Izenburua: Ez apuratu
Idazlea: Inazio Mujika Iraola
Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga Otamendi
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2020
Bilduma: Pikotxean
Orri kopurua: 40
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Ipuin ilustratu honetan giza-portaeraz hitz egiten zaigu, maila desberdinetan. Talde-portaera ulergaitzak edota hirietako bizimolde antinaturalak dira batzuk, baina belaunaldien arteko harremanak eta zaharrek bizitzaz duten ikuspuntuak ere beren lekua daukate. Hala izanik ere gidoia ez da inondik ere korapilatsua, funtsean hainbat egoera azaleratzen dira, idazkera umoretsuan. Amona eta haren biloba Larraitz dira protagonistak. Amonari burua joaten hasia zaio. Nahiz eta egoera tristea izan, gaixotasunaren harira egoera barre-eragileak bizitzen dituzte, batik bat gauzak eta egoerak nahasten dituelako. Kalera irten dira ogia erostera, amona gurpildun aulkian eserita. Kalean doazela jendetza pilatzen zaie inguruan, Annes Dägo artista ikusteko irrikaz. Amonak eta Larraitzek jendetzaren korrontearekin bat egiten dute. Halako batean jendetzaren kontra joatea erabakitzen duten arte. Ilustrazioetan jende pilaketa nabarmentzen da. Hasiera batean amona, ama eta biloba azaltzen dira, eta jarraian jendetza, irudietan ñabardura ugari erantsiz. Amona-bilobak jendetzaren kontra joatea erabakitzen dutenean, berriro ere, irudiek elementu gutxiago erakusten dituzte. Amaieran, agure bat, amona eta biloba azaltzen dira. Ilustratzaileak kolore okre, berde, gorri, beltz eta arrosak erabili ditu, hondoko zuriarekin jolastuaz. Irudi gehienek orri-bikoa hartzen dute.