Izenburua:
Bosniara nahi
Idazlea:
Juan Kruz Igerabide Sarasola
Ilustratzailea:
Elena Odriozola Belįstegui
Argitaletxea:
Aizkorri
Urtea:
2003
Bilduma:
Topaleku
Orri kopurua:
104
Laburpena:
Gudatik ihesi nahian, bosniar familia batek Bartzelonara heltzea lortuko du; baina, zoritxarrez, ez dira guztiak iritsiko. Ama, alaba eta semea saiatu egingo dira beren bizitza berrira moldatzen, baina aita gogoan dute, eta gainera ez dakite bizirik diraun ala ez. Horrexegatik, Nezir gaztea Jugoslavia ohira bueltatuko da aita aurkitzeko asmoz.
Ia simetrikoak diren muturretatik kontatzen zaigu istoria dramatiko eta mingarri hau (berez gerrako istorio guztiak bezalakoa); alde batetik aita: etsaien atzaparretan ez jausteko hamaika arrisku zein abentura biziko dituena, bestetik, semea: aita berriro bizirik aurkitu arte atsedenik hartuko ez duena.
Kontaketa estiloari esker, gerra batek dakartzan etsipena, krudelitatea eta heriotza zehatz-mehatz ezagutzea izango duzue.
Prentsako aipamenak:
- Laura Sagastume, Behinola 9.zenbakia 2003ko azaroa Iheslarien lekukotasuna
Begi argi haiek nobelarekin Igerabidek Perura eraman bagintuen ere, egileak Bosniara eraman gaitu honakoan. Liburuaren kontrazalean, halako laburpen laburtuan esaten zaigunez, "Gerra da Bosnian. Nezir gaztearen familia heriotzatik ihesi abiatu da. Nezi, ama eta arreba Bartzelonara iritsiko dira; aita ihesean galduko dute. Aitak beste bide batetik ihes egin nahi du, familiaren bila; Nezir seguru dago Bartzelonan, baina aitaren bila itzuli beharra sentitzen du". Adierazgarria da hain paragrafo txikian ihesa izatea behin eta berriro nabarmentzen den hitza, eta ihesak beti dauka arrazoiren bat, ihesa beti da arriskutsua. Eta irakurleari beti pizten du jakinmina, irakurlearentzat beti da ikasgaia, ikasgai erakargarria kasu honetan bezala.
Bosniara nahi nobela bi ahotsetan egituratua dago. Batetik, Nezirren historia ezagutuko dugu: familiarekin nola iritsi zen Bartzelonara, bertan gizon batek nola hartu zituen eta, batez ere, nola proposatu zion amari -aitaren heriotza suposatuz hartara- berarekin ezkontzea; beste alde batetik, lehenengo pertsonatik hirugarrenera igaroz, etena markatuz, aitaren ihesaldi gorabeheratsua -eta amaiera arte ia zoritxarrekoa-kontatzen zaigu. Bi ahots elkarren osagarri, biak ere zirraragarriak, biak atal laburretan emanak, idazkera argi bezain eraginkorrean, poetikoan zenbaitetan (baina neurritsua, eta hori zinez da eskertzekoa poeten narratiba lanetan).
Nora noan galdetu didate. Neuk ere neure historia kontatu diet amalabei. Alabaren begiak basamortu ertzeko eguzkia baino distiratsuagoak dira, eta haren aurpegiko azalak eztiz igurtzia dirudi. Emakume zaharrenak elkarrekin joateko konbitea egin dit. Aitaren aztarnarik aurkitu arte haiekin bizi naiteke; txokoren bat egingo didate bazterren batean. Zinez eskertu eta onartu diot eskaintza. Alabak irribarre ezti bat egin dit, eta orduan jakin dut ez zaidala batere damutuko eskaintza hori onartu izana.
Bosniara nahi nobela irentsi egiten den horietakoa da, eta beharbada horrexegatik iruditu zaigu batbatekoegia amaiera, pixka bat gehiago garatzea espero edo nahi genuelako. Edozein modutan, guztiz gomendagarria da Igerabideren lan hau, egilearen nobelagintza sendotzen eta emankortzen ari den seinale ezin argigarriagoa.
Gerrak erpeak sartzen dizkio lurrari eta haren gainean bizi direnei. Zauriak ez dira sendatzen harik eta belaunaldi asko iragan arte. Hala eta guztiz ere, bizitza hondakinen eta errautsen artean loratzen da berriro.