Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Besarkada

Idazlea: Uxue Alberdi Estibaritz

Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga Otamendi

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2015

Adina: 6tik gora


Laburpena:

2016ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria. “Besarkada” lanak azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara. Kanpoan haize bortitza dabilenean, bi beso hurbil sehaska bihurtzen dira. Haize-hotsa ahaztu egiten da, orduan, bihotz taupadak gertuago aditzen ditugulako eta beldurra uxatzen da, besoen borobil barruan mundutik gordeta sentitzen garelako; jantzita, eta ez biluzik.

Kopla bidez agertzen du hori guztia Uxue Alberdik, kontraste-giroa sortuz. Koplen egitura klasikoa harago doa, ordea, alde kontrajarrien arteko jokoa kode poetiko bilakatzen delako. Atmosferak, zentzuak eta zirrarak dira kode poetiko horren hizkuntza-baliabideak eta, honenbestez, pentsatzeko baino “sentitzeko” liburu baten aurrean gaudela esan dezakegu: “nahi al zenuke toki txiki bat nire besoen artean?”

Heldu batek ozenki irakur diezaioke haur bati, besarkada baten magalpean, baina biharamunean haurra izan daiteke helduari irakurtzen diona, rolak aldatuz. Izan daiteke haur batek beste bati irakurtzea ere, bitartekari batek horretarako bidea erraztu duelako. Bitartekariaren arrimura dastatzeko liburua da, bada.

Bitartekari batek irakurketa-bideak zabaltzeaz gain, ohiko kode ezagunetik at dauden hizkerak eta kontatzeko moduak errazten ditu, irakurketa-uneari intentsitate intimoa erantsiz, kasu honetan bezala.

Uxue Alberdik idatzi eta Maite Gurrutxagak irudikaturiko album ilustratu honek txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat.


Besarkada