Izenburua: Ez dakit marrazten
Idazlea: Eider Eibar
Ilustratzailea: Eider Eibar Zugazabeitia
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2020
Orri kopurua: 40
Adina: 4tik gora
Laburpena:
Album ilustratu honek marrazteko ezintasuna sentitzen duen haur baten istorioa kontatzen du. Etxean orrialde zuri baten aurrean dago eta “ez dakit marrazten” esanez, etsita etxetik korrika ateratzen da. Marrazketa saio berezi batera joango da, bertan, marraztea komunikatzea eta elkarrekin ideiak partekatzeaz gain, mundu berri bat ezagutzeko aukera ematen duela ikusiko du.
Orrialdez orrialde, gai ezberdinak aitzakia harturik marrazten hasiko dira. Haurraren ezintasuna areagotuz doa, gelako beste haurrek gozatzen duten bitartean. Etsiak jota, marrazten ez dakiela oihukatuko du eta irakasleak arkatz gorria eskuetan jarriz honekin jolastera gonbidatzen du. Eta halaxe aterako da eskolatik, arkatz gorria eskuetan duela. Patinetean doala, hasieran beldurtuta besoa luzatu eta zirriborroak egin ditzakeela ikusten du. Margoa hartu du azkenean, eta puntua lerro bilakatu, lerroa zirriborro, marrazkia sortuz ezer ez dagoen tokian, bizitza hartzen duten irudiak. Eta horrelaxe bueltatuko da etxera, parean topatzen duen guztia marraztuz, geroz eta intentzio eta gozamen handiagoz. Etxera iristean “marraztu nahi dut” oihukatu eta senide txikiagoarekin batera etxeko paretan marrazki handi bat egingo dute. Testurik gabeko albuma da. Bi esaldi horiek besterik ez dira agertzen.
Ilustrazioak arkatzez eta ur-margoz eginiko irudiak dira. Orrialde bikoitzeko ilustrazioak dira. Orrialde bikote bakoitzean kolore baten atzean lausoturiko paisaia ikus daiteke. Detaile handiz marrazturiko pertsonaiak agertzen dira, ilustratzaileak anatomiaren inguruan duen kontrola agerian utziz. Konposizioan ez dago arreta gune bakarra, irudi, kolore eta ekintza asko nahasten dira, marraztearen ekintzaren inguruan.