Izenburua:
Enara, zer berri?
Idazlea:
Patxi Zubizarreta Dorronsoro
Ilustratzailea:
Antton Olariaga Aranburu
Argitaletxea:
Alberdania
Urtea:
1996
Bilduma:
Kalamatxin
Orri kopurua:
64
Laburpena:
Enarek etxe hegaletan egiten omen dituzte beren habiak, bertako ipuinak hobeto entzuteko. Ipuin honetako enarak istriputxo bat izan du Bidai Handirako prestaketan ari zela, eta Estebek zaindu du. Esteberen etxe hegalean paratu eta bertan gertatzen zenaren lekuko izan da. Baina, ai! enarek urtero egin behar duten Bidaia Luzerako grina handiegia izaki, Esteberen gorabeherak konpondu gabetan, aldegin behar izan du. Bidaian doala, hainbat txoriri eskatuko dio Euskal Herrian triste utzi zuen Estebe adiskidearen berri eman diezaioten, harik eta hurrengo urtean bueltatu eta bi lagunak elkartu diren arte…
Prentsako aipamenak:
- Xabier Etxaniz, Egunkaria 1996ko ekainaren 8a
Estebek enara gaiso bati laguntzen dio eta une horretatik bien arteko harremana sortzen da. Enarak, hala ere, Bidaia Handia egiteko ordua iritsi arren, es du bere lagunarekin duen harremana eten nahi izango. Horrela, Afrikara doazen hegazti migratorioen bidez izango du Esteberen berri. Jakin ahal izango du Estebek maitasun handiz egindako kometa ez zaiola gustatu Juliani; Esteberen istripuaren berri ere izango du, desagerpenarena, eta hamaika kontu gehiago hegabera, antzara eta usoari esker.
Patxi Zubizarretak laguntasuna, adiskideen arteko harmena, gure arteko harmena, hitz baten, darabil istorio honen azpian. Baina baita elkartasuna bezalako baloreak ere.
Enara, zer berri? oso ongi egituratutako Ipuina dugu, Afrika urrunean hemengo gertakarien berri duen enara dugu istorioaren hari guztiak lotzen dituena. Apurka-apurka jaso ahal izango du informazio guztia, batzuetan irrikitan geratuko da hurrengo informatzailearen zain, bestetan kezkaturik... eta irakurlea ere, enara bezala, berri horien zain geratuko da.
Testuan nabari da Patxi Zubizarretaren estilo zaindua, argumentuaren samurtasuna -bigunkeriak gabekoa- eta tradizioko elementuen presentzia. Azken puntu horretan, arima herratuen kontuan, agian desoreka txiki bat ematen da, aurreko narrazio guztiarekin zerikusirik ez duen elementu fantastiko horren bidez.
Patxi Zubizarretaren enara honek O. Wilderen beste hura dakarkigu gogora, baina honetan laguntasuna ere aipatu arren, oso bestelakoa dugu istorioa, eztabaida, ustegabeak dituen istorioa, eta irakurlearen jakinmina pizten duen argumentua.
Antton Olariagaren ilustrazioak, bestalde, Kalamatxin sail honetan gainerako liburuetan bezala, oso lortuak dira eta ederki egokituak testuari. Enara, zer berri? mamiz eta itxuraz kalitatezko liburua dugu, zalantzarik gabe.
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Txoriek hitz egiten dutenean
Izenburutik beretik jakin daiteke nondik nora ibiliko den Patxi Zubizarretak idatzi, Antton Olariagak marraztu eta Alberdaniak argitaratu duen liburu hau. Iparretik hegora hegan, eta hegotik iparrera bueltako bidea eginez, urtero egin ohi duten bezala. Enara dugu liburu honetan kontalaria, eta enarak batzuetan berak ikusitakoa esaten digu belarrira, ahots apalez, ez baita batere harro eta bere ustekoa, apal eta umila baizik. Horrela jakingo dugu Esteberen eta Julianen berri; kometa baten gora-beheragatik biziko duten abenturaren oihartzuna ere iritsiko zaigu. Esan dezadan bide nabar, liburu hau entzuteko hobea dela, ipuin on-on guztiak bezala, irakurtzeko baino. Soinuz beteta baitago (onomatopeiez esan nahi nuen eta honaino iritsi naizenez zeinek zer egiten duen asmatu ezetz: txirp-txirp, gagagag-gagagag, kirruit-kirruit…), eta txoriz eta hegaztiz ere bai, orrialde bakoitza zuhaitz mota bat izan, eta bertako adarretan hegoak dituztenak pausatuko balira bezala.
Enarak ikusten ez duenik ezin konta, eta laguntzaile hartuko ditu, Sherezade hegaldunen gisa, hontza, usoa, antzara, hegabera… ahozko katea osatuz: “Hontzak usoari, usoak niri eta nik zuri, enara azpizuri”. Ahozkotasuna nabarmena da hegaztiak kontalari direnean. Eta errejistroa aldatu egiten da enarak berak hartzen duenean narrazioaren haria. Hegazti bakoitzak istorioaren zati bat ezagutaraziko du, eta guztiak lotuz osoaren jabe egingo da irakurlea. Horra hor borobiltasuna, haritik harira lortua. Horrela, gure aurrean, ondo zehaztuta gainera, Estebek eta Julianek bizi duten abentura ikaragarria agertuko zaigu: munstroak, izaki mitikoak, eta neurri batean literarioak (Emakume Sugea, Gizotsoa). Mitoen laino artean baitago gure oroimenean bildurik eta lo animaliek hitz egiten zuteneko aroa. Urrezkoa ote?
<
Arazo, traba eta oztopo guztien gainetik adiskidetasuna gailen ateratzen dela esateko edo. Baina ez dago moralejarik liburu honetan. Kontaera hutsa da, lehen esan dudan bezala, iparretik hegora eta hegotik iparrera doana, aldako txoriak urtero joaten diren moduan. Patxi Zubizarreta, hegaztiak hartzen baditu ere bere pertsonaiatzat, guztioi ari zaigu hitz egiten, gu, batzuetan erabat ahaztu eta beste batzuetan gehiegi gogoratu egiten badugu ere, animaliak baikara.