Izenburua:
Bederatzi gutun t'erdi
Idazlea:
Joxemari Iturralde
Ilustratzailea:
Antton Olariaga Aranburu
Argitaletxea:
Erein
Urtea:
2001
Bilduma:
Auskalo Bumeran
Orri kopurua:
144
Laburpena:
Zer gertatzen da mutiko bati esaten diotenean gaixo dagoela eta ezingo duela hilabete pare batez ohetik jaiki? Hondora daiteke. Desanimoak jota gelditu. Munduaren kontra errabiatu. Gelako leihotik ikusten diren izarrak kontatzen hasi. Egin dezake, ordea, koadernoa eta lapitza hartu eta gutunak idazten hasi. Gutun bat Kikito japonesaren ohoretan, beste bat aitonarenean, hirugarren bat... bederatzi gutun t'erdi osatu arte. "Londresen nago aitonarekin" nobela apartaren jarraipena duzu eskutan daukazun hau.
Prentsako aipamenak:
- "Diario Vasco" Moralejarik gabeko fabulak.
Irakurtzen aritu naiz egun hauetan gazteentzako hainbat liburu, eta egia esan, ez zait alferrikakoa iruditu lantxo horretan igarotako denbora. Joxemari Iturralderen “Bederatzi gutun t´erdi”rekin hasi naiz, eta gustatu zait ipuinak kontatzeko erabiltzen duen antolamendua. Mutiko bat gaiso dago, eta denbora pilo bat duenez, eta egoera horretan egonik ona denez zerbait egitea, eta egitekoak gehiegi ere ez direnez norbait gaiso dagoenean, gutunak idaztea erabakitzen du. Gutun horietan errepaso ttiki bat ematen dio mundua mundua denez eta denbora denbora denez gazteei zuzendurik idatzi diren liburuei. Aipamenak ugariak dira: “Robinson Crusoe”, “Munduari itzulia 80 egunetan”, “Mila gau eta gau bat gehiago”, “Txakur hori baten memoriak”, besteak beste. “L´angelo misterioso” deituriko zatia,polita da, haur eta gazteen mentalidadean barneratzen baita, eta haien lekuan jarririk, haien desio eta apeten jabe eginik, ipuin fantastiko bat idazten digu, ederki adierazten duena gazteen mundua zer den. Hor agertzen dira gure ametsik ezkutuenak: animaliek hitzegin balezate?, gizon-emakumeak ikusezinak bagintez?, gure lagun batek hegan egin baleza?.
Liburu horretako pasarte bat aukeratu dut oso adierazgarria delakoan. Hala idazten du Joxemari Iturraldek: “Literaturan bakarrik, hots, fikzio idatziaren bitartez soilik, izan dugu gizakiok eta animaliek elkar ulertzeko mugona. Eta hortaz baliatu gara eta horixe aprobetxatu dugu aspalditik. Eta horretarako balio du esango nuke nik, (beste gauza askotarako ere balio duelarik) Literaturak”.
Literaturan dena da libre eta Jokin de Pedrok hori jakinik animaliak hitzegiten jarri ditu bere liburuan. Saguzaharra, satorra, kukua eta txepetxa biltzen dira lagunarteko giroan eta ipuin bana kontatzen dute. Ipuinetan nabari da humorea eta inoria, errealitatea zilipurdika jartzeko gogoa. Barregarriak dira guztiak, eta irakurtaldia alaitzeaz gain, pentsa erazi ere egiten dute. Liburuan bilduta dauden lau ipuinetatik bi azpimarratuko nituzke; “Ahuntz zuria eta zazpí otsokumeak” eta “Sandokan, Miserikordiako txerria”. Narraziorako dohaina du idazleak, esan nahi dut, kontaera klasikoa dela, baina atsegina horregatik, eta elkarrizketen jarioan ikusten dela halako xorna eta begi ezkerra. Fabulen moralejatik urruntzen da, seguruaski bizi garen mende honetan moraleja bera baitago zaharkiturik.