Izenburua: Garmendia eta zaldun beltza
Idazlea: Kirmen Uribe
Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2003
Bilduma: Garmendia
Orri kopurua: 96
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Garmendia eta zaldun beltza Ipar Ameriketako Mendebalde Urrunean pistolari ugari izan zen XIX. mendearen hondarretan. Eta pistolari horietako bat Garmendia izeneko ondarrutarra izan zen. Hori kontatu zion, bederen, osabak Kirmen Uriberi. Eta Ipar Ameriketako mendebaldean ondarrutarrik bizi izan zela oinarritzat harturik ekin dio Uribek Garmendia eta zaldun beltza liburua idazteari. Mikel Valverdek ilustratu ditu Garmendia pistolariaren ibilerak.
- Xabier Etxaniz Erle, berria, 2004ko urtarrilaren 31a Azken urte hauetan euskal haur eta gazte literaturak, goraka egin du nabarmen , eta argitaletxeek bilduma berrien alde eginiko apustua horren ondorioa izan daiteke. Garmendia saila horren adibide garbia dugu. Irakurleak, liburura hurbiltzen denean, irudia, kolorea, materiala eta, orohar, edizioaren aldeko jarrera nabaritzen du. Baina, hainbatetan, horrelako itxuraren atzean ezkutatzen den liburuak ez du literatura mailarik. Ez da hori Kirmen Uribek idatzi eta Mikel Valverdek ilustraturiko nobela honen kasua.
Hasi-hasieratik aurkitzen dugu istorien, narratzaileen, ipuin kontatzaileen aldeko mezua: "Atsegin dut zaharrekin hitz egitea. Aulkia hartu, ondoan eseri eta haiei entzunez arratsalde osoa igarotzea, atsegin dut benetan. Izan ere, zaharrak kontalari onak dira, eta edozein harritzeko moduko ipuinen jabe izaten dira beti". Hitz hauekin ekiten dio Uribek sarrerari, sail hau, Garmendia pistolariaren abenturak narratzen dituen saila aurkezten digun sarrerari.
Garmendia eta zaldun beltza liburu honetan irakurleak abentura liburu bat aurkituko du, pistolarien pelikuletan ikusitako abenturak itxura batean, baina, itxura horren atzean irakurleak hori baino askoz gehiago kontatzen duen nobela aurkituko du. Kirmen Uribek idatzitako nobelan gogoz kontra, bere nahiaren edo asmoen kontra pistolari ezaguna bilakaturiko Garmendiaren nondik norakoak ezagutuko ditugu. Liburuaren hasierak, pasarte ugarik bezala, pelikuletako bizitasun eta emozioa du: "Atzetik inor ez zuela jabetu zenean, Garmendiak mantsotu egin zuen zaldiaren abiada". Ihesi doa gure protagonista, iheslari errugabea ("berari egoki zioten hilketa"), eta irakurle bat-batean identifikatzen da euskal artzain iheslariarekin. Ondoren, ihesaldiko laguna, atxiloketa, ihesaldi berria... irakurleak Garmendiaren abenturekin gozatzeko aukera izango du, istorioa oso ongi kontaturik baitago, gure idazleak zaharrengandik ikasi baitu kontalari ona izaten; baina nobela honetan abenturak baino askoz kontu gehiago aurki daitezke. Nobela entretenigarri, atsegin, irakurterraz eta arin honen barnean kritika, poesia, gogoeta eta umorea baitaude.
XIX. mendean giroturiko istorio honetan gaur egungo jokaera zenbait ikus daitezke. Kazetariak Garmendiak esaten dionari kasu egin ez eta berak nahi duen albistea idazten duenean, esaterako. Edo, beste maila batean, diru goseak eragindako kalteak aipatzen direnean. Horrelako kontuen ondoan hainbat gogoeta azaltzen dira istorioaren haria osatzen. Horren adibidea dugu Garmendia eta Amalioren arteko adiskidetasunaz ari denean. "Lagun handiak izateak ez du esan nahi ika-mikarik izango ez duzunik. Areago esango nuke, benetako lagunekin eztabaidatzen dugu, eta lagun ez direnekin zuri eta formal egon ohi gara hitzik altxatu gabe"; hots, Garmendiaren eta Amelioren arteko eztabaidek beren adiskideetasunaren isla dela, geroago argi eta garbi ikusiko den bezala.
Kirmen Uribek horrelako gogoetak eta kritikak plazaratzen ditu nobelako orrietan zehar, baina horiekin batera poesiak, Emily Dickinsonena edo Xi sukaldariaren ahotan jarritakoak, esaterako; herri kontuak, hegaztien erregearena, eta bestelako elementu literarioak. Gainera, eta honetan aitortu behar da idazlearen abilezia, osagai hauek guztiak oso ondo txertatuak.
Garmendiak pistolariaren abenturak irakurtzean istorio ezagunak aurkitzen ditugu ziur aski gazteek ez dituzte guk beste erreferentzia izango, baina hauek gabe ere oso ongi irakurtzen da liburua), pelikuletako eszenak etortzen zaizkigu burura, emakumez mozorrotzen direnean, urkatze bidean, tren geltokia soldaduz josita imajinatzean... baina, era berean, irakurleak liburu berri eta moderno baten aurrean ikusten du bere burua. Generoen nahasketa, antiheroiaren papera, umorearen erabilera, asko dira berrikuntza horren aldeko arrazoiak. Alde horretatik nobela erakargarri eta entretenigarri baten aurrean gaudela esan genezake, baina horrez gain irudiaren ekarpena aipatu behar da. Izan ee, Mikel Valderdek ederki girotu du nobela, komikigintzaren eta ilustraziogintzaren iturrietatik datoz, testuaren aberasgarri, Garmendia sail honetako irudi ikusgarri eta biziak.
- HUHEZI. Haur Liburu Mintegia. Irakur Gida 2003 Kirmen Uribek sarreran esaten duenez asko gustatzen zaio zaharrekin hitzegitea, zaharrak kontalari onak baitira. Zaharrak legez, bera ere kontalari ona da eta abenturaz beteriko ipuin zoragarria idatzi du.
Garmendia Ameriketara joandako euskaldun bat dugu, ehun kilotik gorakoa, handia eta aurpegi biribilekoa, bertan gogoz kontra pistolari bihurtua. Garmendiari `Wilde Rose´ko senar-emazteen hilketa leporatuko diote eta Harry Garbi-ren mutilak bere atzetik ibiliko dira, Garmendia gizajoa urkatu nahian. Ihesaldi horretan Amelio lagun mina izango du bikote.
Lehenengo unetik, irakurlea Garmendia gizajoarekin identifikatu eta liburuan buruz buru sartzen da, guztiz harrrapatuta.
Liburu hau Ameriketako Mendebal Urrunean dago girotua, XIX.mendean hain zuzen. Abenturaz beteriko liburua dugu, emozioz betea, eta erritmo biziari eusten dio pasarte guztietan. Ihesaldi osoan zehar, `oeste´ko filme bat ikusten ari garela ematen du. Abentura liburu bat ez ezik, idazleak umore puntu batekin prentsa eta komunikabideen salaketa fina ere egiten du.
Liburua ederki girotua dago Mikel Valverderi esker, marrazkiak biziak eta ikusgarriak baitira, idazlearen ironia fina oso ondo antzematen dutenak.
Liburu erakargarri eta entretenigarria, esku artean gustu handiz hartzen dena.