Izenburua: Euskal Herrietako ipuinak
Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui
Argitaletxea: Denonartean
Urtea: 2017
Orri kopurua: 56
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Ahozko tradizioko ipuin sorta batek osatutako liburua da.
Denera bost ipuin daude:
1.- Baratxuri: Baratxuri izeneko neska txikia; lehenik behiak irentsia, ondoren astoaren belarrian lapurrei altxorra kentzen diena.
2.- Zapatari txikia: Zapatari txikia bere ausardia eta adimenaz baliatzen da aberasteko.
3.- Txoritxoaren arrautza: ehiztaria txoriarekin errukitzen da negu gorrian, eta honek arrautza baliotsuak erruten dizkio.
4.- Erregea eta gatza: etxetik botatako alabak zintzotasunez aurre egiten dio bizitzari, eta saria irabazten du.
5.- Errotariaren txakurra eta txori kantaria: txori dohatsuak merezi duen laguntza jasotzen du.
Ipuin hauek J.M. Satrustegiren eta J.M. Barandiaranen bildumetatik zuzenean jasota daude, baina orraztuak izan dira, idazkera (hizkera) dotoreago batean. Ipuinen amaierak apur bat aldatu dira, gaur egungo moralaren arabera. Era berean ipuin bakoitzaren ondoren bukaera-formula bana eskaintzen da, originalak diruditenak, bilduma honetarako berariaz sortuak.
Jose Mari Satrustegirenetatik hiru ale hauek hartu dira: “Errotariaren txakurra [eta txori kantaria]”, “Txoritxoaren arrautza” eta “Errege[a] eta gatza”. Egile beraren liburu honetan aurki daitezke: Ipui miresgarriak (GIE, 1979), 7., 11. eta 51. orrialdeetan, hurrenez hurren.
Jose Miguel Barandiaranenetatik gainerako biak hartu dira: “Zapatari txikia” eta “Baratxuri”; liburu honetan aurki daitezke: El mundo en la mente popular vasca III, (Auñamendi, 1972, 2. ed.) 68. eta 83. orrialdeetan, hurrenez hurren.
Jakingarria da ere ipuin hauek jada argitara eman zituela J.K. Igerabidek beste sorta zabalgo batean, “Zaku bete hauts” izenarekin kaleratu zena (Aizkorri, 2007). Oraingo eta orduko edizioen artean ez dago alderik, bost ipuin hauen bertsioak berdinak dira, ia hitzez hitz.
Aparteko aipamena merezi dute ilustrazioek. Ipuin bakoitzaren hasieran orrialde zabalgarriak dituzten ilustrazioak daude, lau orrialdeko zabalera hartzen dutenak. Denera bost margolan, ipuinak bezainbat.
Ilustrazioek XX mende hasierako euskal margolarien lanak ekartzen dituzte gogora. Esaterako Aurelio Arteta, Gaspar Montes Iturrioz edota Jesus Olasagastiren lanen oihartzunak erraz topa daitezke. Hala ere, ezin ahaztu, Elena Odriozolaren interpretazio lan pertsonala dela.
Interpretazio pertsonala da, ere, Odriozolak egiten duena ipuinekin, ilustrazioek zuzenean baino, zeharka egiten baitiote erreferentzia pertsonaiei, eta gainerako ezaugarriei.
Lore Agirrezabalen kritika Garan
Xabier Etxanizen kritika Argian