Izenburua:
Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska
Idazlea:
Javi Cillero Goiriastuena
Ilustratzailea:
Elena Odriozola Belįstegui
Argitaletxea:
Aizkorri
Urtea:
2004
Bilduma:
Topaleku
Orri kopurua:
88
Laburpena:
Neska hori ez da besteak bezalakoa. Behin esne-katilu batean ezkutatu zen, aitarengandik ihes egiteko. Beste batean txiki-txiki bihurtu zen psikologoaren kontsultan ispiluan sartzeko. Beharbada, film gehiegi ikusi ditu telebistan. Halere, bere bizitza oso arrunta da. Eskolara doa, eztabaidaka ibiltzen da aita-amekin, ametsetan dabil lagun minarekin. Eguneroko kontuak. Bai, baina eguneroko kontuak ere kontu magiko bihurtzen dira irudimenaren bidez...
Prentsako aipamenak:
- Josu Lartategi, Deia 2005eko urtarrilaren 4a Alaba bere bakardadean
Aurtengo Durangoko Liburu eta Disko Azokako nobedaeen arteko bat dugu Javi Cillero idazle bilbotarraren eleberri labur, atsegin eta hunkigarri hau. Hunkigarriagoa (baina itsusiagoa ere bai, akaso) izan zitekeen kontatzen diguna beste modu batean kontatuko baligu; izan ere, aita etsia egotea, denbora guztian etxekoekin (emaztearekin eta alabarekin) suminduta ikustea, ezin komunikatzea, bizitzaren aurrean amore emanda agertzea, hori guztia ez da polita, are gutxiago alaba gazte baten begietara; izan ere, amaren bizitza nekagarria izatea, etorkizun jakin bati ezetz esan eta orain etsigarri bati halabeharrez ekin behar izatea, gristasun eta etsipen hori guztia ez da polita, are gutxiago alaba gazte horren begietara; izan ere, neska gaztea hain bakarrik egotea eta psikologoarenera jo behar izatea ez da polita... Javi Cillerok kontatzen duen era, ordea, eskisitoa da, goxoa, xamur askoa, eta erraz eramaten gaitu ikusteko modu goxo horretara. Baina istorioa, egiazki, askoz gordinagoa eta itsusiagoa izan zitekeen.
Kosta egiten da apur bat istorioan sartzea, baina behin aita-amen eta alabaren eta berorren lagun minaren gorabeherak ezagutzen hasita nahi duguna da amaiera ona izatea, zapore mingotsa ez uztea, neska protagonistaren etxeko egoera konpontzea.
Lehenengo pertsonan hitz egiten digu neskato protagonistak, bere barne mundu aberats eta harrigarriak egin ere: helduentzat diren hamaikatxo film ikusi ditu, hamaikatxo musikari ezagutu eta hamaikatxo liburu irakurri. Horiek guztiek barne mundu oparoa ematen diote. Esan liteke horiei esker eusten diola orainaren gristasunari, nahiz eta batzuetan txiki-txiki egiten den, desagertu arte.
Badugu inguruan bigarren mailako pertsonaia saldo interesgarria: Alix bere lagun mina, Annabel etsaia, Lali eredugarria, Aitite maitagarria, Sami mutil goapoa, maite duen Ama, maite nahi duen Aita... Zertzeladen bitartez ederto erretatatzen dizkigu guztiak. Bilbo hiriaren sasoi bateko erretratua ere badugu, eta Botxoko edozeinek konprenituko ditu berbor istorioa irakurri bezain pronto.
Ez dut batere beldurrik esateko istorioak hunkitu egin nauela. Irakurri eta amaiera zoriontsua nahi nuela, behar nuela, ezin zela halako jende maitagarria "the end" zoriontsurik gabe utzi. Ez dut akabua kontatuko, halakoak ez direlako egiten, baina esan egingo dizuet istorioak merezi duen amaiera duela. Harribitxi ttipi eta goxoa bezala definituko nuke nik eleberri hau, Aizkorii argitaletxeko Topaleku Sailaren beste askoren moduan. Adi datorren urteko Euskadi Sariei! Honatx faboritoetako bat.