Izenburua:
Botoi bat bezala
Idazlea:
Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea:
Elena Odriozola Belástegui
Urtea:
1999
Bilduma:
Edizio elebiduna
Orri kopurua:
86
Laburpena:
Botoizulotik botoia bezala<BR>
jaio nintzen negarrez:<BR>
Ilargia irribarrez.<BR>
Prentsako aipamenak:
- Gerardo Markuleta, Behinola 2. zenbakia, 2000ko apirila Juan Kruz Igerabidek Begi-ninietako poemak izeneko altxor ttikia haurren eta helduon begiradapean jarri zituenean, basamortu ia erabatekoa zen (kantu zahar eta berrien ekarria ahaztu gabe, noski) haurrentzako euskal poesia sortze-lanen esparrua. Haikuaren izpirituxean, eta haren molde laxoan, oso altu jarri zuen Igerabidek langa bere estreinako harekin. Sujerentzia, jolas foniko, irudiko, plastikoan finezia handia erakutsi zuen, zehaztasunez adierazteko eta eusteko –garaiz eusteko, horixe al da sekretua?– trebeziaz gain: “Gaua eranzten ari da / pijama beltz hori: / Eguna du izena orain”.
Luis Emaldik sotil, eutsiz berak ere, oso estilo garaikidean eta testuaren oso lankide ilustratu zuen liburutxo txuri hark bidexka bat urratu zuen gure haur literaturan, besteentzat ere ibilgarri, eta zirikagarri noski. Gogora dezagun, berriz ere, apustu ausart eszentrikoa zela garai hartan, euskal argitalpenen merkatuan, halako liburu bat “auskalo-erein” bezalako bilduma batean ateratzea.
* * *
Botoi bat bezala hau argitalpen elebidunean dator, gaztelaniazko itzulpen zaindua lagun. Elena Odriozolaren esku eta asmo fin-fineko zuri-beltzezko ilustrazioak liburuaren osagai funtsezkoa dira. Testu llaburrak eta itzulpenak ezker aldeko orrialdea hartzen dute; ilustrazioak, eskuin aldekoa osorik eta, tarteka, testu aldera ere bai, jolasti, muturra sartuta. Poemak aise daude, ilustrazio bana besotik hartuta, bestelako irakurketa batez areago sortzeko lankide. Espazioarekin, hutsekin jolasean, oihartzun egiteko lekua utzirik testuari, eta marraztutako objektuei berei. Eta –zailago da adierazten, ikusiz somatzen baino– Odriozolaren marrazkiak Igerabideren hitzek erabiltzen duten sugerentzia-maila berean aritzen dira irudi bidezko irakurketa egitean.
“Auzo triste bat” izeneko poematxoak, esate baterako, hala dio: “Lanbro ikara: / Aingeru hotzilak / hegaletan dardara”. Eskuin aldeko orrian giza irudi bat agertzen zaigu kalekantoi goibel haizetsu batean behera; zuhaitz ilun batzuk ikusten dira eta, haien hostoaren gainean, hodei nahasi batzuek sugeritu egiten dute, beharbada, han, hodeien artean, hegal hotsa izan daitekeela. Baina marrazkian ez da noski aingerurik agertzen. Garaiz eustea izango da, bai, beharbada, sekretua.
Testuen beren gainean, aldiz, zer esan: oraingoan lore-xorta hautatua eskaintzen digu Igerabidek, ilustrazioekiko erdibanako konplizitate horrek pisu gehiago ematen dion bilduman. Halaxe, sortze txinparten bidez, sortutako testu laburrotan, aukeratzea izaten omen da lan zaila, eta Igerabiderentzat honezkero ez da erraza izango, beharbada, antzeko moldean urratutako bideak albora uztea. Aurreko liburuen girotik ez oso aparte iruditu zait honen iruditeria, detaile plastiko edo foniko edo animikoaren bidetik, paralelismoaren ehizan begia zoli, belarria erne eta eskua fin: “Haur batek bazterrean utzi du bizikleta lagunekin jolastera joateko” poema bera baino izen luzeagoko honek, adibidez, hala dio: “Bizikleta / espaloi ertzean / burumakur, zain”.
Haurraren lehen egunak aipatzen dira hasierako poemetan, liburuari izena ematen dion honetan, adibidez: “Botoizulotik botoia bezala / jaio nintzen negarrez: / Ilargia irribarrez”. Ikusi beharrekoa da ilustrazioa: txuri handi baten erdi-erdian, nini baten burutxoa lotsati ageri da goitik beherako marra biribildu huts baten atzetik, ilargi zein botoizulo zein amaren ipur-masaila irudi dezakeen lerro soil, berriz ere, sujerikor baten ostetik.
Gero, orriak aurrera, natura elementu xumeak nagusitzen dira, eta animaliak, eta haurren jarrerak eta posturak. Umoreak ere badu bere lekua, “Soineko estua” izenekoan, esaterako: “Botoi etena: /Neskatxaren bularra / txoriz betea”. Eta, nire ustean HGL garaikide onari dagokion bezala, zerbitzatzean neurriz banatzen du eztitik: “Kanta ezan, txori: / Betor nigana / zorion haize hori”, eta ozpinetik: “Aitonak irratia piztu: / Denboraren hotsa / itzali nahi du”.
Liburuaz hitz egiteko erarik argiena, zuek ere ohartuko zineten honezkero, poemak kopiatzea da; hobe duzue, beraz, jatorrizkoari heltzea.
- JAKINGARRIAK 44 Hona Juan Kruz Igerabideren bosgarren poesia liburua haurrentzat, aurreko lauren ostean: Begi niniaren poemak, Egun osorako poemak eta beste, Gure poesia eta Haur korapiloak.
Lehenengo poema liburuan (Begi niniaren poemak), haikua estreinatu zuen, japoniar estiloa erakarriz gure letretara, “zen” tradizioaren ildotik.
Bigarren poema liburuan (Egun osorako poemak eta beste), haurrentzat beste erabateko poemak ere egin daitezkeela erakutsi zigun: errepikapena, erritmoa eta analogiaren baliabideak erabiliz, besteak beste.
Hirugarren liburuan, berriz (Gure poesia), haurrentzat Errorea! Liburu-marka definitu gabe.poema-bilduma egin daitekeela erakutsi zigun, euskal literaturako hainbat poeta handi hartuz: Lizardi, Orixe, Minaberri, eta abar.
Laugarren liburuan, aldiz, limerick-ak estreinatu zituen Juan Kruzek, non sense estiloa poesiara erakarriz, ingeles tradizioaren haritik.
Bosgarren liburu honetan, berriz, esan daiteke, bere lehenengo liburuaren
mundura itzultzen dela berriz, Begi niniaren poemak deritzan liburura, hain juxtu. Liburu honetan, hartan bezala, haikuak baitira protagonistak. Baina, hori bai, desberdintasun batekin: lehenengo liburuan oso libre aritu bazen, errimari dagokion kontuetan, hemen aldiz, badirudi, areago saiatu dela fintzen eta atontzen.
Aipatu, bestalde, Anaya argitaldariaren ahalegina, ez liburua argitaratzeko bakarrik, baita liburua zaintzeko hartu duen arretarengatik ere, liburuaren onerako izan dena. Elena Odriozola ilustratzailearen lana ere azpimarratzekoa da. Juan Kruzen poemekin oso ondo uztartzen jakin baitu bere lana. Ikusi besterik ez, 30. orriko poemari egiten dion ilustrazio paregabea, edota, 10, 20 eta 22 orriei egiten diena.
Ilustrazioek ezagun dute marrazkilariaren sentsibilitatea. Badaki, esaterako, isiltasuna gordetzen, espazioa hustuz; edota, harantzago joaten, hitza honantzegi dagoelako. Hori bai, doinua mantenduz beti, hitzaren hatza lagun.
“Poema haurtzaroa arimaren egoera bat da, aro kronologiko bat baino areago”…diosku Juan kruzek liburuaren hondarrean. Eta arrazoia ez zaio falta, ez! Izan ere, haurtzaroa, bizitza esperimentatzeko modu bat ere baita, hala poetikoa nola espirituala, zeinean kontzeptuak birrinduak gerta daitezkeen artistak begiratzeko erabiltzen duen begiradari esker: ez aurreiritzirik eta ez atzeiritzirik duen begirada, zirrikiturik txikietatik bizitzaren handitasuna begiratzen dakien begirada osoa.