Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bizitzaren oihanean galdurik

Idazlea: Iņaki Zubeldia Otegi

Ilustratzailea: Jesse

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 1999

Bilduma: Ekin

Orri kopurua: 112


Laburpena:
Bizitza oihan bat bezala da, ederra, landarez eta lorez apaindua, baina baita ere arantzaz eta arriskuz betea. Eta gutxien espero duzunean azaltzen da pizti gaiztoren bat edo ezusteko tranparen bat eta zure abentura tragedia bihur dezake. Hemen ere horrelako zerbait aurkituko duzu.
Liburu honetan hiru narrazio dauzkazu eta horietan maitasuna, herrimina, zoriona, poza, tristura, samina, atsekabea, itxaropena... denetik aurkituko duzu. Bizitzaren oihanean denak ondo eramaten jakin behar duzu eta itxaropena eta bizipoza bilatzen asmatu. Ea zuk ere lortzen duzun.


Prentsako aipamenak:


- Javier Rojo, El Correo 1999ko abenduaren 15a Ñabardurarik ez

Gazteei zuzendutako kontakizun liburu baten aurrean gaude honetan. Bizitzaren oihanean galdurik du izena eta Iñaki Zubeldiak hiru narrazio bildu ditu bertan. Hasiera batean hiru narrazio zeharo desberdin (gaiaren aldetik zeharo desberdinak) egin nahi izan dituela dirudien arren, ekintzen azalean gelditu nahi ez duen irakurlea erraz konturatuko da narrazio horiek tesi bat islatzeko erabili dituela idazleak. Honela laburbil liteke: haurtzaroko mundu zoriontsutik urruntzen garen neurrian, bizitzan murgiltzen garen neurrian alegia, sortzen dira konfliktoak. Liburu honek duen arazorik larriena, nire ustez, tesi hau klabe politiko ideologikoan ere emanda dagoela da.

Izan ere, haurtzaroko mundu zoriontsua, baserriko bizitza tradizionalarekin parekatuta dago kontakizun hauetan, eta bizitza tradizional hau (batzutan ia bosque way of life idilikoa dirudiena) aldatzean sortzen dira era guztietako konfliktoak. Mundu ikuskera oso sinplea eskaintzen du liburu honek, bikoiztasunak agintzen duena, zeren mundua, funtsean, ona eta txarra, gu eta etsaiak, baserria eta modernitatea bezalako erabateko kontrajarpenen arabera ulertzen baita, bizitzan bestelako ñabarduretarako lekurik egongo ez balitz bezala.

 

-Esther Garaizabal, EGAN 2000 - 1/2, 263.-264.-265. orr.

Eskumako literatur kritiko baten aurreiritziak

“El Correo Español”eko Javier Rojo literatur kritikoak bere belarria erakutsi du euskal liburu bati egindako kritika gogorrean. Iñaki Zubeldiaren Bizitzaren oihanean galdurik da liburua eta hona hemen Javier Rojok jaurtitzen dituenak: “Honela laburbil liteke (liburua): haurtzaroko mundu zoriontsutik urruntzen garen neurrian ... sortzen dira konfliktoak. Liburu honek duen arazorik larriena, nire ustez, tesi hau klabe politiko-ideologikoan ere emanda dagoela da.” (Eta zure kritika ez ala, Rojo jauna?)

“Izan ere, haurtzaroko mundu zoriontsua baserriko bizitza tradizionalarekin parekatuta dago kontakizun hauetan, eta bizitza tradizional hau aldatzean sortzen dira era guztietako konfliktoak. Mundu ikuskera oso sinplea eskaintzen du liburu honek, bikoiztasunak agintzen duena, zeren mundua, funtsean, ona eta txarra, gu eta etsaiak, baserria eta modernitatea bezalako kontrajarpenen arabera ulertzen baita...

” Hemen esaten duzun guztia ez da egia, bigarren narrazioan bakarrik gertatzen baita zuk diozun honen antzeko zerbait eta ez preseski baserria eta modernitatea, baizik eta baserriko haurtzaro zoriontsua eta gaztaroan Tuteran Gladys del Estal-en heriotza pairatu beharra manifestazio antinuklear batean, ez baserria eta modernitatea, baizik eta haurtzaro zoriontsua eta bizitzako piztiek dakarten samina eta atsekabea, pobreen zoriona eta aberatsek eta handizkiek (zuk defenditzen dituzunak, agian?) dakarten desgrazia itzela.

Baina arrazoiak ematen hasi aurretik, Xabier Izagak GARAn egiten zuen hausnarketa ekarri nahi dut hona: «(...) Hainbat kritikok militante, politiko eta gisako adjektiboak darabiltzate zenbait idazleren lanen izaera literarioa ukatzeko. Izan ere, obra barik idazlearen pentsamoldea epaitzen baitute. (...) Beti ere ezkerreko idazleei aurkitzen diete delako morrontza beren idazlanetan. Beraz, agi danean, ezkerreko ideologiak baizik ez dira literaturarentzat kaltegarriak.(...)»

Neure poltsikotik beste zerbait ere erantsi nahi diot gogoeta honi: Baserri giroa, ruralismoa, mundu tradizionala larregi erabiltzen dira zenbait literatur lan kritikatzeko. Zer gertatzen da, nik ezin dudala Gatikako nire haurtzaroko oroimenik islatu nire literatur lanetan? Butroeko gazteluak sortzen zigun lilura berezia, inguruko baso eta zelaietako oroimen gozoak ezin ditut birgogoratu nire sorkuntza lan batean? Ala Bilboko labe garaiak, San Mames eta gabarran Athletic-ek egindako bidaiak, San Francisco kalea, Guggenheim eta antzeko gauzak gomutatu behar ditut derrigor?

Baina itzul nadin harira. Bizitzaren oihanean galdurik liburuan hiru kontakizun datoz, erabat desberdinak Javier Rojok hala ikusi ez baditu ere.

Lehenengoan, Erromatarren esklabo, erromatarren garaiko istorio bat kontatzen du, Gipuzkoako Goierri aldean kokatua, eta derrigorrez izan behar rurala, garai hartan ia denak artzain edo nekazari baitziren. Bahituta Erromara eramaten duten mutil gazte baten herrimina da gai zentrala eta maitasun istorio xume bat azaltzen da zeiharka. Sarrionandiaren eragina nabaria da Enperadore eroan gertatzen denaren antzeko zerbait gertatzen baita kontakizun honetan ere, nahiz eta idazleak beste irtenbide bat ematen dion. Narrazio honetan ez dut inondik inora ikusten Javier Rojok dioen “ona eta txarra”, “gu eta etsaiak”, “baserria eta modernitatea”, ezta “klabe politiko-ideologikorik” ere.

Bigarren kontakizuna da Javier Rojori neuronak astindu dizkiona. Bizitzak harrapatu nau da honen izenburua eta kontakizun iniziatiko modura antolatuta dago, planteamendua oso konplexua eta sakona ez baldin bada ere. Narratzaileak baserri giroko haurtzaro zoriontsua gomutatzen dau eta bere aitak esaten zizkion zenbait berba eta esaldi klabe: bizitzako piztiak, bizitzak erakutsiko dizue bai... Eta narratzaileak bizitza hori, piztien eragin hori, Tuteran sentitu du manifestazio antinuklear baketsu batean, guardia zibilek neska gazte bat (Gladys del Estal donostiarra) hil eta jendea bortizki erasotzen dutenean. Narratzaileak honela bukatzen du: “bizitzak harrapatu nau”, baina, gero, “ai ihes egiterik baneuka haurtzaroko paradisura...”. Nik honela interpretatu dut: Saiatu egin behar dugu denok, bizitzako unerik latzenetan ere, haurtzaroko zorion inozente haren bila, mundua garbiagoa eta ederragoa izango bailitzateke. Amets kimerikoa nahi bada, baina zer litzateke mundu hau amets egiten duten ONG, ekologista, medicus mundi eta Madre Teresa de Calcuta-rik ez balego...?

Hirugarren narrazioa, Kolorezko aingeruak ere badira, ume baten heriotzaren inguruko gogoeta eta une larriak kontatzera dator, errealismo mingarri eta zulatzaile batekin. Familiaren, eta batez ere amaren, samina eta etsipena modu bortitzez adierazita dago. Hemen ere ez dago “gu eta etsaiak”, “baserria eta modernitatea” edo “klabe ideologiko-politikorik”, ez bada etxe atarian itzi dieten ume beltz abandonatua. Pixka bat behartuta lez sartuta badago ere narrazioaren barruan, ume beltzaren konponbideak gozotasuna, aurreiritzi arrazisten aurrean maitasun unibertsala, gizakion alde on eta positiboa dakarkio narrazioari, bukaera leunduz.

Beraz, Javier Rojo, eskumakoa izatea ondo dago, baina zure aurreiritziak tinteroan laga itzazu hurrengoan, literatur kritika serio bat egin gura baduzu.

 

- Deia, 2000ko apirilaren 14a Bizitzaren gora-behera zalapartatsuak

Bizitza ohian bat bezala da, ederra, baina baita ere arriskuz betea. Eta gutxien espero duzuenean azaltzen da pizti gaiztoren bat edo ezusteko tranparen bat eta zure abentura tragedia bihur dezake. Hemen ere horrelako zebait aurkituko duzu.

Ibaizabalen liburu honetan hiru arrazoi dauzkazu eta horietan maitasuna, herrimina, zoriona, tristura, samina, itxaropena... denetik aurkituko duzu. Bizitzaren oihanean denak ondo eramaten jakin behar duzu eta itxaropena eta bizipoza bilatzen asmatu. Iñaki Zubeldia idazlearen altxor bitxi bat.

 

 


Bizitzaren oihanean galdurik