Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gangsterren ihesi

Idazlea: Mikel Valverde

Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor

Itzultzailea: Asun Garikano

Argitaletxea: SM

Urtea: 2002

Bilduma: Komikia

Orri kopurua: 32

Adina: 8tik gora


Prentsako aipamenak:


- Iban Zaldua, Behinola 5.zenbakia, 2001eko abendua Txikientzako komiki gutxi argitaratzen da gaur egun; eskaintza gure haurtzarokoa baino dezente mugatuagoa dela dirudi, Hegoaldean behintzat (nora joan ote ziren orduko Mortadelo, Pumby, Pulgarcito, TBO, Lily… haiek guztiak?). Mangamania eta betiko super-heroien hilabetekariak alde batera utzita, apenas ez dago merkatuan haurrei zuzendutako komiki-aldizkaririk (eta, egia esan, aipatutakoak gehiago dira gazteentzat, haurrentzat baino). Euskaraz baditugu komikia barneratzen dituzten haurrentzako aldizkari gutxi batzuk (errepaso labur eta egoki bat ematen zien Xabier Etxanizek orrialde hauetan bertan, Behinolaren 4. zenbakian hain zuzen ere), baina komikia soilik eskaintzen duenik ez dago.
Ez da harritzekoa: helduen munduan gauza bera gertatu da, eta zenbait egileren lanak biltzen zituzten aldizkari gehienak historia dira jada (lekuan lekuko fanzinak alde batera utzita, Espainian El Jueves eta El Víbora dira 1970 eta 1980.eko hamarkadetako loraldiaren lekuko bakarrak; azkeneko hamarkadan desargertze mingarriak gertatu dira Frantzian ere). Joera horren iturburuak anitzak dira, eta hau ez da lekua haietan sakontzen hasteko; kontua da komikizaleak aldizkariak utzi, eta album indibidualaren munduan topatu duela aterpea.
Joera horretan kokatu beharko genuke, nolabait, Mikel Valverderen lan hau, haurrentzako komiki album txiki bat baita Gansterren ihesi, sail baten hasiera dirudiena, bestalde, Jon Arkakusoren abenturen lehenengo liburukia alegia.
Istorioa sinplea da oso: Jon Arkakuso txirrindulari motelak, tropelarekiko lotura galdu du mendate bat igotzean. Mendatearen gainara helduta tropelarekin ez, baizik eta ganster arriskutsu batzuekin egiten du topo, Armiarma anaia gupidagabeekin hain zuzen, baina ihes egitea lortzen du, gansterren azkeneko lapurretaren harrapakinaz jabetu ondoren. Mendatean beherako jazarpen dramatiko bat hasiko da orduan: Armiarma anaiak autoan, eta Jon Arkakuso bere txirringaren gainean. Dena ondo amaituko da protagonistarentzat, noski: gansterrek istripua izango dute gorotzaz betetako laku batean, harrapakinaren dirua umezurztegi batera helduko da, eta, azkenik, Jon Arkakusok tropelaren bila abiatu ahal izango da.
Valverderen marrazkia zuzena eta eraginkorra da, bere ilustratzaile lanetan frogatu duen bezala (Behinolaren zenbaki honetan bertan adibideak dituzue), eta komikizaleak ondo baino hobeto dakien bezala (gogora ekarri nahiko nuke TMEO aldizkariarentzat egin dituen lanak eta, batik bat, Canaille komisarioa pertsonaiaren inguruko sail oparoa, album guztiz gomendagarri batean jasoa). Egia da, komikiaren arloari dagokionean, espresiboagoak iruditzen zaizkidala zuri-beltzean eman dituen lanak, eta Gansterren ihesi honetan, ordea, kolorea erabiltzen duela Valverdek (haurrentzako komikietan ia ezinbestekoa den bezala), baina ezin da ukatu lan ona egin duela: binetak argiak dira, eta ondo antolatuta daude; pertsonaien karakterizazioa egokia da; mugimendua ondo islatzen dute marrazkiek. Badakit konparaketa bitxia begitanduko zaiola norbaiti, baina Valverderen irudietan beti dago Senpé-ren trazua gogora ekartzen didan zer edo zer; onerako, noski.
Jon Arkakuso pertsonaia sinpatikoa egiten da hasieratik: antiheroi tipikoa da (bere bizikletaren zenbakia 13.a da, nola ez), mendatea garaiz igotzea lortzen ez duena (pixa egitera eta guzti geratuko da!), baina lapurrei aurre egiteko nahikoa kemen bilduko duena; haiengandik ihes egiteko, bestalde, bere ofizioak, hots, txirrindularitzak eskaintzen dizkion “armez” baliatuko da soilik (eta ongia egiten dutenei lagundu ohi dien zori onaz, noski). Horregatik guztiagatik pertsonaiak sail baten garapena mereziko lukeela uste dut; hori da, aipatu dudan bezala, egilearen asmoa, ziurrenik, eta, merkatua lagun, hala izango dela espero dut.
Istorioa naif samarra irudituko zaio, akaso, Mikel Valverderen komikigintza jarraitu duenari, baina egokia da adin txikikoentzat: komikiaren mundurako (eta, azken batean, irakurzaletasunerako) gonbite on bat eskaintzen duela uste dut (hala ere, egon badago ironiarako txokorik: diru-euria jasotzen duen eraikinean ez du soilik “Umezurztegi” jartzen, “Ume txiroentzako umezurztegi txiroa” baizik). Gainera, txirrindularitzarekiko maitasuna dario albumari, hasi Marino Lejarretari egiten dion eskaintzatik, eta ibilaldiaren amaieraraino.
Asun Garikanoren euskararako itzulpena, bestalde, istorioa bera bezain zuzena eta bizia da; testuak errazak dira, baina ez dute horregatik umorismorik (hots, zorroztasunik) galtzen.
Lan honen bainarik handiena, dudarik gabe, salneurriari dagokio: edizioa oso polita da (azal gogorra, orri satinatuak), baina 1.175 pezetak gehiegitxo dirudite 14x21eko hogeita bederatzi orrialde betetzen dituen album baten truke. Horrela, jaun-andere editoreak, ez dago komikizaletasuna hedatzerik.


Gangsterren ihesi