Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Groau!

Idazlea: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Ilustratzailea: Alex Orbe

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2004

Bilduma: Mendi sorgindua

Orri kopurua: 120

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Nor ez da, behin edo behin, haurra izan eta tximinoa dela pentsatu, katua izan eta txotxongilo gisa ikusi bere burua? Bai, hau katu baten istorioa da. Katakume txiki, nerabe eta, azkenean, gazte baten istorioa. Baina ez da katu arrunta batena. Ez. Ahizpa bat du. Ama ere bai. Amona izan daitekeen izeba bat ere badu, baina katu honek bere etxean beste inork ez duen beste gauza asko ditu. Ile beltz-beltza, indar gutxi, gorputz txikia eta ahots bitxi-bitxi bat: miau egin beharrean karraska egiten du.


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Berria, 2005eko ekainaren 21a Gure letretan baldin bada bazterrean dagoen literatura generorik, horixe antzerkia da. Esku bateko hatzekin konta daitezke urtero argitaraturiko liburuak, baina egia da, beste alde batetik antzerki lan gehienak ez direla argitaratzen, antzezten baizik.

Oraingo honetan, gure antzokietan iaztik dabilen obra baten argitalpena aurkeztu behar dugu. Haur literaturan azken urteotan plazaratu den obra bakarra, oker ez banago. Katu baten istorioa dugu. "Baina ez da katu arrunt batena. Ez. Ahizpa bat du. Ama ere bai. Amona izan daitekeen izeba ere badu, baina katu honek bere etxean beste inork ez duen beste gauza asko ditu. Ile beltz-beltza, indar gutxi, gorputz txikia eta ahots bitxi-bitxi bat: miau egin beharrean karrasa egiten du". Egileak, ikus daitekeen bezala, narratzailearen ahotsa erabiltzen du irakurleari eta ikusleari giroa, protagonistak, gertakarien nondik norakoak azaltzeko. Baina horrez gain, protagonistek beraiek beren elkarrizketa eta bakarrizketen bidez osatu behar baitute narrazioaren eza.

Irakurlea, zenbaitetan antzokiko ikusle moduan aurkitzen dena, Mitsi katuaren garapenaren lekuko da. Fisikoki nahiz psikikoki, gorputzaren nahiz ahoskeran aldatzen joango den katua. "Amatok "etoggi-etoggi, Miti", ezaten dit.Eta nik amatoren titiri, tiiira eta tiiira egiten diot, baina amatol etauka enerik! Eta Matuzek beti bagge eta bagge egiten dit. Groau!". Hots, gaizki hitz egiten duen Mitsi katuak (z, x, s, tz, ts, tx, rr guztiak gaizki ahoskatzen ditu) ahizpa Matsusen isekak jasan beharko ditu. Eta haserraldi, egoera gaitz edo galderen aurrean Mitsi beti Groau! ohiukatzen duen katua dugu.

Etxetik alde egin , basoan hainbat animaliarekin bat egin eta hauekin egon ondoren, Mitsi berri baten aurrean aurkitzen da irakurlea. Indartsuagoa azeriarekin borrokatzen ikasi ondoren, arinagoa erbiari esker... eta txakur batzuekin bizi da; izan ere, zer izan daiteke groau ohikutzen duen animalia bat? Horra hor, liburuko horrietan zehar dabilen galdera.

Bere nortasunaren bila ari den bidaia honetan, Mitsiren ibilbide iniziatikoa ikus dezakegu. Txikia, indar barikoa eta bere buruaz konfiantzarik gabeko norbait izatetik, indartsua, ausarta eta, nahi gabe edo txiripaz, heroia ere baden norbait ikus dezakegu aurrerago.

Yolanda Arrietak ederki erabili du antzerki lanen egitura. Hiri ekitalditan (eta hauek zenbait eszenetan) banaturiko obra baten aurrean gaude. Lehen ekitaldia, etxean, arazoa planteatzeko; bigarrena ,basoan, iniziazio bidean; hirugarrena, aldiz, itzulera, ahizparekin bat egin eta etxera bueltatzen denean, amaiera zoriontsua emanez obrari. Pertsonaiak gutxi dira, eta lerro gutxitan eta ekintzen bidez ongi karakterizatuak, irakurlearen eta ikuslearen lana errazteko.

Baina horrez gain, Arrietak kantak (batzuk jatorri herrikoia dutenak; Katuen testamendua ezaguna, kasu), off ahotsak, eszenatokiaren erabilera, gaur egungo gizarteko esaldi famatuak ("erbia naiz eta harro nago") eta musika ere erabili ditu, antzerkiko obra hau irakurtzeaz gain imajina dezagun, antzez dezagun gure buruan besterik ez bada.

Arestian aipatu dugu antzerkia ikusteko dela, eta Yolanda Arrieta horretan saiatu dela liburu honetan, guk ikus dezagun antzezpen hau. Baina, liburuan, idatzizkoaz gain Alex Orberen irudiak ere aurkitu ditugu, irakurritakoa garbiago ikus dezagun... irakurri baino gehiago ikusi egin behar den obra entretenigarri, ongi egituratu eta atsegin hau.


Groau!