Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gizon izandako mutila

Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Ilustratzailea: Asisko

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 1997

Bilduma: Tamaina Ttikia


Prentsako aipamenak:

- Kukuluma, 199ko otsaila. 4. zkia Xarma handiko narrazioa, XIX. mendean kokaturikoa. Bertan: gosez, ogi edo afektu gosez diren gizonak bidelapur bihurtzen dira. Eta lapurren artean, bi pertsonaia nagusi: Fabian, "Tximino" esaten zioten mutila eta Antonio Maria, "Gizon izandako mutila" goitizenez.
Pertsonaiak, bi hauek batez ere, ederto marraztuak eta sakonduak, eta hauekin batera, egoerak, paisaiak, sentimenduak, beldurrak, leialtasuna, maltzurkeria, odolaren berotasuna... bikain deskribatuak daude, barnetik, eta irakurlearen hondo-hondoraino heltzen dira.
Istorioaren ardatza ez da abentura, amodioa baizik. Amodioaren indarra eta eragina; eragina izenean eta izakeran, izana eta izenaren lotura magistralki erabiltzen duelarik autoreak.
Liburuaren hizkuntza benetan zaindua da, aberatsa eta elkarrizketa zoragarriak dituena.
Orokorrean esan dezakegu liburu on baten aurrean gaudela: irakurtzeko ederra, goxoa, sakona eta erakargarria.
- Javier Rojo, El Correo Abenturaren kontakizuna

Patxi Zubizarretaren azken kontakizun hau abentura eleberri sailekotzat har dezakegu. Alde honetatik, esanguratsuak dira hasieran agertzen diren zitak: Pio Barojarena bata; Merimée-rena bestea. Bidelapur batzuen istorioa kontatzen zaigu hemen, ekintzak XIX. mendeko bigarren erdialdean edo gertatzen direlarik. Istorioa aurrera eramateko, Gizon Izandako Mutila goitizenez ezagutzen zen bidelapurra hartu du ardatz eta haritzat, narratzailea partidako kide bat den bitartean. Egileari aitortu behar zaio abentura eleberri hutsean ez agertzeko egin duen ahalegina, saiatu ere saiatu baita eskuen artean duen gaiari sakontasuna ematen, honelako eleberriek berezko dituzten ekintzez gaindi. Baina nire ustez, ez du lortu pausu hau osorik ematerik. Gizon Izandako Mutila da protagonista. Baina idazleak bere gainean utzi nahi izan duen pisurako oso azaleko eta eskematikoa dela iruditu zait. Askoz garapen handiagoa behar zuen pertsonaia honek abentura eleberria baino gehiago izan nahi zuen kontakizun honen ardatza izan ahal izateko. Hitz gutxitan esan liteke erdibidean geratu dela kontakizun hau: abentura eleberriaz haraindiko paisaia erakutsi bai, baina lurralde hori zeharkatu gabe geratu baita azkenean.


Gizon izandako mutila