Izenburua:
Bihotza zubi
Idazlea:
Joxan Ormazabal Berasategi
Ilustratzailea:
Elena Odriozola Belástegui
Argitaletxea:
Elkarlanean
Urtea:
2001
Bilduma:
Xaguxar
Orri kopurua:
108
Laburpena:
Poema eta kontakizun laburrez osatutako liburua. Badu mezu bat ere; mundua askoz ere hobeto ibiliko litzatekeela bihotzak zubi bihurtuko bagenitu, alegia.
Prentsako aipamenak:
- Felipe Juaristi, Diario Vasco BIHOTZETIK BIHOTZERA
Ez dit inork ukatuko oso izenburu polita duela liburu honek: Bihotza Zubi. Ez bakarrik bihotzak, hitzez eta egitez, beti zerbait berezia ekartzen diolako edozein testuri. Bihotza, izan ere, zubi baita bi pertsona elkar daitezen. Bestelako hitzez esanda, bihotzaren zubia zeharkatu gero irits daiteke bakearen lurraldera, zorionaren lorategira, itxaropenaren gaztelura. Baina bihotza hain da zubi hauskorra, gorroto izpirik txikienak gaindi dezake, amorruaren haize firi-firiak suntsi dezake eta ondorioz bota lurrera, herraren izotz beltz gaiztoak arrakala dezake, eta utzi baztertua, bihotz izoztua balitz bezala. Joxeantonio Ormazabelek liburu txiki eta bitxi honetan ipuinak eta poemak bildu ditu. Poemak ipuinen antzekoak dira, eta ipuinak poemen modukoak, poetikotasuna, bihotza bultzagile, prosaren zubitik haratago baitoa. Egileak bertsotan idatzitakoa hitz lauz jarriz gero horra hor ipuina: “Ez dago gauza ederragorik, ez dago lan politagorik, bihotz batetik besteraino, ni nagoen lekutik zu zauden lekuraino, letrazko harriekin maitasunezko zubiak eraikitzea baino”. Zer gehiago erants dakioke halako maitasun baieztapenari? Nork eman dezake bihotz gehiagorik?
Berez, hamabi urtetik aurreragoko neska-mutilentzat bada ere, adin txikiagoa dutenak ere goza daitezke erraz, hizkuntzaren baliabideak ez baitira konplikatuak, landuak baizik. Izan ere, poesiak ez du adinik. Berdin esan daiteke, adinarena ifrentzutik hartzen badugu, heldu jendeak ere irakur dezake liburua, lotsagorritu gabe. Prosazko testuak ipuin laburrak dira, maitasunari buruzkoak, neska-mutilen arteko maitasunari buruzkoak hain zuzen. Maitasuna ere zubia baita, bi pertsonak elkarren berri benetakoa izateko erabiltzen dutena. Poemak askotan istorioak dira; gehiago dira esateko irakurtzeko baino, hitzek musika baitute, eta ez edozein. Musika, ez dezagun ahantz, oso lotuta dago bihotzari, baita maitasunari ere.