Izenburua: Haizearen izena
Idazlea: Antton Kazabon Amigorena
Ilustratzailea: Jon Zabaleta
Argitaletxea: Ibaizabal
Urtea: 2014
Bilduma: Ekin
Orri kopurua: 106
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Elkarrizketa bidez osaturiko kontakizuna dugu Antton Kazabonen Haizearen izena. Ez da antzerkia, ordea, nobela bat baizik, edo ipuin luzea, nahiz eta narrazioek izan ohi duten elkarrizketok lotzeko deskripziorik ez izan. Hamar ataletan banatuta dago. Atal bakoitza familia bereko bikote batek kontatzen du. Guztiek kontu bera ahotan: familiako adin ertaineko bikotearen banaketa. Gertaerari buruzko ikuspegi desberdinak aurkituko ditugu, atalotan: alderdi bateko aitona-amonenak; beste alderdiko aitona-amonenak; etxeko alaba eta bere lagunaren artekoak; banatu den bikotearena; bikotea eta alabaren artekoa; bikote-kide bakoitzak bere lagun-minarekin duena… Guztien arteko elkarrizketa-sarea osatuz doan neurrian jakingo du irakurleak zein den banaketaren benetako arrazoia, hain justu, izenburuari izena ematen diona.
Jon Zabaletaren irudi ederrak dira, agian, liburuko gauzarik azpimarragarriena.
Bestalde, gertaera berbera hainbat ikuspegitatik kontatzeko ideia interesgarria denik ezin uka. Aitzitik, tonu bihozbera eta ongi zaleak txepeldu baino ez du egiten kontakizuna, azal eta mami.