Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bihotz nahasiak

Idazlea: Fernando Morillo Grande

Ilustratzailea: Andoni Odrizola

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2001

Bilduma: Ekin

Orri kopurua: 176


Laburpena:
Nereak eta Maitanek bi mutil berri eta bitxi ezagutuko dituzte ikasgelan: Isusko eta Iban.
Harreman berezia sortuko da segituan Nerea, Maitane eta bi mutilen artean, ikusi behar ez zuketen zerbait ikusten dutenean, eta ustekabeko misterio batean murgilduta amaitzen dutenean: jipoiak, Interneteko piratak, aktore ospetsu bat, Mutante ezizeneko irakasle xelebrea.


Prentsako aipamenak:

- Laura Sagastume, Behinola 6.zenbakia 2002ko maiatza Gazte literaturaren aldarrikapen tajuzkoa

Orain dela gutxi, Galiziako Xerais argitaletxeak gazteentzat plazaratzen duen Fora de xogo bildumaren iazko katalogoa heldu zait. Hirurogei titulu berri dira, bai, 60, eta asko eta asko idazle galiziarrek sortuak, nahiz eta, normala denez, beste asko itzulpenak izan.

Tamalez, ez da hori euskal gazte literaturan egoera. Originalak urriak dira eta, nire iritziz, oraindik ere ez dugu lortu corpus indartsu, sendo eta erakargarririk.

Hala ere, tarteka badira salbuespen batzuk eta halaxe gertatu zait Fernando Morillo idazle azpeitiarraren Bihotz nahasiak liburuarekin ere (lehenago haren zenbait libururekin gertatu zaidan bezala, bestalde).

Nobela honetako kontaketa bi planotan garatzen da. Batetik, ikasturteko lehen eguna kontatzen zaigu lau protagonistaren ikuspuntutik. Nerea eta Maitane alde batera, eta Isusko eta Iban hackerra bestera. Baina nobela Nerearen susmo eta errezelo batekin hasten da:

"Begiak ireki orduko izan zuen lehendabiziko aldiz susmo bitxi hura. Zalantza, ezinegona eta errezeloa. Bat-batean etorri zitzaion dena. Zerbait berezia gertatu behar zitzaiola iruditu zitzaion Nereari".

Eta aurrera egin aurretik, esan beharra dago protagonistak ondo zehaztuta daudela, eta sinesgarriak egiten zaizkiola irakurleari. Irakurri besterik ez dago 14. orrialdeko pasarte hau:

"Ispiluan aztertu zuen bere irudia: ile moztu berria, lisoa eta teila-kolorekoa, nahasirik zuen oraindik. Gustatu egiten zitzaion. Baina beste zerbaitek kezkatzen eta harrotzen zuen gehiago. Gorputza, bere gorputza, ia konturatu gabe ere ari zen eraikitzen. Bihurgune berriak agertzen ari zitzaizkion eta batzuetan izutu egiten zuten. Bera izaten jarraituko ez zuela iruditzen zitzaion; zerbait galduko zuela bide ezezagun horretan. Baina beste batzuetan ez. Beste batzuetan izua ez baizik eta urguiluak hartzen zuen. Emakume bihurtzen ari zen sentsazio gordea bezain zirraragarria. Emakume izatea zena zela ere".

Beste alde batetik, letra etzanean datorren beste plano bat nabarmentzen da. Eta lehen planoa berez erakargarria bada, are erakargarriago egiten da bigarrena:

"Egurtu. Ikaratu. Baina pasatu gabe. Bizirik utzi zioten hori: sustatu soilik".

Bigarren plano hau Donostiara norbait jipoitzera datorren mertzenario bati dagokio (hiltzea errezagoa litzateke haren iritziz). Eta bi planoak txandakatu egiten dira, eta txertatu, nobelari erritmo bizia emanez, azken batean erritmo azkar eta biziko nobela baita honako hau.

Nobela arin irakurtzen da, jakinminez, intrigaren labirintoan aurrera egin nahian, euzustez ezuste. Baina ez da ohiko kontaketa huts bat.

Bihotz nahasiak. Ezer baino lehen, ondo kontatuta dago. Hizkera zaindu du, eta egilearen aurreko lanetan bezala, elkarrizketak gatz eta piperdunak dira, sinestezinak eta erakargarriak (nahiz eta batzuetan erdarakadak alde batera utz zitezkeela iruditzen zaidan). Baina horretaz gain, konparazioak ere neurrian eta polito emanak datoz:

"Bi hilabete baziren azken aldiz elkar ikusi zutenetik. Haur baten feria-globoa baino arinago mugitzen zen denbora batzuetan".

Edozein modutan, alde onak ez dira horretara mugatzen eta beste bi nabarmendu nahi nituzke. Batetik, polita eta egileak gazteen harremanak garatzeko eta azaltzeko hartzen duen ikuspuntu ausarta eta topikoetatik urrun. Gure usteak, gure aurrikuspenak itzulipurdikatu egiten dira. Bestetik, polita da nobelaren amaiera bera. Gazteek, mundua konpondu baino gehiago, ulertzen saiatzen direlako. Piezak beren tokian jartzen.

Horregatik guztiagatik da nobela hau erakargarria, horregatik eta Andoni Odriozolaren ilustrazioengatik. Horregatik guztiagatik da nobela hau benetan gomendagarria oraindik ere hain eremu urria den euskal gazte literaturarenean.

- Xabier Etxaniz, CLIJ junio del 2002 El primer día de clase Nerea y Maitane descubren que hay dos chicos nuevos en su aula. A partir de un simple hecho -el ofrecimiento de pasarle a uno de ellos los apuntes del año anterior-, al principio dos de ellos y, posteriormente, los cuatro se hallarán en medio de una investigación donde se entremezclan un robo de joyas, un matón a sueldo, una víctima que no quiere saber nada de la policía, y toda una serie de elementos que animan a estos jóvenes a investigar lo que está sucediendo.

Escrito en un estilo vivo y ágil (toda la trama se desarrolla durante un día), Morillo logra atrapar al lector en la lectura de esta novela que aunque tiene algunos pasajes poco creíbles, no por ello pierde interés.

La misma comparación que se hace en la obra con respecto a la astucia y visión panorámica de una jugadora de ajedrez, podemos realizarla nosotros con respecto al autor del argumento y al desarrolo de éste. Nos encontramos, sobre todo, ante una novela interesante que se lee de un tirón.


Bihotz nahasiak