Izenburua: Bihotzak dun-dun
Idazlea: Miren Agur Meabe Plaza
Ilustratzailea: Enrique Morente
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2015
Bilduma: Xaguxar, 210
Orri kopurua: 93
Adina: 10tik gora
Laburpena:
Eguneroko bizitza erakusten duen ipuina da hau, eta gai asko ukitzen ditu, hala nola familia, langabezia, harremanak, gaixotasuna eta heriotza, lagunak, euskal ohiturak, amodioa... eta, agian ardatz dena, handitzearekin batera, bizitza erraza ez dela konturatzea. Tonu intimista du. Neskatila batek, urte batez bizitzen duena kontatzen du, lehenbiziko pertsonan, betiere gauza guztiek sortzen dizkioten emozioak adieraziz, izenburuak dioen bezala, “bihotzak dun-dun” eragiten dioten gauzak adieraziz.
Leak 9 urte ditu eta aita, ama eta Beñat anai txikiarekin bizi da. Aita langabezian dago eta goiko pisuan bizi den Ixidro zaharra zaintzen hasiko da. Neskatila eta agurearen arteko harreman polita sortuko da, eta urtaro ezberdinetako pasadizoak gertatzen joango dira: Santo Tomas, Santa Ageda, inauteriak, udako oporrak, San Joan sua...eta bitartean lagunekin harremanak, eskolako egunerokoak, maitemintzea... Baina egunerokotasunetik “kanpo” bada Leari gertatzen zaion beste zerbait: noizean behin zorabiatu egiten da eta halakoetan, eldarnio amets bereziak izango ditu.
Ilustrazioak koloretsuak eta alaiak dira, pertsonaia eta egoera desberdinak irudikatzen dituzte, eta arintasun handia ematen diote testuari. Edizioa bera ere oso erakargarria da, garbia, tipografia handikoa, kapitulu laburretan antolaturik...irakurtzeko oso atsegina.