Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bide magikoa

Idazlea: Pello Aņorga Lopez

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2000

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 36


Prentsako aipamenak:


- Laura Sagastume, Behinola 3.zenbakia, 2000ko azaroa Literaturaren eguzkitakoa

Bere txikian, gero eta sendoago, gero eta erakargarriagoa da Aizkorri argitaletxearen Mendi sorgindua saila. Oraindik ere Juan Kruz Igerabideren Jonas ahantzi ezinik, oraingoan Pello Añorgak idazti eta Jokin Mitxelenak ilustratutako Bide Magikoa eskaini berri zaigu.

Ez dugu ukatuko beldur apur batekin hartu genuela liburua, izenburuko magiko hitza dela eta. Baina irakurri eta ikusi ahala, beldurra uxatu eta gozatu genuela aitortu behar dugu.

Gaia haur literaturan aski ohikoa izan arren (neskatila bat hondartzan galtzea), egileak ematen dion irtenbidea bitxia eta originala da eta batez ere irakurketa asko eskaintzen ditu. Horietako bat, behinena seguruenik, liburuetan topa daitekeen magiaren apologiatxoa da, gizakion arazoen konponbidea liburuetan ere aurki daitekelakoan. Beharbada horregatik, testua hau izan zitekeen IBBY-k haur eta gazte literatura egunerako atera ohi duen agiria izateko, hain zuzen ere esan gabe txukun esaten duelako.

Liburua oso elementu gutxirekin eginda dago, baina horien arteko uztarketa egoki egina dago, egoki narratua, oso hizkera xumearekin, eta zalantzarik gabe lehen -eta geroagoko- irakurleen gustukua izango da. Zentzu horretan, ezin aipatu gabe utzi Jokin Mitxelenaren lan aparta. Kolorez beterik, liburua oso da alaia, xehetasunez betea, eta ageri-agerian uzten du hiru protagonisten arteko konplizitatea. Seguru asko ilustratzaileari pena bakarra geratuko zitzaion, alegia, hain bereak eta nonahikoak dituen euritakoak hondartzan eta eguzkitan jarri ezina, baina hori nola edo hala eguzkitako batzuen presentziarekin konpondu du. Beharbada beste pena txikitxo bat ere geratuko zitzaion 14-15 orrialdeak hain zuri ikusirik, benetan kontraste egiten baitute ongi apainduta datozen orrialdeen artean. Edozein modutan, bere lan bikaina ongi baino hobeki jasoa dago helduontzat ere Bide Magikoa gertatuko ahal den honetan.


Bide magikoa