Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bota gorriak

Idazlea: Karlos Linazasoro Izagirre

Ilustratzailea: Caudia Ranucciren irudiak

Urtea: 2000

Bilduma: Liburu zopa

Orri kopurua: 76


Laburpena:

Imajina ditzakezu bota batzuk amets egiten eta gauza zoragarriak bizitzen lagunduko dizutenak? Karlosek, ipuin honetako protagonistak, sekretu asko dauzka zuri kontatzeko, eta bota majiko batzuk zuri erakusteko; zeren, bizi al liteke amets egin gabe?


Prentsako aipamenak:


- Luis Arizaleta, Behinola aldizkaria 7.zenbakia 2002ko azaroa Orden baten barneko fantasia

Zazpi eta bederatzi urtean,haurren gehiengoa jabetu egiten da testu idatziaz bereganatzearen mekanikaz:urte gutxi lehenago jasotako tresna erabiltzearen poderioz,dezifratzearen nekea alde batera utzi,eta denbora gehiago eskaintzen diote funtzio interpretatzaileei,edota pentsamendu nahiz emozio mailakoei.

Hala bada,adin horretan,prozedurazko jakituria den irakurketaren erabilerarekin batera,egonezina eta espektatibak agertuko zaizkie: amak ozenki irakurri dizkidan ipuinak,edota aitaren nahiz maistraren pasadizoek utzi didaten zapore ona lortuko al dut irakurketaren aukera berri honekin?;ni,bakardadean,hain ongi egongo al naiz hitzez betetako liburu honen aurrean?

Zortzi eta hamar urte bitarteko haurrentzat idazten duenak egiteko nekeza du aurretik.Irakurtzeko gaitasuna lantzen ari diren irakurleei zuzentzen zaie,baina,aldi berean,irakurle horien giza kapitala oso handia da.Eta betebehar
zailenetako bat zera da:konplexutasun estilistikoa eta tematikoa edertasunez harilkatzea.Irakurle horiek ez dira asetzen edozein pertsonifikazio animistarekin;
abenturaren alderen bat edo beste itxarongo dute;asmatutakoa eta sinesgarritasunaren arteko oreka logika baten barnean agertu behar da.Ez da erraza lortzen.Horrexegatik,benetan pozgarria da ardatz horiek ongi jaso dituen testu batekin topo egitea.

Halaxe gertatzen da Linazasoro-ren bota magika hauekin;bota bete fantasia diren hauek guztiz testuinguru onargarrian eta sinesgarriak agertzen zaizkigu:maitasuna,eskola,familia,beren tokian dauden elementuak dira,eta,autoreak bere erara landuak,testu miresgarri bat osatzen dute;bota horiek protagonista bere ametsen printze bihurtzen laguntzen zuten objektu magikoa oroitarazten digute.

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Poetak gelan

Zer egin dezake poeta arimadun batek haur baten aurrean, jakinik haur ahalmenen artean ez dela txikienetakoa helduei, hariduraren harriduraz, oreka galaraztea? Poemak esan, irakurri edo idatzi, horixe baita poeta baten lana. Karlos da liburu honetako pertsonaia, Romina gelakidearekin gustatuta dago eta maitemintzen hasia ere bada. Gertatzen diren kontuak dira eskoletan-eta, pentsatzen den bain sarriago esango nuke gainera. Neska-mutilak horretarako baitira sortuak, elkarren lagun, adiskide eta gustatzaile izateko, batzuetan beranduegi konturatzen badira ere.

Karlos da liburuko protagonusta. Aita poeta da, eta bera ere bai, neurri handian, poeta ez baita soilik poemak esan, irakurri edo idazten dituena, baizik eta poeta begiz munduari so egiten diona. Eta Karlosek poeta begiak ditu. Errealitatea deitzen den hori dagoen tokian berak beste zerbait ikusten du: ederragoa, garbiagoa, puruagoa alegia, politagoa. Eta bere inguruan daudenak ere poeta bihurtzen hasiak dira, –andereño Mate lehena–, arian ariaz noski, inor ez baita poeta sortzen; bere heziketa behar duen lanbidea da, ez pentsa. Poeta ugari dagoen gela batean gauza harrigarriak gertatzen dira, animaliak azaldu egiten dira, denetik, oihan txiki bat osatzeraino, eta desagertu ere bai, azaldu bezain arin. Eta asmakizunak asmatzen igarotzen dute denbora. Eta Karlosek ahalmen bereziak ditu, bota gorriak jantzita ibiltzen denean bereziki.

Oso liburu sentikor eta irudikorra iruditu zait, poesiaz betea, baina ez poesia hitz-jario, mami-gutxi horietakoa, metaforaz josia, irudiz gorainokoa baizik, haurrak goza daitezen hitzekin jolasten.


Bota gorriak