) idatzi ditu eta ipuin-liburuak ere bai. Berak aitortzen duenez, nahiago du ipuinaren giroa, eleberriarena baino. Hori, dena dela, gustu kontua besterik ez da, eta gustu kontuaz ez omen dago eztabaidatzerik, edo, behintzat, ez dago luze eztabaidatzerik.

Haurrentzat ere idatzi du. Kaleratutako azkenak hartu ditut komentatzeko eta, ahal bada, bultzada txikia emateko, ondo merezia baitute. Hamabi titare izenburukoa ez da irakurtzeko liburua soilik, gozatzekoa ere bada, marrazki ederrak baititu, Elisabete Zabalorenak hain zuzen. Poema liburua da, poema txiki-txikiz osatutakoa. Poema batzuk aukeratu eta haiek hona ekarri nahi nituen, baina berehala konturau naiz ahaleginaren alferraz. Poemak eta marrazkiak bat eta bakarra dira, poemek ez dute zentzurik marrazkirik gabe; eta alderantziz. Poesia surrealista samarra da, umeentzta aproposa, jakina baita umeak surrealista samarak direla, poesia idazterakoan. Nire umeak bai behintzat.

Oihan ttiki baina txukun batean ezberdina da. Ipuin-liburua dugu, zehatzak bagara eta ipuinari berezko tradiziotik datorkiona ematen badiogu. Oihan bateko pertsonaiak ekarri dizkigu Karlos Linazasorok: Join tximino bihurrikaria, Stanislaw kamalehoi lotsatia, Caruso kilkerra, Milos jirafa eta Litto Militto alkatea, Lafcadio herensuge gaztea. Animalia horiek, (barka piztia horiek) lasai asko bizi dira oihanean. Luis Alonsoren marrazkiak ditu liburuak.


Hamabi titare