Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Dorretxe zaharreko misterioa

Idazlea: Fernando Morillo Grande

Ilustratzailea: Inma Mendiola Gardoki

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2002

Bilduma: Ekin

Orri kopurua: 152


Laburpena:
Abandonaturiko dorretxe misteriotsu bat, burutik egindako marinel zahar eta kondairazalea, San Joan suaren magia, mamu uluak... Andonik eta bere lagunek ikaragarrizko abentura izango dute.
Eta hori gutxi balitz, Intzak lagun berri bat ekartzen du auzora: Aiora. Andoni liluratuta gelditzen da etorri berriarekin eta begiratu besterik ezin dio egin.


Prentsako aipamenak:

- Igor Estankona, DEIA 2003ko urtarrilaren 28a Abentura handia

Gazte literaturaren muga-mugetan ondo moldatzen den idazlea da Fernando Morillo. Ibaizabalen "Ekin" sailean aurki daitekeen liburu honek ere plater on batek behar dituen guztiak ditu: mamia, saltsa eta hizkera bizia; Inma Mendiolaren han-hemenko irudiek irakurketa gozotzen dutelarik.

Noizean behin gazte literaturari ere tartetxo bat eskaintzea ez datorrenez txarto, berau gomendatzea otu zaigu. San Juan gau bitxi eta magiko honek gordetzen dituen misterioak ez dira nolanahikoak. Ageriko misterioen eta kontakizunen artean, ordea, beste misterio handi horri egindako gorazarrea somatzen da, azkenerako harek bezainbat garrantzi hartzen duena: gazte izatearen misterioa.

Hasieratik igartzen zaio liburuari indar hori. Irudimenak eta errealitateak ez dute muga zehatzik, eta gainera muga hori guztiz definiturik utzi nahi ez duten pertsonaiak dira Paulo VI auzoko neska-mutilak. Ondoko auzunekoek baino su handiagoa egiteko egur bila dabiltzala bizitzako abenturarik ziragarrienean murgiltzen dira. Jarraitu beharraren eta jarraitzeko beldurraren kilika bizia sentitzen dute guztiek. Mamuen istorioek egia itxura hartzen dutenean sortzen diren sentipen kontrajarriekin jolas egiten du azpeitiako idazleak. Irakurle gazteak asko goza dezakeela uste dugu, duda barik. Baina iluntasuna, zaratotsak eta aspaldiko kontakizunak ez dira liburuak gordetzen dituen bakarrak. Adiskidetasuna eta mesfidantza ere badaude. Aiora etorri berriaren eta Andoniren arteko harreman ekiboko hori liburuaren gakoetako bat bihurtu du idazleak.

Dorretxe zaharreko ateak bezain dibertigarriak dira elkarrizketak. Tramaren pisua euren gain jartzeak ematen dio istorioari hasieran aipatutako bizitasuna. Gauzak ziztu bizian aldarazten ditu Fernando Morillok. Ilun dagoena argitu egiten da, eta misterio berriak datoz lehengoak ordezkatzera. Mamuen bila ari direla errealitatearekin egiten dute topo. Ustekabez beteriko joko horretan buru-belarri sartzen den irakurle gazteak beldurra pasatuko du, baina baita gozatu ere.

Sekula ahaztuko ez dituzten oporrak, antza. Lagunak oraindik lagunago bihurtzen dituen bizipen horietakoa. "Dorretxe zaharreko misterioa" irakurleak askatu behar duen kiribila da. Nork ez du, apur bat bada ere, ametsik egin berbok entzutean? Dorretxea. Zaharra. Misterioa.


Dorretxe zaharreko misterioa