Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bota ura! (nire terrazatik)

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Belén Lucas Pérez

Argitaletxea: Giltza

Urtea: 1997

Bilduma: Tukan Urdina

Orri kopurua: 95


Laburpena:
Eguraldi ona dagoenean, etxeko terrazan egoten naiz irakurtzen, marrazkiak egiten eta ipuin laburtxoak idazten. Terrazatik, mundu guztiari begiratu eta oso ondo pasatzen dut, ni ez naute ia inoiz ikusten eta.


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 1. zenbakia, 1999ko azaroa Bota edertasuna!


Irakurtzen hasten diren haurrei liburu oso ilustratuak edo bestela ipuin laburrak eskaintzen zaizkie. Urtetan maneiatu izan dituzten irudi liburuen antzekoek zubi lana egiten dute, nolabaiteko jarraipena eman (testu gehiagorekin, jakina); besteek, aldiz, ipuinek, argumentuan jartzen dute erakarpen gune nagusia.

Oso gutxi dira bi mota horietatik at argitaratzen diren liburuak. Mariasun Landaren Iholdi izango litzateke horietako bat... eta Juan Kruz Igerabideren Bota ura! (nire terrazatik) hau beste bat. Izan ere, liburu hauetan narrazio laburra (llaburra) erabiliz testu poetikoa, prosa poetikoa egiten da, baina horrez gain oso modu orokorrean bada ere, mantentzen da hari argumentatiboa.

Bota ura! liburuan mutiko batek idatzitako hogeita bi pasarte labur aurki ditzakegu, eta hauetan oso gai eta kontu ezberdinak ukitzen dira. Batzuetan giro literarioa topatzen dugun bezala (“Ah!” ipuinarena, esate baterako; edo poema liburuaren istorioa), beste batzuetan inguruko errealitatea ikuspegia, kritika edo satira, daukagu haurraren begi-lapitzetik kontatua (auzoko emakume berritsuenak, adibidez).

Egia da, hala ere, istorioak baino garrantzitsuagoa dela liburuaren tonua, idazkeran eta ideietan nabaritzen den tonu literarioa. Haur baten ikuspuntutik mundua (mundu literarioa). Eta jarrera hori liburuko orrialde guztietan zehar nabaritzen da. Sugandilaren ipuina, Monterrosoren dinosaurua, izeba Martinaren poema-liburua... eta testu horien guztien ondoan dauzkagun baleak, olagarroak garajean eta antzekoak. Jakina, irakurketa maila horiek egin ahal izateko liburuan jartzen duen “6 urtetik aurrera” baino gehiago izan behar dira, eta alde horretatik 6 urte baino hobe 8 urtetik aurrera irakurtzea (88ra arte Madrileko argitaletxe ezagun batean dioten bezala).

Belen Lucasen marrazkiek ederki islatzen dute testuaren tonua, testuaren sinpletasun landua. Atsegina, samurra eta era berean pozgarri edo betegarri gertatzen zaizkigun kontakizun llabur hauei esker, Edebé argitaletxe katalanak antolaturiko lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen Igerabidek estatu espainoleko lau hizkuntzetan aurkeztu ziren lanekin lehiatu ondoren. Oker ez banago (ilustrazioak alde batera utzirik) euskal haur literaturan eskuratu den sari garrantzitsuena.


Bota ura! (nire terrazatik)