Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Erotik

Idazlea: Antton Kazabon Amigorena

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2003

Bilduma: Topaleku

Orri kopurua: 80

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Hamabi ipuintxoren bidez, egileak sexuaren inguruko pasarteak kontatzen omen dizkigu. Zein jarreratan egin maitasuna, kanpaia jotzea, zein lekutan jo larrua, sexu berdinen arteko harremanak, sexu-organuen tamaina, ahozko sexua... Azken batean, sexu-irudi ezberdinez jositako ipuin bilduma dugu. Eta zergaitik «omen» letra etzandaz idatzita? Hori da lehenengo ipuina irakurritakoan, zeuok ulertuko duzuen asuntoa.<BR>
Aurkibideko izenburu guztiei begirada bat eman ondoren, edonork pentsa lezake istorio pornografiko edo, behintzat, erotikoek osatutako liburua dela. Liburu barnean ikusiz gero ere, agertzen diren marrazkiek gauza bera adierazten digute: sexua gora eta sexua behera. Ez da horrela gertatzen, ordea: Antton Kazabonek horrela pentsarazten digu, horrela interpretarazten digu. Baina errealitatea bestelakoa da. Ipuin gehienetako orrialde bat eta erdi baten zehar zalantzarik gabe hartzen dugun bidea sexu-irudiena da; ostera, bukaerek argitzen digute ekintza arruntetan oinarrituak direla istoriotxoak.
 


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, berria, 2003ko abenduaren 6a Liburu honetara hurbiltzen den irakurleak aurrez aurre izenburuarekin eta azaleko marrazkiarekin egiten du topo. Erotik horrek esanahi bikoitza izan baitezake, burutik jota-tik datorrena, alde batetik, baina baita ingelesezko erotic hitzaren kopia. Eta hain zuzen, bertsolaritzaren eta umorezko testuetan hitzen eta egoeren esanahi bikoitzekin (edo ugariekin) jolasten den bezala, Antton Kazabonek oraingo honetan sexualitatearekin edo erotismoarekin jolastu du hamabi ipuin laburretan.

"Nik badakit nire ttikia dela, horrek ez du niretzat garrantzi handirik. Lehen, hori zela medio, buelta batzuk ematen nizkion buruari, baina gaur egun ez da niretzat inolako arazoa. Tamaina da gutxienekoa. Beste gauza askotan bezalaxe, honetan ere erabilera da balio duela. Erabilpen egokia bada, horrek balio du; gehiegizko tamainak askotan trabarako izaten dira, horretarako.

"Nirea ttikia izango da, baina mugitzen dena, bizkorra, lanerako beti pronto dagoena".

Honela hasten da, esaterako, Nirea ttikia da izeneko ipuina; irakurleak mutilaren zakilari buruz hitz egiten ari dela pentsa dezake, baina baita beste zerbaiti buruz ari daitekeela idazlea, eta jolas hori, egoeren interpretazio anitza, amaierara arte mantentzen da ipuinean, harik eta irakurleak deskubritu arte zer den ttikia den hori.

Kazabonek eguneroko kontuak, kotxeari gasolina botatzea, ospakizun bat, siesta egitea, barnean dugun ero horren ikuspegitik kontatzen dizkigu, ikuspegi erotic batetik ere bai, hain zuzen. Irakurleak lehen ipuinean hartzen du ustekabea, erotikoa zena ekintza arrunta dela ikustean; eta hortik aurrera ipuin guztietan, jolas arauak ezagututa, saiatuko da irakurketarekin disfrutatzen eta, bide batez, egileak ezkutatzen duen ekintza bilatzen. Zer izan daiteke belaunen artean duzun gauza goxo hori, zurekin batera saltotxoak ematen dituena? Edo kotxe barruan egiten duzun hori?

Kontestu honetan Jokin Mitxelenak ere, ilustratzaileak, antzeko jolas bat proposatzen digu; eta Kazabonek hamabi ipuin kontatzen dizkigun bezala, Mitxelenak hamabi marrazki eskaintzen dizkigu, hasieran marrazki horien zatitxo bat edo bi, guk gure buruan gure baitako erotik interpreta ditzagun; ondoren ohiko ekintzaren marrazkia dator... aurretik uste genuena hankaz gora jarriz. Hots, liburuan agertzen den jolasa bikoitza da, idazleak testuetan egiten digu proposamena, ilustratzaileak irudietan; biek ala biek erregela berberak erabiliz... biek geure buruaz barre egin dezagun.

Mugako literatura dugu hau, gazte eta helduon artekoa, liburu hau berdin-berdin argitara zitekeen helduen bilduma batean, are gehiago, jolas batzuk hobeto ulertzen dira helduen mundutik (nire ustez, jakina), baina gure literaturako beste lan asko bezala, mugan dago hau, idazkera, tonua eta estiloa gazte literaturan ederki kokatzen diren bezala helduenean ere oso aproposak direlako.

Izan ere Erotik hau oso arin irakurtzen den liburua dugu; hamabi ipuin labur direla esan dugu lehentxoago, eta hamabi ipuin horietan narratzailea (mutila batzuetan, neska besteetan) beste generoko norbaiti, gauza bati edo irakurleari zuzentzen zaio, modu zuzenean, deskribapen zehatz eta laburrekin, ekintzei garrantzi handiena emanez. Lexikoa ere, arestian aipaturiko guztiagatik, oso aukeratua da anbiguotasun handiz aukeratutako hitzak gehienetan, edo alderantziz, esanahi bikoitzakoak besteetan; baina kasu batean nahiz bestean irakurlea jolas egitera animatzeko asmoz aukeratuak. Honen guztiaren adibidea dugu liburuko aurkibidea: Azken tantak, Belauniko jarrita, Nire besoetan, Egingo al dugu?, Orain zu gainean...

Zalantzarik gabe, irakurleak, idazleak eta ilustratzaileak planteatzen duen jolasean parte hartu nahi duen irakurleak, ederki gozatuko du liburua irakurtzean, irribarrea ezpaineratzean.


Erotik