Izenburua:
Durango, Durango
Idazlea:
Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea:
Mikel Valverde Tejedor
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
2000
Bilduma:
Kuku Saila
Orri kopurua:
58
Laburpena:
Bada Bizkaiko probintzia leial eta bizkorrean Durango izeneko hiri bat. Garai batean, durangar bizkor batek oilategia jarri zuen hiriaren erdian, gerora parkea izango zen leku batean. Durangar hori oilo-hezitzailea zen, eta gauza harrigarriak eginarazten zizkien oiloei. Adibidez, oilo bat buru gainean jartzen zitzaion, eta beste bi sorbalda banatan, eta halaxe ibiltzen zen kalean.
Prentsako aipamenak:
- Mikel Garmendia, Behinola 4. zenbakia, 2001eko apirila Bi hitzetan definitzeko eskatuko balidate, erraza nuke bi hitzetan definitzea, hain zuzen ere, eskuartean dugun lana: bitasunen liburua, halaxe deituko nioke. Hona, beste ezer aurreratu baino lehen, bitasunok: Juan Kruz/Mikel, Durango/Durango, Pettan/Nagusi bilbotarra, natura/hiria, Patxito/Lupita, Pantxo/Guadalupe… Bitasunak diogu eta ez kontrajarpenak, zeren elkar osagarri azaltzen zaizkigu bitasunotako elementuak.
Argumentuari dagokionez, bidaia bat dugu Durango Durango-n kontatzen zaiguna. Ez nolanahiko bidaia, ordea: Bizkaiko Durangon sortutako (modu miragarriz sortutako) eta hazitako oilo eder ameslari bat Mexikorantz abiatzen da (polizoi gisa abiatu ere), eta hantxe aurkitzen du berak bezainbesteko komeriak pasa behar izan dituen oilanda polit bezain maitagarria.
Detailez jositako liburua dugu, bestalde, Durango Durango. Gehiegizko fantasia ez, baina detaile fantastiko ugari aurki dezakegu bere tamaina egokian: oiloak surf egingo du, Pantxo (Lupitaren aita) zaldi gainean ibiltzen da errebolber eta guzti, Guadalupek eta Lupitak rancherak kantatzen dituzte…
Esana dugunez, amodio istorio bat dago bidaiaren helburuan. Ez da, ordea, amodio txepel edo maitagarrien munduko horien antzekoa, guztiz benetako eta sinesgarria baizik. Asko laguntzen diote sinesgarritasun horri, istorioan azaltzen zaizkigun detaile errealista zenbaitek: Lupitak betaurrekoak jarri beharko ditu miope samarra baita, elkarrekin topo egiten duten lekua ere ez da oso idilikoa: metroko kaia… Detaile errealista horiek kontrapuntua jartzen die, alabaina, idazkera iradokikorrak: “zeruak inbidia zien haren luma urdinei...”
Arestian, bitasunak aipatu ditugunean, esan dugu ez dela elementuen arteko kontrajarpenik egiten, eta hala da zehazki. Bada, ordea, nolabaiteko lerratze edo faboratze bat, argi eta garbi esplizitatzen ez bada ere, nolabait ere iradokitzen dena. Hala, leku hobean gelditzen dira amodioa, askatasuna, kantua, poza eta tiragoma, batetik, nagusi berriaren krudeltasuna, psikologoa, seriotasuna eta Pantxoren errebolberra baino.
Bete-betean asmatu dute nire ustez Juan Kruz eta Mikelek liburu honekin. Edo liburua irakurri berri duen Ane sei urteko neskatilaren hitzetan esanda: super-polita da.